Maddi Etxeberria: “Kontua da jendeak benetan uste duela bere ondoko mendien larreko behi horien haragia jaten duela”

Maddi Etxeberria  –

Maddi Etxeberria (1998) andoaindarrarekin izandako solasaldia dakarkizut hemen. Giza nutrizio eta dietetika ikasi eta hilabeteetara beganoa egin zen. Beganoegin blog eta Instagram kontuan nutrizio eta beganismoari buruzko dibulgazio lana eta errezetak partekatzen ditu. Berarekin kontu hauek eta gehiago sakontzeko aukera izan dugu.

Noiz utzi zenuen animali jatorrizko dieta alde batera?

Karrera irailean hasi banuen, abendurako beganoa nintzen. Egia esan, burrunba aurretik nuen eta behin karrerara iritsita ba, gehiago formatu eta gauzatu egin zen.

Maddi EtxeberriaNola formatu zinen?

Dokumentalak, artikuluak, Youtube, baina batez ere, eduki audiobisualetan aurkitu nituen erreferenteak. Izan ere, Euskal Herrian haragiak eta arrainak duten protagonismoa kontutan izanik, erreferenteak sareetan bilatzen dira.

Zein helbururekin ireki zenuen beganoegin kontua?

Inertziaz sortu nuen, pausua eman nuenean sare sozialetako kontuak jarraitzen hasi nintzen eta nik berdina egitea erabaki nuen. Gerora, helburu desberdinak jartzen joan naiz, eta konturatu naiz euskarazko falta hori ere bazegoela. Baina printzipioz, ez nuen helburu horrekin hasi.

Zaila da beganoekiko dauden aurreiritzien kontra etengabe ibiltzea? Are gehiago, zu nutrizio mundutik etorrita?

Egia esan suerte handia izan dut, oso prozesu naturala izan nuelako eta inguruan dudan jendeak errespetuz jokatzen duelako. Hala ere, egia da egun badudala karreran ez nuen diskurtso garatuagoa, baina ez dut hainbeste kritika jaso. Mexikon Erasmusen bizi nintzenean bai nabaritu nuen zailagoa zela ulertzea baina bestela, zorte handia izan dut.

Kulturak indar handia du, beganoa zarela esaten duzunean askotan jasotzen duzu “jo, nik ezingo nuke” eta horrelakoak. Nola ezin duzula? Jartzea da baina posible da

maddi etxeberriaZergatik ez da jendea beganoa?

Kulturak indar handia du, beganoa zarela esaten duzunean askotan jasotzen duzu “jo, nik ezingo nuke” eta horrelakoak. Nola ezin duzula? Jartzea da baina posible da, kontua da nahi izan behar dela. Askotan esaten da hiltegiek kristalezko paretak izango balituzte denok izango ginatekeela begano baina jendeak ez du ikusten edo ez du ikusi nahi. Eta hori da errealitatea. Gainera, Euskal Herrian baserri mundutik datozen asko dago eta ohiturak ere sartzen dira hor.

Nik bizitzen dudan situazio bat kontatuko dizut. Sagardotegira noan bakoitzean jendeak gaizki hartzen du nire menua: “nola da posible sagardotegi batean dugun bertako txuletarekin zuk tofua hartzea”?

Kontua da jendeak benetan uste duela bere ondoko mendien larreko behi horien haragia jaten duela, eta guk ordea Indiako currya. Baina, ez da egia, jendeak ez du ondoko larreko okela jaten, Estatu Batuetako edo Britainia Handiko hiltegi handi horiek ezin dira ahaztu. Baina marketin oso ona egin dute eta ez gara kontziente, baina bertakoa, ez da hain bertakoa.

Maddi Etxeberria: “kontua da jendeak benetan uste duela bere ondoko mendien larreko behi horien haragia jaten duela”

ZUZEUko erredakzioko kide

23 pentsamendu “Maddi Etxeberria: “Kontua da jendeak benetan uste duela bere ondoko mendien larreko behi horien haragia jaten duela””-ri buruz

  • Titularra ikusi eta pentsatu dut: “primeran, behingoagatik eztabaidarako parada ematen duen artikulu bat”. Irakurri eta: “ximaurrak idatziko balu, honelako zerbait”.
    Egitan artikulua titularrak dioenaren harira idatzia egongo balitz, atzerriko janari ekoizpenaren esklabu bizi garela, txalotzekoa litzateke, baina beste behin lagun bati eta zure ideologiari publizitatea egiteko erabili duzu, modu oso eskasean gainera. Jakin nahiko nuke ea inoiz Amaiak Zuzeuko iruzkinak irakurtzen dituen, demokrazia zale denez Zuzeuko herritarron iritzia jakiteko. Oh, baina, Zuzeuren promesa hautsiak: Informazioa, iritzia eta eztabaida. Batzuek eztabaida ez dute batere maite, haiek diotena hobestea tokatzen da eta punto.
    Arreta deitzeko erabili duzun ideia sano polita zitekeen elikadura subirautzaren, ekonomia lokalaren eta bertako produktuaren babesaren gainean eztabaidatzeko. Baina ez. Batzuk jaten omen dugun haragia ez da bistan daukadan larreko behiena, baina zuek jaten duzuen soja madarikatu hori ezta ere. “Kultura” oso indartsua omen da, baina hitz hori bera erabili nezake “zuek” sortu duzuen elikadura alternatibo horretarako, kapital eta babes handia daukan “kultura” (ez zarete jabetu, baina zuek ere sistema berdinaren kontsumitzaile zarete, baina beste merkatu esparru batean). Baserrietako “kulturari” errua bota baita ere, hiria baita askapenaren eremu jatorra, baina nik jaten ditudan barazki eta frutak ez datoz Bilbotik.
    Azkenik, ahaztu zaizue aipatzea zein arrazoi lituzkeen homo sapiens sapiens (abizena handi datorkigun arren) honek begano egiteko, are gehiago, homo sapiens sapiens askok arrautzak ematen dizkidaten oiloek bezain ongi bizitzea nahiko luketela zalantzarik ez daukadanean.
    Ondo izan.

  • Alabamako Unibertsitateko meta-analisi batek ondorioztatu zuenez begano eta begetarianoen osasun mentala haragia jaten dutenena baino eskasagoa da. Kontua da, sano ez daudenak begano/begetariano bihurtzen dira edo dieta horrek sortzen dizkie gabeziak???

    Dobersek , et al. “Meat and mental health: a systematic review of meat abstention and depression, anxiety, and related phenomena.” Critical Reviews in Food Science and Nutrition. 2020 Apr 20:1-14.

  • Maddi Etxeberria 2021-03-26 16:08

    Oso interesgarria diozuna, Orojale. Eta guztiz ados nago zure elikadura subirautzaren diskurtsoarekin. Kasu honetan, gainera, erabat aplikagarria iruditzen zait bai dieta orojale bat daraman pertsona batentzat, eta baita dieta begetariano bat daraman batentzat ere. Tofua kontsumitu daiteke, orojale batek Argentinako auskalo zein haragi (barkatu, ez naiz oso aditua gaian) puntualki kontsumitu dezakeen lez. Baina baditugu bertako produktuak, proteina iturri interesgarri direnak; hala nola Tolosako babarrunak, baba txikia edo ilarrak; gure herriko azoketan aurki ditzakegunak.Eta noski garela sistema bereko kontsumitzaileak; sistemak eskaria dagoen oro zukutzen baitu!

    Nik hiriaren eta askapenaren arteko loturarik ez dut egin, baina baserri munduko jende asko oso bizimodu tradizionaletik datorrela (eta tradizionalean dagoela) aitortu behar didazu, eta mundu tradizional horrek tupust egiten duela animalien explotazioarekin amaitu nahi dugunon diskurtsoarekin. Errealitate ezberdinetan haziak garelako, ziurrenik, baina baita balio ezberdinak ditugulako ere.

    Eta eboluzionismoaren diskurtsoari dagokionez, ez dakit zer erantzun. Garai hartan gizakiak ez zeukan erabaki hori hartzeko pribilegiorik. Zeren bai, nik animalia jatorriko elikagaiak ez jateko erabakia pribilegio batetik hartu dut, eta oso kontziente naiz horretaz. Elikatzeko nahikoa janari duen pertsona bat, egunero kilometro ugari egin behar dituena bere bazkaria arrantzatzeko/ehizatzeko/erosteko/trukatzeko. ez da zer jan nahi duen eta zer ez erabakitzen hasiko; hori argi dago.

    Eta ziur nago zure oiloak zoragarri bizi direla, eta nire kasuan (zeren jende askok ez du bat egingo nire iritziarekin) oso zilegi iruditzen zait arrautz horiek jatea. Baina onartuko didazu merkatuan dauden arrautz gehienen jatorria ez dela zure oiloak bezain ondo (ezta gutxiagorik ere) bizi den animalia talde batek emandako produktu bat.

    Elkar ulertuko dugulakoan, zoriontsu izan!

  • Maddi Etxeberria 2021-03-26 16:12

    Aupa Azeriya.

    Ziur nago meta-analisi horren sinesgarritasuna handia dela, baina artikuluan irakurri ahal izan dudan bezala, aztertu diren bi terminoak dieta eta osasun mentala dira. Eta denok dakigu osasuna multifaktoriala dela. Ondorioz, nahiko sinplistia iruditzen zait ondorio horiek ateratzea, euren jarduera fisikoaren maiztasuna, gaitasun soziala, deskantsua eta abar luze bat ebaluatu gabe.

    Ondo izan!

  • Graziana Goienetxe 2021-03-26 21:17

    A ber, a ber… sarreran Maddi Etxeberria giza nutrizio eta dietetika ikasi eta hilabeteetara beganoa egin zela idatzita dago. Gero lehengo galdera bere formazioari buruzkoan: “Dokumentalak, artikuluak, Youtube, baina batez ere, eduki audiobisualetan aurkitu nituen erreferenteak”.
    Beraz, ulertu behar da bere ikasketak dokumentalak, artikuluak, Youtube, baina batez ere, eduki audiobisualen bidez izan zela?

  • Ez zaitez graziosa jarri, Graziana.
    Ez zaitez jarri estupenda-estupenda-estupenda

    Zuk aipatu dituzun baliabide horiek gaur egun funtsezkoak dira edozein alorretan, bale. Horregatik ez epaitu edo gutxietsi edonor zur gustokoa ez delako.

  • Graziana Goienetxe 2021-03-27 07:28

    Zure iruzkina erabat justitfikatuta dago, Annelein, argi baitago zuri lobotomia praktikatu zizun neurozirujanoa gehienbat Youtube-ko tutorialekin ikasi zuela ofizioa.

  • Graziana Goienetxe 2021-03-27 07:35

    *neurozirujanoak

  • Maddi Etxeberria 2021-03-27 08:57

    Graziana, uste dut oso argi gelditzen dela beganismorako pausua eman nuela dokumentazio lan horren ostean, ez horren bidez graduatu naizela.

  • Graziana Goienetxe 2021-03-27 09:33

    Eta “dokumentazio lan horren ostean” jarrera pertsonal batera iritsi zinen eta orain jarrera horren proselitismo egin nahi duzu eta zilegi deritzot. Baina argi uzti beharko zenukete beganismoa sustatzen duzuela motibo etiko-erlijiosoengatik eta ez zientifikoengatik. Biologian aditua den bat zelibatoaren aldekoa bada, bere sinesmenengatik izango da, ez ebidentzia zientifikoak zelibatoa onuragarria dela dioelako.

  • Lesakako Basurdea 2021-03-27 11:31

    Hagitz ona, Graziana, zelibatoarekin egin duzun konparazioa.
    Beganoak elikaduraren “incel”-ak dira.

  • Papillonavirus 2021-03-27 13:28

    Goresmenak, Maddi. Eta animoa, zer beganismoa aipatzen den bakoitzean hamaikak eta bi entzun behar dira. Badirudi orojale askok iraindua sentitzen dutela beren burua. Zer egingo zaio, ba!
    Osterantzean, soja Gaskoinako Landetan ekoizten da; dilista ez askoz urrunago, txitxirio ekologikoa Castilla aldean; eta indaba…
    Denak sanoak eta goxoak.
    Zelibatoa? Aukera bat da eta, beno, papillonavirus baino hobeto.

  • Kontua ez da beganismoa bai beganismoa ez. Kontua da, beganismoa pregonatzen ari direnak besteak errudun sentiarazi nahi dituztela, eta ez hori bakarrik, legeak eta debekuak nahi dituztela. Ez dira euren beganismo hautuarekin konformatzen, ingurua aldatu nahi dute. Eta hori adibidez, haragijaleak ez du egiten eta ez da hor zehar pregonatzen joaten bera haragijalea denik, bere aukera beretzat egiten du eta punto.

  • Ez, Che, ez. Okelajaleak dira ingurua aldatzen dutenak, goitik behera eta ezker-eskuin:

    https://cdn.downtoearth.org.in/library/large/2019-04-29/0.58079900_1556527775_factsheet.jpg

  • Azkenaldian sekulako erauntsia dugu haragia jatearen kontra, munduko gaitz guztien sorburua berau. Baina ez dut kritika bakar bat ere entzuten Internet bidezko erosketen aurka, horrek suposatzen duen guztiarekin. Bitxia da benetan, oso bitxia. Zeren aurka jo behar den ere manipulatu egiten dute.

  • Herri honek erredentziorako joera toxiko bat pairatzen duela uste dut. Banago azpiratu-herri honek jasaniko trauma kolektiboaren adierazpen indibidualizatuak direla. Onarpen faltak, auto-gorroto eta erruduntasun-sentimenduek gure buruen kontrako oldarraldietara garamate, halabeharrez pairatu beharreko penitentzietatik penitentzietara, eta beganismoa zigor horietako bat da, lehenago kristau aszesia zena. Finean, guztiagatik sentitu behar errudun: okela jaten dugulako, gure haurrak atzerritarrez beteriko eskoletan nahi ez ditugulako, nahikoa proletalgoak ez garelako, baserritarrak basatiegiak omen direlako, gure arbasoek baleak ehizatzen zituztelako eta abar.
    Beren buruaz harro diren herri eta norbanakoek beren burua onartzen dute, beren alde argi eta ilunekin, hori da zinezko osasuna.

  • Peru_Gabiriko 2021-03-29 12:18

    Egurra:

    Uler daiteke/dezaket hein batean zer diozun. Gure sintomatologia deskribatzen duzu zeure iruzkinean. Halere, zera esango nizuke:
    Egurra ematea aise da, eta sintomei buruz jardutea ere bai. Kontua da ea zein den zure ustez gure barneko-gaitz freudiano honen sendabide aproposa (etorkizunari begira, esan nahi dut).

    Pozik irakurriko nuke zure proposamena

  • Begira… gure aurrekoei entzun izan diet, baserrian haragia oso gutxitan izaten zela, astean behin edo. Urtea pasatzeko txerriren bat hazi etxeko zaborrekin elikatuz, eta familia handiak zirenez, urte osoan haragi askorik jan gabe ibili behar. Priduktuak, ahal dela etxekoak eta bestela herriko dendan. Orduan ez zekiten zer zen Km0, beganismoa eta mila kontzeptu. Baina guk baino hobeto egiten zuten dena. Orain terminologia asko, sektarismo ugari, besteen bizimodua aldatu nahia, gorrotoa soberan… eta ezer fundamenturizkorik ez. Baserriko produktuak azokan saltzen ditut. Lehen ez zen horrelako terminologiarik, batzuk supermerjatura joaten ziren erostera eta beste batzuk azokan erosten zuten. Orain sekulako Km0 eta gerrilari pila ahoa berotuta, azokara etorri eta “hau horrela egin behar da, beste hau horrela…” dena aginduak eta antolamendua… emaitza: azokan egon behar duen baserritarrari urteko kuota berria, lehen esistitzen ez zena. Hori bai, trukean azokak LOGO eko berria du! Hori aurrerapena! Okerrena gazteak dira: sektarioak, lanik egin ez baina agindu asko eta bazterrak nahasten espezialistak… sekulako erauntsia. Hau ere pasako da, hurrena zer erauntsi ote dator?!

  • Asiseko Frantzisko 2021-03-30 12:26

    Haragijaleek ustelduak dituzue barrenak, bai arimari bai gorputzari dagokionean.

  • Peru_Gabiriko 2021-03-30 20:30

    Ba ni “haragijalista” naiz,

    Goiko zeruak gorde dezala / luzaro ene arima.

  • Honezkero, gakoa ez datza begetariano, begano, makrobio edo orojale izatean, baizik eta jaki sanoak, naturalak, ez prozesatuak edo ultra-prozesatuak izatean, ez plastikotan sartuak, jakiarena usaina (artifizialki lortua) baino ez daukatenak, baina EZ DIRENAK BENETAN JAKI.
    Berdin da soja edo haragi izan. Nekez aurki daiteke pozoitua ez denik: arsenioa arrozean, landare transgenikoak, nekazaritza eta ganaderia “intentsiboa”…

    Kapitalismoak dena bihurtu du zabor-jaki, bejetalak nahiz animaliak (urak eta lurrak barne).

    Giza genoma %0,02 baizik ez omen da aldatu milioka urtetan, baina gure elikadura bai aldatu dela ZEHARO azken ehun urteotan ere. Nork lezakeen jan gure amatxi/aitatxien kalitate-mailarekin.
    Eta orain salbuespen izanik sukaldatzea bera ere…
    Zelan aurkitu jaki sanoa eta prezio irisgarrian, honetan ere ELITISMOAN jausi barik?
    Hor zegok kontua. Gero has gaitezke dieta orekatuaz, proteinez eta abar hitz egiten.

  • Alpargatero 2021-04-07 12:50

    Ez gutxietsi beganoen indarra eta inposizio-gaitasuna; Bill Gates ere beren alde dute-eta! Ni seguru nago haragia jateko lehen debekuen lekuko izango naizela (Jainkoak lagun) hil baino lehen, eta jadanik ez naiz hain gaztea, e?!

  • Alpargatero 2021-04-07 12:53

    Josu, hemen ere kapitalismoa aipatu behar! Oso ondo gogoratzen dut nire amonaren harridura egunero arrautzak jateko moduan zegoelako, txikitan urrearen prezioan zegoen elikagai bat, eta zer eta kapitalismoari esker! Ikusi behar zen zer trebetasun eta pozarekin egiten zuen patata-tortilla bat gauero gauero afaltzeko…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude