3D eta Kinect teknologiak: zaharrak berri

3d zaharra pelikula

Sarritan saldu nahi dena gustagarri egitean dago negozioaren gakoa, ez alderantziz. Horren erakusle azken hilabeteetan saldu nahi dizkiguten bi “berrikuntza” teknologiko: 3D eta Kinect. Astoa txukundu eta zaldia saldu ote digute?

Oraingoan ere ziria sartu dietela usteko dute zinemara 3D pelikularen bat ikustera joan direnek, baita Microsoften Xbox kontsolarako Kinect aparailua erosi duten 10 milioiek ere.

Ziria prezioek gora egin dutelako: 3D pelikulak betikoak baino are garestiagoak dira eta Kinect aparailuak berriz Xbox 360 kontsolaz gain 100 euro xahutzera behartzen du. Merezi al dute esperientzia horiek prezio igoera?

3Dren amaiera al dator?” galdera ere mahai gainean da Avatar estreinatu eta bi urtera. Kinect-ek, ostera, hobetze bidean dela dirudi azken E3 erakusketan joko berriak iragarri dituzte eta.

Gainditzeko zailak diren arazoak

  • 3D: Betaurrekoak janztea ez da erosoa eta pelikula bat ikustean uneoro begiak atera beharrean izatea ez da zertan gustagarria izan behar.

Teknologia hau aurretik ere eskuragarria izan zen eta porrota edo arrakasta iragankorra besterik ez zuen bizi izan.

  • Kinect: Espazio zabala behar da eta bideojokoetan ari denak nahiago izan dezake etzanda jolastea tente baino.

1993an Sega Meda Drive kontsolak oraingo Kinecten antzeko proposamena kaleratu zuen. Finean berdina da: gure gorputz mugimenduekin jolastea.

Non da irudimena?

Esan bezala, teknologiak garatuagoak badira ere aspaldi aurkeztutako proposamenak eskaintzen dituzte 3D pelikulek eta Kinectek. Arazoak ere berberak dira, ez hainbeste teknologiak huts egiten duelako baizik eta eroso ez zaizkigunak saldu dizkigutelako.

Hala ere, eta aurretik izandako porrotak ahaztuko balituzte bezala, teknologia zaharrak dotoretu eta asto edertua saldu nahi digute berriz ere, baita lortu ere. Ikusteko dago, ordea, ea noiz arte luzatuko den 3Dren (betaurreko gabeko teknologia ere martxan da) eta Kinecten merkatu-arrakasta. Ez litzateke harritzekoa 2030ean ahaztuta genuen astoa berriz luxuz jantzi eta erakusleihoan topatzea.

Astoa saltzen trebeak dira…

2 pentsamendu “3D eta Kinect teknologiak: zaharrak berri”-ri buruz

  • Bi gai horiek izan ditut hizpide Elhuyar aldizkariko ekaina eta uztaileko zenbakietan, Kinect ekainekoan (http://www.zientzia.net/artikulua.asp?Artik_kod=15669) eta 3D teknologiak uztailekoan (argitaratu gabe momentuz), baina zurea baino ikuspegi optimistagoarekin, Kinect-arekin behintzat…

    Kinect-ari dagokionez, nire ustez guztiz iraultzailea da. Bideojokoetatik harago, beste esparru batzuetan kristoren arrakasta izaten ari da. Atzeranzko ingeniaritzaren bidez driver libreak atera zirenetik, hainbat ikerketa-arlotan asko erabiltzen ari da (robotika, ikusmen artifiziala…), eta etorkizunean ordenagailuekiko interfaze gisa ere gero eta gehiago erabiliko dela iruditzen zait, Windows-en hurrengo bertsioak driver-ak integratuta ekarriko baititu eta garatzaileentzako SDK-a atera baitute.

    3D-ari dagokionez, zinemaz haratago, ordenagailuetara eta gailu mugikorretara jauzia ere ematen ari da teknologia hori: pantaila autoestereoskopikoa (betaurreko beharrik ez dutenak) eta 3D-n grabatzeko kamerak dituzten modeloak ateratzen ari dira, eta etorkizun hurbilean gehiago aterako direla ziur. Hala ere, zuk bezala, nik ere zalantza dut iraultza ekarriko duen edo zerbait iragankorra izango den… Baina aukerak ikusten dizkiot, bideokonferentziarako adibidez.

  • Kinect-arekin ikertzaileak egiten ari direna eta bestelako “hack” ikusgarriak, estekatutako Elhuyar aldizkariaren artikuluaz gain, helbide honetan aurki daitezke ehunka: http://kinecthacks.net/