Lander Varona eta Alfred Sesma: “Sorpresa izan da haurren tailer batean bikoiztutako filma merkaturatu ahal izatea”

Lander Varona eta Alfred Sesma: “Sorpresa izan da … –

Donostiako Giza Eskubideen Jaialdiaren azken edizioan txikienek ‘Tximinoen izarra’ filmaren proiekzioarekin gozatzeko aukera izan zuten, Gaztefilm Fest-en egindako tailer baten bidez euskararatutako filma. Lantegiko zuzendari Lander Varonarekin eta Pack Màgic banaketa-enpresako Alfred Sesmarekin hitz egin dugu, film hau bikoizteko ideia nola sortu zen eta azken emaitzaren balantzea azal diezaguten.

Nola erabaki zenuten ‘Tximinoen izarra’ filma bikoiztea?

Lander Varona eta Alfred Sesma: “Sorpresa izan da haurren tailer batean bikoiztutako filma merkaturatu ahal izatea”Lander: Jaialdiak berak oso izaera parte-hartzailea du. Bertan haurrek programatu egiten dute, epaimahaikide dira… eta antolakuntzak hasieratik eskatu zigun, lehen ediziotik, bikoizketa-tailerra egitea. Jatorrizko bertsioaren alde egiten dugu beti, baina arazoa adin-tarte gazteenarekin sortzen da, 3 urtetik 9ra, ezin baitute azpititulurik irakurri eta lanak bikoiztea behar dutelako. Txikienei edukia euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzeko beharra ikusi genuen, eta bikoizketak egiten hasi ginen. Hasieran, zuzenean egiten ziren, eta gure asmoa txikiek jaialdian ahalik eta gehien parte hartzea denez, beraiek proiektuan sartzea interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen. Duela 3-4 urte hasi ginen aretoan bikoizketa egiten, eta pixkanaka prozesua profesionalizatzen joan gara, hobeto egiten, eta grabatzeko aukera ere izan dugu, aurten ‘Tximinoen izarra’ filmarekin gertatu den bezala.

Alfred: Filma euskaratzeko ideia jaialdiarena da. Aurten film osoa bikoiztea proposatu ziguten, eta ideia bikaina iruditu zitzaigun, nahiz eta merkaturatzeko asmorik ez genuen. Gero egiaztatu genuen bikoizketa oso ondo geratu zela, lan zoragarria egin zutela eta zinemetara eraman zitekeela Euskadiko haur guztiek euskarazko filmaz gozatzeko aukera izan zezaten. Jakina, meritua jaialdiarena da. Guk, banatzaile gisa, pelikula polit bat aukeratu eta hura ekartzeko ahalegina egin dugu, baina bikoiztearen meritua, eta hain ondo gainera, jaialdiarena da.

Beraz, emaitza ikusi ondoren filma banatzea erabaki zenuten, ezta?

Alfred: Zalantzarik gabe. Tailerraren ideia azaldu zigutenean, oso polita izango zela ikusi genuen, baina ez zegoen horrekin ibilbide komertzialik egiteko asmorik. Beraz, sorpresa handia izan zen tailerrak hain ondo funtzionatzea eta emaitza hain ona lortzea.

Nolatan erabaki zenuten bikoizketa grabatzea?

Lander: Bikoizketa bizirik mantendu nahi izan dugu beti, eta aurten ere hala egiten jarraitu dugu, baina aurten film gehiago eskaini ditugunez eta Xanti Salbadorrekin profesionalki ‘Tximinoen izarra’ bikoizteko aukera izan dugunez, animatu egin gara.

Zer balorazio egiten duzue tailerraz eta bikoizketaren emaitzaz?

Lander: Oso positiboa izan da, urtetik urtera prozesutik ikasten ari garela ikusten dugu, eta bikoizketek geroz eta pisu handiagoa dute jaialdian. Ilusio handia egiten digu haurrak tartean sartzeak eta proiektua eurena dela sentitzeak. Haien bilakaera ikusteko aukera dugu eta egiten dutenarekin seguruago sentitzen direla nabari da; aldaketak proposatzera ere animatzen dira. Gainera, aurten, estudio profesionaletara joan ahal izan gara, eta hori parte-hartzaileentzako oso aukera polita izan da. Oso atsegina da; ikasten eta hazten jarraitu nahi dugu.

Meritu bikoitza du, haurrek gauzatu dutelako…

Alfred: Hala da, askoz meritu handiagoa du horregatik, baita ekimena beste xede batzuk dituen jaialdi batetik bultzatzen dutelako ere. Oso ondo egin dute, profesionalekin eta zorroztasunez, eta hori funtsezkoa da gero mundu guztiari eskaini ahal izateko. Inork ez du bikoizketa txar bat barkatuko tailer batean egina dagoelako, eta, gainera, ez du zertan horrela izan. Areto batera doan ikusleak filmaz gozatu behar du, ondo egina dagoela sentituz. Ikusleei ez diegu eskatzen tailer batean bikoiztutako film bat ikustea, baizik eta oso ondo egindako lan bat.

Gainera, taldearekiko lotura berezia sortzen da, ezta?

Lander: Zalantzarik gabe, parte-hartzaileen eta haien gurasoen konplizitate eta inplikazio handia dago, haiek baitira proiektuan sinesten dutenak eta gazteak parte hartzera animatzen dituztenak. Haurrentzako eta gazteentzako jaialdi bat izanik, polita da ikustea tailerretan parte hartzen hasi ziren txikiek hurrengo edizioetan ere esku hartzen jarraitzen dutela. Horrelako ekimenei esker, haurrak zinemarekin konektatzea lortzen dugu.

Zer ibilbide izango du orain filmak?

Alfred: Lana mugitzen hasi gara. Duela hilabete batzuk aurkeztu zen jaialdian, eta Donostiako Giza Eskubideen Jaialdian estreinatu zen ofizialki. Gero, hainbat zinematan eskainiko dugu. Zaila da areto komertzialetara joatea, baina programatzaile-zirkuitua oso interesgarria izan daiteke.

Plataformaren batera iristea pentsatu al duzue?

Alfred: Filmin-en ikusgai egongo da, seguru. Gainerakoetan zabaldu ahal izatea ere gustatuko litzaiguke, baina haien esku dago.

Pac Màgic-i dagokionez, film honekin lortutako emaitza ona ikusita, hurrengo urteetan bikoizketa-mota hori egiteko asmorik ba al duzue?

Alfred: Zalantzarik gabe. Asmoa, gogoa eta aukerak hor daude. Orain film eta une egokiak aurkitzea dagokigu, baina hori ere ez dago gure esku, ez baikara ekoizleak.

Lander Varona eta Alfred Sesma: “Sorpresa izan da haurren tailer batean bikoiztutako filma merkaturatu ahal izatea”

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.