[Kafe Aleak] Luistxo Fernandezek The Smiths

[Kafe Aleak] Luistxo Fernandezek The Smiths –

[Kafe Aleak] Luistxo Fernandezek The Smiths.

The Smiths

“Hatful Of Hollow” (Rough Trade, 1984)

.

Eskuak ugatz-guruinetan

Gogoan dut C-60 bat izan zela. Nola ez. Pirateria analogiko zaharraren misterio hauek ondo deskribatu ditu Zalduak “Biodiskografiak” liburu berrian (2011, Erein); kantu izenak punta fineko arkatzarekin idaztearen zergatiak, adibidez. Relleno-aren kontua ere azaltzen du Zalduak. Disko grabaketarako formaturik arruntena zen C-60, alegia, hirurogei minutuko kasetea, eta ohikoa zen zuk ematea grabatzaileari diskoa eta grabatzaileak, bere borondatez, LParen soinuak betetzen ez zuen zatia osatzen zizun bere gustuaren araberako beste zerbaitekin, zuk preseski eskatu zenionaz aparteko zerbait, apropos estilo desberdinekoa ere sarri… Bazuen mistika polit bat hark. Kantu bat ere badut gogoan, baina gogoan bakarrik, ez baitut haren berririk beste inon aurkitu, ez Google ez kristo, eta pentsatzen hasia nago amestua ote den: ce-sesenta izena zuen kantu bat, eta neure aburuz, Donosti Sound esaten zioten estilotxo hartako talderen batek jotzen zuen… Ce-sesenta, ce-sesenta, ya no eres virgen, ya no eres pura…

[Kafe Aleak] Luistxo Fernandezek The SmithsHarira. C-60 hura pasatu nion beraz Epelderi edo Osorori.  Alzelai ere biltzen zen tratuetan, eta haren bidez beste hura… ez naiz gogoratzen, Ugarte deituko diot, Casablancako trafikantea bezala. Baina nik uste dut Epeldek grabatu zidala The Smithsen “Hatful of Hollow”. Modan zeuden eta haien berri jakin nahi nuen. Bada, Epeldek disko hau zeukan eta halaxe izan zen hau The Smithsen lehenengoa niretzat. Eta sorpresa izan zen eman zidanean C-60 hura bueltan han ez zegoela rellenorik. Izatez, B aldea kantu eder-eder baten erdian amaitzen zen. “Fifteen minutes with you, I wouldn’t…” STOP. Hamabost minutu zurekin eta gero zer? Disko hark 60 minutu baino gehiago irauten zituen! Sekula ikusi gabekoa zen hori. Izan ere, errekopilazio bat zen, baina taldea sortu berritan egina eta kantu errepikatu birkonposatuekin ere (Peel Sessions batzuk tartean), bitxikeria, harrokeria…

Nolanahi ere, berehala kapturatu nituen C-60 hartakoak. Gaurko egunera arte, Morrisseyren bakarkako istorioaren jarraitzaile ere banaiz eta. 18-19 urte nituen orduan, The Smithsekiko maitemintze zoro hark harrapatu ninduenean. Mutil patetikoa nintzen. Tira, teenager kategorian nengoen oraindik, etimologia ingelesari jarraiki, baina 18 urterekin adin nagusiko bihurtzen zarela suposatzen da, ez jada hain nerabe-nerabe, baizik eta, gazte edo. Ba post-nerabe patetikoa nintzen, guztiz, suposatzen dut…

Eta ataka hartan, zenbat lagundu zidan musika hark. Neure ingeles apurrarekin dezifratzen nituen kantuen puska partzial gordin haiek… Kantu bat amaitzen da “you will leave me behind, you will leave me behind”, atzean utziko nauzu… eta beste bat berriz amaitzen da, “I’ll probably never see you again, I’ll probably never see you again”, ez zaitut seguruenik berriz ikusiko. Eta ez nekien zer esan nahi zuen hark guztiak, egia gordinak zirela bakarrik. Beste kantuetan ere pusketak baizik ez nituen ulertzen, erraietatik sortutako haiku pop bortitzak.

  • “And everybody’s got to live their life / and God knows I’ve got to live mine”  denok dugu bizitza bizitzeko eskubidea / eta Jainkoak daki nik neurea bizi behar dudala
  • “Oh the devil will find work for idle hands to do”  oh deabruak aurkituko du lanik esku alferrentzako
  • “William, it was really nothing”  Guille, ez zen benetan ezer…
  • “He said “return the ring” / he knows so much about these things”  eraztuna itzultzeko esan zuen / hainbeste daki gauza hauetaz
  • “I was looking for a job / and then I found a job / and heaven knows I’m miserable now”  lan bila nenbilen / eta lana aurkitu nuen / eta zeruak daki miserablea naizela orain
  • “The dream is gone / but the baby is real”  Ametsa amaitu da / baina haurtxoa benetakoa da
  • “Does the body rule the mind / or does the mind rule the body?”  Gorputzak agintzen du buruan / ala buruak gorputzean?
  • “Please, please, please / let me, let me, let me”  mesedez mesedez mesedez / utzi, utzi, utzi… (tira, hau 60 minutuetan ez zen kabitu! Hilabeteen buruan ezagutu nuen, beranduegi, modu aski sintomatikoan kantuaren gaia kontuan hartuta)

Hainbeste bueltarekin, ingelesa ere hobetu nuen, eta ez gutxi. Baina beste gauza bat izan zen neure irakasgai nagusia, disko hark eta The Smithsek eman zidaten argia: nor izateko beste bide bat bazegoela ikasi nuen nik Morrisseyren poesian eta rock melodramatikoan. Inguruko eredu matxote kirolzale panparroi hartatik haratago bazegoela anbiguoago agertuta gizon jokatzerik, bruto bat izan barik sentiberatasunez gaiztakeria lantzerik, frakaso txiki baina krudelen hondarrean inteligentziaren garaipen ironikoa (intimoki beharbada) dastatzerik. Eta irakaspen horietatik, hazi, nor izan, norberaren bidea egin. Urteak igaro dira eta seme pre-nerabe bat dut. Hauskor eta deseroso nabari dut urte zail hauen atarian. Topatuko ahal du argi bat nik disko hartan ikusi nuenaren parekoa. “There is a light…” beste disko batekoa da hori, barkatu.

Bizitzak buelta asko ematen ditu. Ustekabekoak ere bai, eta bihotzarekin ikasi duzunak balio dizula jakingo duzu orduan. Gertatu daiteke 20-25 urte igarota zita bat izatea igande gau batean eta zaudela, bezerorik ez apenas, Donostiako Be-bopen, 80ko musika maite duen DJ batekin eta The Smiths jartzen ari dela, behin eta berriro, eta kanta guztiak dakizkizu eta abesten eta antzezten dituzu gladioloak bazenitu bezala bakeroen atzeko poltsikoan eta orduan, “Handsome Devil” jartzen du kabroi horrek. Bai, debekatua beharko luke, baina “Handsome Devil” jartzea legala da nonbait. Eta une horretan, “let me get my hands on your…” bai, badakit ez dela esaten titiak, esaten da bularrak, baina hori ere ez da, politori, ez bular eta ez titi monina, “let me get my hands on yout mammary glands”, eta ez didazu konbentzituko Euskaltermek ugatz-guruin esaten diolako horri ze, ez, ezin dut ebitatu eta glandula mamarioetan jarri behar dizkizut eskuak, ya-lo-kreo, “oh you handsome devil”.

.

Luistxo Fernandez (Eibar, 1966) blogaria

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Luistxo Fernandezek / Luistxo Fernandezek / Luistxo Fernandezek / Luistxo Fernandezek
diskoak, Kafe Aleak, Luistxo Fernandez, musika, proposamena, The Smiths

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude