[Lekaioak II] Artoa, goldez eta moldez

Artoa, goldez eta moldez –

Lekaioa buila bat da, baina ez edozein motatako ohiua, baizik eta, zehazki, laguntza eskatzeko egiten den garrasia. Lekaio Kultur Elkarteak ibilbide luzea dauka Urretxu eta Zumarragan, eta horretan dihardu: ohartarazten. Hortxe daudela gure hizkuntza eta gure munduan galtzera doazen hitzak eta lanbideak. Hiltzen den zahar euskaldun bakoitza erretzen den liburutegi bat dela, ez bada transmisioa lana bermatzen.

Artoa, goldez eta moldez

Baliteke batenbatek ez jakitea oraindik, baina artoaren izen zientifikoa Zea Mays da; seguru gehienok elikatu zarela honekin, ahotik zein belarrietatik. Munduan gehien landatzen den zereala omen da, eta XV. mende amaieran ekarri zuten Hego Amerikatik. Artoaren etorrerak asko aldatu zuen baserrietako bizitza, baita arkitektura bera ere; eta nola ez, hiztegi bat sortu bere inguruan.

Bada esaera zahar bat gurean artoak eta gariak zein garrantzi izan zuten adierazten duena:
“Gariak artoari esan omen zion:
Ni bezelako landara emankorrik ez da izango!
Artoaren erantzuna:
Ni naizen lekun ez da goserik izango!”

Inork pentsa dezake gariak egin zuela gogorrago gosearen aurka. Ez luke arrazoirik faltako. Dena den, euskaldunoi geure artean geneukan komertzio harreman normalizatuari arantzelak ezarri eta estraperlora behartu gintuztenean, debeku zorrotzagoa ezarri omen zitzaion gariari artoari baino. Agian horrek azalduko luke esaera horren zentzua.

Artoak balio du ogia egiteko, taloak, azukrea, animalien bazkarako, olioa egiteko, baita bourbon edota whiskey bezalako edarietan osagai gisa baliatzeko. Baratzan babarrunaren laguna da, elkarri mesede egiten diote.

Artoa

Artoa, goldez eta moldez

Arbia egin ondoren egiten zen artoa. Apirila aldera arbia egindako soroak goldatzen ziren, eta lurraren egoeraren arabera, molde batera edo bestera egiten zen artoa. Hona hemen artoaren lanketarekin zerikusia duten hainbat hitz:

LURRA

  • Golde:goldia. ildoak eginez lurrak lantzeko balio duen nekazaritzako tresna.
  • Golde txiki: goldatxikiya. ildoak eginez lurrak lantzeko balio duen nekazaritzako tresna.
  • Alper-are: alperraria. Goldatutako lurrak xehatzeko erabiltzen den tresna.
  • Alper-hesi: alperresiya. Goldatutako eta aretutako lurrak xehatzeko erabiltzen zen tresna.
    “… Alperra esaten gendiun, alperresiya. Leendabiziko lurra lantzen gendun, alperraria esaten gendiun ; eta arekin berdindu ta aziya bota, ta geo aratu. Aria pasau eta sokortsu géatzen bazan, alperresiya pasau, autsa eitteko, pixkaat mámitzeko…”
  • Laia: laiya. Lurrari buelta emateko tresna.
  • Hanka biko: ankabikua. Lurrari buelta emateko aitzurraren tamainako tresna.
  • Marko: lurraren gainean, ondoren artoa landatzeko arrastoak egiteko erabiltzen zen tresna.
    “… ori eitte gendun leor urten, udaberri leorra etorri, goldau, ebíik ez eiñ eta lurra ziaro leorra. Ordun aura leorren txikitzea kóstatze zan! Krixton lana ématen tzon. Normaalen iru pasara ematen bazendun, ba lau o bost. Eta ain leorra zela eote zan, ordun eitte zan, karo, aurreago botatako arto ori azal samarren geatu ezkio, ba, aura etzan érnetzen; ordun, ori garantiori aukitzeko markokiñ arrastua ein, eta artalia, esku batekin alia bota, eta besten ziriikin aura estutu lurren beera. Da ankeekiñ atzea arrasto aura berdindu, da karo, aura zela barrua sartze zan, ba beiyan umedade pixkaat izaten tzon eltzeko…”
  • Ziri: ziriya. Artalea lur barruan sartzeko erabiltzen zen tresna. Markoarekin batera erabiltzen zen
  • Artoa sartzeko makina: artoa eta baba batera landatzeko erabiltzen zen tresna.
  • Arbel: landatzeko lurraren muga, harri mota.
  • Buztin: lur-mota.
    “…lábratzen ebaltzen dianak e, buztiña esaten deu, baiño bueno, buztiña orik azpin daukie.Buztiña beiyan.Goldék ebaltzen dona, tíratzen don ortan or eztao zeaik, buztiñik. Gertatzen dana da, goldea or e ba, oetabost zentimetrotatik ba oetamar zentimetro bitarteaor ebaltzen da. Tontor samar oetan iya arbela arrapatzen do, ori da arbelan mugia. Lur astunetan, oetamar goldauatik oindio igual eukoittu hamabost eo hogei zentimetro.”
  • Lur mehe: lur meiya. Lur-mota. Arbelaren eta landatzeko lurraren arteko muga estua duena.
  • Lur astun: lur-mota. Artoa ereiteko lur egokia da, sakonean hezetasuna duelako.
  • Lurberri: luberriya. Sorotarako erabili izan ez den lurra, soro bihurtzea.
    “… Lubérriya da ba, gaur iya eztao lurberrik.Basua re bai lurberri! Zeati len-len soro ebaltzen zianak, lábratzen zianak artontzako ta garintzako ta arbintzanko zelaiyak, ortaz gaiñea ba baso pusketak soro kontra tarten arbolak kendu, ta aura soro biurtu.Lur berriya ori zan. Eta baitta sáasti zaarrak e, len saasti zianak, belardiya saasti, ba saarra zaartu zan garaiyan ba ya etzon ématen, saar ori kendu, lur ori berriz ázalak danak, belarrazal danak bittu, ta erreturia esaten zitzakon, erre…”
  • Zohi: zoiya. Laiarekin buelta emandako lur-zatia.
  • Zokor: sokor. goldea eta area pasatutakoan geratzen diren lur-pusketak.
  • Zokormazo: sokormazo. Baratzeetan zokorrak puskatzeko erabiltzen den tresna.
  • Pagotxa: arbiarekin batera ereiten zen landarea. Alpaparen tankerakoa da eta ganaduari ematen zaio.
  • Zopizartu: baratzeetan zein soro bazterretan dauden belarrak kentzeari deitzen zaio.
  • Erretura: zopizartutako belarrekin egindako sua.
  • Anduaga belar: anduagabedarra. Artasailean sortzen den belar gaiztoa.

LANDAKETA

Artoa, goldez eta moldez
Artasoroa Igartubeiti baserrian, Ezkion, Gipuzkoa

Goian esan bezala, artoa ereiterakoan lurraren egoerak zuen garrantzi handia. Udaberria euritsua izanez gero, purran botatzen zen arto alea. Bestalde, udaberria lehorra zenean markoa erabiliz landatzen zuten:
“… gero, goldatu ondoren úrrungo izite zan alperraria. Arekin pixkaat zoiya berdindu, eta lurra umedadekin ondo baldin bazeon, artua bótatzen gendun purran eskuukin. Gero eitten tzan aura aretu, aréekin eta pasára bat gutxi bazon, bi pasára eman aréekiñ, eta bestela pasára bat aréekiñ eman, eta alperrakin bestia, sokortsu samar géatze bazan. Lurrak ze gírotan arrapatze zon zan dana…”

  • Artale: artoaren alea, garaua.
  • Lore: arto-landareari puntan ateratzen zaizkion adartxoak.
  • Arto-punta: sin. (Loria)
  • Maila: artapuntak edo loreak izaten dituen atalak.
  • Arto-lasto: artalastua. Arto-landareak dituen hostoak.
  • Artaburu: artalandareak ematen duen garauz beteriko burua.
  • Buru: sin. Artaburua
  • Buru-ezpal: osatu gabeko artaburuari deitzen zaio.
  • Arto-bizar: artaburuak puntan izaten dituen ile edo bizar modukoei deitzen zaie. Gaztetan malutan bildu eta erre egiten zituzten.
  • Arto-maluta: artaburua biltzen duten hostoak. Garai batean koltxoiak egiteko erabiltzen ziren.
    Arto-zuritze:artazuitze. Artoari malutak kentzea.
  • Aiñua: artoari burua atera beharrean perretxiko moduko bola bat sortzen zaio. Gutxi batzuk izaten dira arto sailean.
  • Harjo: arjua. Artoa, heltzear denean, harrak jotzeari deitzen zaio.
  • Kortoloiya: ongarri modukoa zen. Etxeko atarian egiten zena.
    “… Kórtoloiya eitten zan artalastookiñ. Basarrittan e gaur eztao ori, ta eakustia eztao samurra.Ementxe bi etxen erdiñ eitte gendun pillia. Ataiyan ordun, gaur eztao lokatzik, ordun lokatzia! Emen ataiyan oola lodi e!Eta eitten zan ba, lur ori batu atxurrakin eta pilla bat ein, eta artalastua ori, bota lur ori gaiñea, ta ba ori normaalen izaten tzan ba otubren, nobiembren, dizienbren erdialdearte eo ola. Ori urrengo udaberrin, urrengo maietzeako, artalasto ori iyaustelduta zeon lurráakiñ. Kargau gurdira ta, an tómatek, kortoloiyan tómatekipini; tomate landaria sartu…”
  • Arto-sail: artasailla . Artoa landatuta dagoen lur eremua.
  • Artasoro: artasoua sin. Artasailla.
  • Purran bota: artalea eskuz botata ereitekoa moduari esaten zaio. Harrika bota (sin)
  • Harrika bota: artalea eskuz botata ereitekoa moduari esaten zaio. Purran bota (sin)
  • Jorrai: artoa jorratzeko erabiltzen den aitzur txikia
  • Jorratu: ereinda dauden soroetatik aitzurka belar txarrak kentzea.
  • Jorra: jorraldiari deitzen zaio.

BILKETA

Urriaren hasieran artoa ebaki eta jaso egiten zen. Horretarako igitaiak erabiltzen zituzten. Arto hori bildu eta baserrietako ganbaretan zabaltzen zen lehortu zedin. Urrian jasotako artaburuak aletzerako Santa Lutzi eguna ere ailegatzen zen.
“…artua iittaiyakin bitzen zan. Aindunakin ta beste segaittaiya esaten diouna re bai, bik. Bildu ta leran kargau ta etxea. Ta geo ba illuntzen, e errosarioa errezazuz artok zurittu…”

  • Hagindun igitai: landareak ebakitzeko balio duen aho makurrezko tresna girtenduna. Altzairuzkoa zen eta segaittaiak ez bezala hortzak zituen. Askoz ere azkarrago apurtzen zen harriren bat harrapatuz gero.
  • Sega-igitai: segáittaiyà. Landareak ebakitzeko balio duen aho makurrezko tresna girtenduna.
  • Lera: zerbait toki batetik bestera lurrean zehar tatarrez eramateko erabiltzen den tresna.
  • Ganbara: baserrietan sabaiean egon ohi den lekua.
  • Ogi-labe: ogia egiteko erabiltzen den labea
  • Eskuare: giderra eta muturrean langatxo horzdun bat dituelarik, batez ere belarra biltzeko erabiltzen den lanabesa.
  • Lau-hortza: lau hortz dituen sardea.
  • Aletu: artaburuari aleak kentzea
  • Kaskara: aletutako artaburuari deitzen zaio.
  • Espartzuzko kanpaza: hazitarako artoa gordetzeko erabiltzen zen ontzia.
Artoa, goldez eta moldez
Arg: Euskonews
Artoa, goldez eta moldez
artoa, baserria, Esaera zaharrak, goldez eta moldez, hitz zaharrak, Hiztegi, lehen sektorea, lekaioa, lekaioak, nekazaritza
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “[Lekaioak II] Artoa, goldez eta moldez”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude