Marijane Minaberri idazlea hil da

Marijane Minaberri

Marijane Minaberri
Arg: Berria

Marijane Minaberri Bankan jaio zen, Nafarroa Beherean, 1926an, eta atzo hil zen, 90 urterekin. «Andereño» edo «Atalki» ezizenez ere ezaguna zen euskal idazlea. Irakaskuntzan zein idazkari lanetan ibili zen, baita aldizkari batzuetan kolaboratzaile bezala ere, eta kolaborazio hauen bitartez bere sorkuntza propioak argitaratzen hasi zen. 

Ama gaixotu zitzaion gaztea zelarik, eta bertan behera utzi zituen ikasketak; beranduago Baionan hasi zen irakasle lanetan.Irakaskuntzan aritu ondoren, Basque Eclair egunkarian ibili zen idazkari lanetan, eta zenbait kolaborazio ere egin zituen denboraldi batez. Lanean, bere ondoan izan zituen Eppherre kalonje zuberotarra, Joseph Camino Pan-pin haur-aldizkariaren sortzailea, Gexan Lantziri eta Jean Battitt Dirizar, besteak beste. 1975ean, Sud Quest-ek erosi zuen aldizkaria, eta egunkari horretarako lanean ibili zen Minaberri 1990ean erretiroa hartu zuen arte.

Marijane Minaberri
Arg: Euskonews

Euskarazko beste komunikabide batzuetan ere kolaboratu izan du, Herria, Gure Herria, Almanaka eta Pan-pin aldizkarietan. Horietan argitaratu ditu bere idazlan edo sorkuntza gehienak.

Irratian ere aritu da lanean, eta euskal irratigintzaren aintzindarietako bat kontsideratzen da. 1960an Parisko Irrati Nazionalak martxan jarri zuen Radio Côte Basque irratian ibili zen, euskarari tokitxo bat uzten zion irratian, Pantxo Etxezaharreta, Piarres Lartzabal eta beste batzuekin batera. Bertan, bertsolari saila hartu zuen bere gain, baita haurren txokoa eta entzuleen disko-eskaintza ere. Geroztik, Gure irratian eta Lapurdi irratian entzun ahal izan zen Bankako alabaren ahotsa.

Sorkuntza gaitasun handiko idazlea izan da, eta lan kopuru mardula utzi digu:

Haur eta gazte literatura

  • Puxka (2002, Gatu berdea)
  • Marijane Konta Zan! (1998, Elkar)
  • Ipuin azau bat (1998, Elkar) 21 ipuinez osatua dago.
  • Mitxiñ’en biurrikeriak : Miñiñi’ren gaixtakeriak (1964, Haize Garbia) Euskara batuan zein lapurteraz aurki daiteke. Gregorio Eppherreren eskutik frantsesera itzulia.
  • Ahatto bihotz beratcha (1963, Gure Herria)
  • Itchulingo anderea (1963, Goiztiri). 6 ipuin batzen ditu: Itchulingo anderea, Martxoko elurra, Oreinaren emaitza, Eñaut eta sagutxo, Altxalilien erregea eta Erregina gaztea.
  • Sagutxo ausarta : Sagü txipi atrebitia (1962, Haize Garbia) Euskaraz zein lapurteraz aurki daiteke. Gregorio Eppherreren eskutik frantsesera itzulia.
  • Sagutxo jakintsua : Sagü txipi jakintsia (1962, Haize Garbia) Euskaraz zein lapurteraz aurki daiteke.
  • Mari Gorri (1961, Gure Herria)

Poesia

  • Xoria kantari (1965, Ikas) 23 poemek osatutako liburua.

Antzerkia

  • Mokhor bat eta mokhor bi (1965)
  • Begietakoa (1965, Gure Herria)
  • Itxulingo anderea (1963, Goiztiri)
  • Amaño Kantua (1960, Gure Herria)
  • Esku miresgarria (1960, Gure Herria)
  • Eñaut eta sagutxo (1984, Santurtzi)
  • Haur antzerki (1983, BAK) Lan honek idazlearen 6 obra biltzen ditu: Joanes zirtzil, Manexen nahigabeak, Auzitegian, Marikitaren otoitza, Eri haundia eta Abereen eguberri.

Itzulpenak

  • Kerman arraina (2003, Gatuzain)
  • Peio ttipiaren abenturak : Peio eta laminak (1993, J&D) Marie Hélène Martensek idatzia.

Hiztegiak

  • Dictionnaire basque pour tous (1972-1975, Haize Garbia)
  • Grammaire basque pour tous (1978-1981, Haize Garbia)

Argia aldizkariko Mikel Asurmendik elkarrizketatu zuen 1997an, baita Euskonews-ek ere.

Marijane Minaberri
antzerkia, baiona, banka, euskal idazleak, euskal irratiak, euskara, haur literatura, hiztegia, irratia, itzulpenak, Marijane Minaberri, poesia

3 pentsamendu “Marijane Minaberri idazlea hil da”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude