[Kurdistan VI] Kazetaritza artazi turkiarrean saltoka

Kazetaritza artazi turkiarrean saltoka –

Iñaki Etaio (Bakur-rerako Euskal delegazioaren kidea; 2018ko udaberria)

Bakur (Kurdistango iparra, Estatu turkoaren okupaziopean) bisitatzeak eta pertsona eta erakunde politiko eta sozial askorekin mintzatzeak herri honen errealitatera hurbiltzea ahalbidetzen du. Hara heldu berri izandako lehenengo sentsazioa, egunetan zehar eta elkarrizketa formal zien informaletan zehar berresten dena, honako hau da: herri kurdua existitu nahi ez duten herria da.

Kazetaritza Bakur-ren. Artazi turkiarrean saltoka

Erregimen turkiarrean ezkerretik eta herri kurduaren alde egindako ekimen politikoa arrisku aktibitatea bada, gauza bera esan daiteke Ankararen politikaren aurrean kazetari kritiko bezala aritzeari buruz. Estatu batean non, Estatu espainiarrean bezala, komunikabide gehienak ez dute sistema kritikatzen, ez bada azaletik, kazetaritza independente eta konprometituak bere arrisku dosia dauka ere, are gehiago Kurdistanetik egiten bada.

Jin News-eko Amed-eko egoitzara egindako bisitak kazetari independenteek lan egin behar duten baldintzak erakutsi zigun ordu eskas batean. Jin News 2012an sortutako eta emakumeek kudeatutako online komunikabide bat da, non genero ikuspegia eta emakumeen kontrako zapalketa mota ezberdinen salaketa  oso presente dauden. Horregatik erregimen kontserbadore eta patriarkalaren jomugan daude, emakumeen askapenak bere proiektu erreakzionarioa eztabaidan jartzen baitu. Komunikabide honen egoitza ia 20 solairuzko eraikin baten apartamendu bat da. Identifikazio-seinalerik ezak, azkar sartzeko eta irteteko argibideak eta itxigailu batzuetako ate blindatuak langileen eguneroko lana bere testuinguruan kokatzen dute. Komentatzen digutenez, informatzaileentzako urte gogorrenak 90. hamarkadakoak izan ziren. Momentu horretan Estatu turkoaren errepresioa kurdu kutsua zeukan denaren aurka gupidagabekoa izan zen. Hogei kazetari baino gehiago hil zituzten errepresio irekiaren garai horretan. Gaur egun, informatzaileen ezabapen fisikoa ohikoa ez bada ere, komunikabideen jazarpena, itotze ekonomikoa edota itxiera zuzena, baita kazetarien prozesatzea eta kartzelaratzea ere erabilitako prozedurak dira. Izan ere, 2018ko urtarrilean 245 ziren espetxeratutako kazetariak, Stockholm Center for Freedom erakundearen arabera. Hori guztia populazio turkiarraren gehiengoan sakon sartzen den kriminalizazio-kanpainan kokatuta. Terrorismoaren propaganda egitea, hirutik hamabirako espetxe-urte dakarrena, kazetaritza kurdua isiltzen saiatzeko gehien erabiltzen den akusazioa da. Egin, Egunkaria eta Ardi Beltzaren itxierak eta euskal komunikabide batzuen langileen jazarpena aipatzen diegunean, ezagutzen zutela erantzuten digute.

Guztiok esertzeko lekurik ez zegoen gela txiki batean, informatzaile kurduek azaldu ziguten ejertzito turkiarrak eta jihadista taldeek Afrin-en kontra burututako ofentsiban 200 bat kazetari atxilotuak izan zirela eraso horretaz informatzeagatik. Esan ohi da gerran lehenengo biktima egia dela. Honetan ere, erregimen turkoak ez zuen nahi lekuko deserosorik suntsitutako zonaldetik. Bakarrik turkiar ikurra duten balkoiei eta umea besopean duten soldaduei argazkiak ateratzen dizkieten kazetari otzanak.

Informazioaren profesionalek aurre egin behar dioten beste oztopo bat gobernuak kazetari-kredentzialak ukatzea da, lanbide honetara gehitu nahi duten pertsona berrien lana nabarmenki zailtzen duena. Kontatu zigutenez, akreditaziorik gabe informatzeko lanetan ibiltzeak espetxean bukatzea suposatzen du sarri, momentuan gainean izandako materiala galtzeaz gain. Kexa honekin batera beste ardura bat, kritikarekin nahastua: Europako kideengandik jasotako elkartasun urria.

Kazetaritza artazi turkiarrean saltoka
Dayîkên A?îtîyê-rekin topaketa, Estatuaren errepresioak eraildakoen senitartekoak.

Kasu batzuetan informazioaren aurkako presioa eta zentsura irrigarri izateraino heltzen dira. Wikipedia-rako sarrera blokeatuta zegoela esan zigutenean, konprobatu behar izan genuen, ikusteko, benetan, horrela zela. Hain “arriskutsua” den horrelako web orrialdeak sarrera ezindua bazuen, gauza bera gertatu behar zuen eduki politikoagoak dauzkaten beste web-ekin. Izan ere, Kurdistani buruzko edukiak dauzkaten hizkuntza ezberdinetako web orrialdeak blokeatuta zeuden ere.

Kazetari taldearekin izandako bileraren ostean, bertsio ofizialarekin bat ez datorren edota bakearen eta elkar-ulermenaren alde egiten duen edozein testigantza isiltzeko saiakera ikusi ahal izan genuen berriz. Dayîkên A?îtîyê (Bakearen aldeko amak) taldearen hamar kiderekin haietako baten etxean izandako topaketa hunkigarria izan zen. Emakume guztiek senitartekoren bat galdu zuten gatazkan. Beren zapi zuria buruan eta beren testigantzaren lasaitasun eta indarrarekin, Maiatzaren Enparantzaren amak eta amonak gogorarazten dituzte. Izan ere, haiekin kointziditu dute Zapiak Historiarako (2015) dokumentalean, Nora Cortiñas-ekin batera parte hartuz.

Afrin-en kontrako ofentsiba basatiaren eta eragindako biktimen deskribapen etsi baten ostean abisua heldu zen: poliziaren tanketa bat eta kalez jantzitako polizia batzuk eraikinaren azpian itxoiten ari ziren. Agur azkarraren ostean eskailerak jaitsi genituen, gure zain zegoen minibusean segituan sartzeko argibideak jasota. Baina alferrik izan zen. Poliziak gure bila joanak ziren eta ataritik atera bezain pronto haietako baten galdera motzak heldu ziren, ingelesez. Gure lagun kurdu baten bitartekaritzaren ostean eta polizia batek mugikorrarekin gure pasaporte guztiei argazkiak atera ondoren, joan ahal izan genuen.

“Hau ohikoa da” komentatu ziguten lagunek. Jabetuak ginen horretaz. Jazarpena eta zentsura bezain ohikoa.

Kazetaritza artazi turkiarrean saltoka
Kazetaritza artazi turkiarrean saltoka
Kazetaritza artazi turkiarrean saltoka
adierazpen askatasuna, amed, bakur, informazioa, kazetaritza, Kazetaritza artazi turkiarrean saltoka, kurrdistan, Turkia
Iñaki Etaio

Internazionalista. Askapenako kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude