[Lekaioak III] Balizko errotan, irinik ez

Balizko errotan, irinik ez –

“Balizko errotan, irinik ez”, dio esaera zaharrak. Aurreko atalean artoa izan genuen hizpide, eta artotik irina atera nahi bada, baleko eta ez balizko errota da behar dena. Horregatik bisitatu zuten Lekaio Kultur Elkarteko adiskideek, duela zenbait urte, Gabiriko (Goierri, Gipuzkoa) Igeribar baserriko errota.

Lekaiokoek erakusketa bat antolatzen zuten urtean behin Urretxun; baina egun bakarreko agerraldi haren atzean urte osoko lana zegoen. Urte batean artoa erein zuten eta bere inguruko lanketa sakona egin. Berez, errota artoaren atalean sartu beharko litzateke, baina baditu aski mami, hiztegi eta jira-bira sarrera bat egiteko.

Atal honetan, bereziki, errotaren inguruko hiztegian eta Igeribar baserriko grabazioan zentratuko gara, Joxe Kruz Baztarrikaren azalpenak entzunez.


Etxean gordetako garia eta artoa zakuetan sartu eta errotara eramaten zen. Astoa erabiltzen zen lan horretarako, eta normalean, etxeko txikienak ere joan ohi ziren; astoak ederki ezagutzen du eta etxerako bidea.

Aldaparo: erreketako ura jasotzeko erabiltzen den ur-biltegia. Ur horrek mugituko du ondoren errota.

Jakia: Errota-harria pikatzeko erabiltzen den mailua.

Bujarda: Harria lantzeko, eta kasu honetan, lazteko erabiltzen den mailua.

Pikatu: Errota-harriek dituzten arrastoak nabarmentzeari deitzen zaio, baita harriaren azala lazteari ere.

Ganbara: Errotaren zatia. Arto-alea edo gari-alea bertara botatzen da.

Katilu:  (Errotaren zatia) ganbararen azpian dagoen ontzia, alea neurrian botatzeko balio duena.

Usillo: (Errotaren zatia) Garbaratik katilura bitartean dagoen tresna, horrekin ale gehiago edo gutxiago pasatzen utziko du errotariak.

Tranka:  (Errotaren zatia) errota-harrian den egur batek jo eta katilutik alea botarazten duen gailua.

Musagea: (Errotaren zatia) errotaren ardatza eta harria lotzeko erabiltzen den tresna.

Ardatza: (Errotaren zatia) errota-harria giraka jartzen duen tresna.

Sestran ipini: Errotako bi harriak neurri berberan nibelatzeari deitzen zaio. Hala behar dute harriek: neurri berean eta elkar ukitu gabe, bestela, harria xehatuko luke errotak. Zenbat eta harriak hurbilago izan, orduan eta irin finagoa egiten zen. Hor nabari zen errotaria ona zen ala ez.

Sagar-zirik: Ardatzaren eta harriarena artean sartzen ziren egur-zatiak. Ardatza berotu egiten zen, eta harria ez apurtzeko, hezetasun puntu bat zuen egurra komeni zen, tinta modukoa zuena. Horregatik erabiltzen zen sagarrondoa.

Turtukoia: (Errotaren zatia) urak mugiarazten duen gurpila. Katilu batzuk ditu uraren indarra erabiliz, ardatza mugiarazteko.

Idarmahai:  (Errotaren zatia) turtukoia kokatzen den egurra.

Errotariak ehotutako irinetik zati bat hartzen zuen. Irin horrekin egingo zen, ondoren, aste guztirako ogia.

Urte beltzak ere izan ziren garai hartan. Estraperlo-garaian ez zuten uzten errotetan garirik  ehotzen, eta hainbat baserritar inguruko errotetara joan ohi zen ezkutuan ehotzera. Herritarrak ere ez ziren hobeto ibili. Trena hartu eta Nafarroara joaten ziren gari bila. Etxera hurbildu ahala, poltsa treneko leihotik bota eta gauean itzultzen ziren zakutxo haren bila. Zenbait herritarrek dioen moduan, Francok ederki erakutsi zion belaunaldi hari bizimodua aurrera ateratzen.

Errota-zaku: Gainerako zakuak baino handiagoa den eta ehunez eginiko zakuari deitzen zaio.

Errota-soka: Astoari zakuak lotzeko erabiltzen zen soka. Normalean artilez egina izaten zen.

Eho: Iyo. Errotan garia xehatzeari deitzen zaio, aletik irina ateratzeari, hain zuzen.

Zahi: zai. Eho ondoren irinarekin nahasturik gertatzen den ale-azal xehatua.

Bahe: baiya. Hondarrak, harriak, aleak… eralkitzeko erabiltzen den zulo txikiko tresna.

Galbahe: galbaiya. Hondarrak, harriak, aleak… eralkitzeko erabiltzen den zulo txikiko bahea.

Mutura: muturia. sin lakaiña, laka. Errotariak lanaren truke jasotzen zuen zatia. Ehotutakoaren %10a izan ohi zen. Ez zuten ospe handirik errotariek. Baserritarrek dioten moduan: eztao errotarik  zerun!

Imilaun: imillaun. Gutxi gora-behera hiru kilo neurtzeko erabiltzen zen.

Imi erdiko: Sei kilo adinako neurriari deitzen zitzaion.

Imia: imiya. anega baten laurdena.

Anega erdi: Anega beten erdia, gutxi gora behera hogeita bi kilo.

Anega: aneiya. Laboreen eta lurreko beste zenbait emaitzen ohizko neurria. Gutxi gorabehera 45/48 kilotara iristen  dena.
Balizko errotan, irinik ez“… neurriya ba, txikiñetik asiko gea, txikiña imillauna. Imillauna ebaltze zan babentzako. Orrek artze zittun iru kilo eo ola. Eta imillaunan urrengo eongo zan imi erdikua esate zana. Eta imi erdikua izingo zan ba sei kilo o ola. Eta gero, imiya. Orrek amabi kilo izango zittun. Lau imikiñ aneia, ta aneaerdikua esate zitzakona, bi imi eitte zona…”

Ogia etxean egiten zen. Errotatik ekarritako irinari, aurreko oretik gordetako legami-zatia gehitzen zitzaion ore berria egiteko. Ur epela, gatza, berantzagia eta irina behar ziren ogia egiteko. Aste osorako, gutxi gora-behera, hamar bat ogi egiten ziren, nahiz eta gehiago ere egin zitezkeen.

Etxeko txikienek ere irin horrekin egindako ahia hartzen zuten. Ezinbesteko langintza zen, beraz.

Ore-mahai: oomaiya. Ogia oratzeko erabiltzen den mahai aproposa.

Berantzagi: beantzaiya. sin. Leamiya. Azken ogi-oretik hartzen den zatia. Hurrengo ogi-orea egiteko erabiltzen dena.

Labe-su: Ogia egiteari deitzen zitzaion labe-sua egitea.

Apelai handi / txiki: apelai aundiya/txikiya. Labeko sua banatzeko edo ateratzeko erabiltzen den tresna.

Intsusa-erratz: Labeko hautsa garbitzeko egiten intxusa erabiliz egiten  zen erratza.

Ogi zuri: gari-irinez egindako ogia.

Ogi beltz:sin. Nahaskiya. gari-irina eta zahia dituen ogia.

Ahi: aiya. Irina, esnea eta azukrea nahastus egiten den jakia. Haurrak hazteko erabili ohi zen.

Arto-irina erabiliz hainbat produktu egiten ziren. Jada ezagunak diren taloak, morokila eta arto errea ziren etxerako erabiltzen zirenak. Zaperoa eta zukua ganaduarentzat izaten ziren.

Ore-mahai: oomaiya. Ogia oratzeko balio duen mahai aproposa.

Galbahe: galbaiya. Hondarrak, harriak, aleak… eralkitzeko erabiltzen den zulo txikiko bahea.

Arto: arto-irina erabilita egiten den ogia. Gari batean aza-hostoetan bilduta egiten zen. Aza-hostoei esker irinez egindako orea ez zen labe-zoruan eransten. Ogia bezalatsu egiten da, baina, hark ez bezala, artoak ez du legamirik behar.

“… zuk talaburniya jartze ezu labeko aten, da talaburnin gañen azia, aza ostro bat. Ta gero masia, arto masia, ori massia nola biunagoa iziten dan, ba ari eusteko bestela peau eingo litzake labezorun…”
“… zopak ein mee-mee, kafesnei zopak eitten zako ba kutxillokiñ! Ba mee-mee zopak ein fuente batea, esnia eositta irakitteko puntun, aura bota esneta, ta berriz irakiñ eraiñ. Ogiriñ pittin-pittin bat botatze baziozun, sendogua ateatze zan, ta gozua!…”

Morokil: uretan arto-itina biraka-biraka egosiz egiten den nahaste bigun lodia.
“… Zuk kazuelan o lapikon ipini zu uya, beotu ta bestekiñ eraiñ. Aek eta bere tamaiñan lodittu arte. Bee tamaiñan loditze zanen, utzi eosten. Ta zeak, mookillak, beeti goora puslok ertetze zion. Tamaiña batea etortze zanen, etaa sutatik ta ozten utzi. Ori geatzen zan ba guriña esaten dan bezela, flana esaten dan bezela goortuta. Artu kotxarekiñ andik, katillura bota esne berota, an biundu ta…”

Talo: arto-irinez egindako opil antzeko jaki zapal biribila.
“… talok eitteko normalen ool bat, eta ool orren gaiñen zapi bat. Besta batzuk bate bae eitten due, iriñ pixkaat bota eta masia zean gañen zabaldu. Talapalia esate zakona, aen gaiñen zabaldu talua. Gero artu ta plast! Talaburnira bota. Talua ondo eitteko, beeti gora arrotu ein bear do, ta geo buelta eman…”

Talaburni: taloak egiteko erabiltzen den metalezko plantxa.

Talapala: arto-irinarekin egindako orea zabaltzeko erabiltzen den ohola.

Zapero: oiloentzako jana, arto xehatua erabiliz egiten dena.

Zuku: txerrientzako pentsua. Artirina eta arbi egosia erabiliz egiten dena.
“… Arbiya eosi, arbi egosi orri artiriña naastu, ta ori izaten zan zukuba. Txerrin pentsua ori izete zan…”

Balizko errotan, irinik ez

Balizko errotan, irinik ez
Balizko errotan, irinik ez
Balizko errotan, irinik ez
Balizko errotan, irinik ez

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.