Lekeitioko harresiko atariak

kopia-Txiki.-Blog

Lekeitio, 1325ean sortu zenetik, harresi batek inguratzen zuen.Harresi hori hedatzen eta indartzen joan zen, hiribildua hasten joan zen neurri berean. Harresiak XVI. mendean sei atari zituen kanpora begira; eta beste bik, XV. mendeko suaren kontrako harresia zeharkatzen zuten. Arku guztiek bere ataria zuten sarrailarekin, eta gauez itxi egiten ziren.

1718ko matxinada sasoian, esaterako, hiribilduak erasoak jasateko zuen arriskuen aurrean, ate berriak egin ziren, zaharrak egoera oso kaskarrean baitzeuden. Horrez gainera, gogor eta sendo eutsi zen Zumaseta ataria, eta kanoiak ipini ziren Atea eta Apallua atarietan.

Harresia eta atarietako arkuak, denboraren eraginez, hondatzen joan ziren; eta konpontze- eta mantentze-lanak egiten baziren ere, zaharkituak geratu ziren eta erabilezinak. Horregatik eta haien egitekoa ez zelako beharrezkoa, 1829 eta 1888 urteen artean, zoritxarrez, guztiak bota zituzten lurrera, Astilleroko ataria izan ezik, XVIII. mende hasieran bota baitzuten.

Harresiko atariak izen ezberdinez ezagutzen ziren: dela herritarrek erabiltzen zuten izena, dela harresi bakoitzak zuen nitxoan jarritako irudiarena, edo dela besteren bat, kasu batzuetan.

Portal de Atea – Portal Viejo – Portal de Zavala – Portal de la Esperanza. Zaharrena da eta lurrera bota zen lehena. Ziurrenik nitxo bat zuen, Esperantzaren irudiarekin. Gaur eguneko Dendari kalearen amaieran zegoen, 47 eta 52 zenbakietako eraikinen artean. Kontzejuak, 1829an, lurrera botatzea erabaki zuen, haren egoera arriskutsua zelako oinezkoen joan-etorrietarako eta gurdien pasua oztopatzen zuelako.

Portal de Zumaseta ? Portal de Yturrioz. Gaur eguneko Artolaba eta Tortola kaleak batzen diren tokian aurkitzen zen, gaur eguneko Zumatzeta kalearen aurrean. 1884an bota zuten lurrera, Paskual Abaroa etorbidearen eraikuntzaren lehen fasean.

Portal de Apallua ? Portal de la Piedad. Gaur egun Gallo tabernaren eta Euskadiko Kutxaren artean dagoen kantoia ixten zuen. Nitxo bat zuen Kristo Pietatekoarekin. 1536an Marina de Irlanda auzokoak argia pizten zion gauero. 1832ko azaroan, udalak lurrera botatzea erabaki zuen, guztiz hondatuta zegoelako.

Portal de Arranegui – Portal de San Pedro ? Portal de Nuestra Señora del Buen Viaje. Narea kalea 2ko atzeko fatxadaren eta Arranegiko zabala 3ko eraikinaren artean zegoen. Nitxo bat zuen San Pedroren irudiarekin. 1888an bota zuten lurrera. Casto de Zabala arkitektoak egin zuen lurreratzeko proiektua. Arranegiko arkuan zegoen San Pedroren irudia gaur egun dagoen tokian ipini zuten, Kofradia Zaharreko eraikinean.

Portal de Guzurmendia – Portal del Astillero. Atari hau gaur egun udaletxera Arranegi kaletik sartzeko dagoen arkuan zegoen. Handik hondartzara edo ontziolara jaisten zen, non ontziak eraikitzen baitziren. Atari hau XVIII. mendearen hasieran desagertu zen, kontzeju berria eraikitzen hasi baino lehen.

Portal de Elexatea. Santa Maria elizako dorrearen hegoaldeko fatxadara lotuta zegoen. Hain zen estua eta altua, ezen Parrokiaren eta etxearen artean zegoen plazatxoa erabat iluntzen zuen. Horregatik agindu zen lurreratzea, baita oso zail egiten zelako prozesioetako santuen irudiak bertatik pasatzea.

Portal de San Nicolás Tolentino – Piperren-portalia. Barruko edo suaren kontrako harresia zeharkatzen zuen. Arranegi kalean zegoen, Azpiri kalea 2ko atzeko fatxadaren eta Arranegi kalea 6ko eraikinaren artean. Udalak 1832an atari hau lurreratzea erabaki zuen, herriko prozesioetako santuen irudiak pasatzea oztopatu, eta hiribilduko trantsitu handieneko kalea iluntzen zuelako.

Portal de la Trinidad. Gaur eguneko Trinitate kalean zegoen, 2 eta 9ko eraikinen artean. Suaren kontrako harresia zeharkatzen zuen bigarren ataria zen. Nitxo bat zuen Trinitatearen irudiarekin. 1832 eta 1833 urteen artean lurreratu zen; eta han zegoen irudia hormara lotutako nitxo batean gorde zen. Hortxe iraun zuen 1994ko urtera arte, berritzea erabaki zen urtera arte. Trinitate hau XVI. mendeko alabastro ingeles bat da. Gaur egun jatorrizko irudia, berriztu ondoren, ikusgai dago Santa Maria elizako Santa Ana kaperan. Haren irudia zegoen tokian erretxinazko kopia bat ipini da.

Iñaki Madariaga Valle

Lekeitio, Ondare monumentala

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude