Joanikot, gure historiarekin zita

Joanikot, gure historiarekin zita –

Duela zenbait aste jaso genuen berria, eta gaurkoa ez da egun txarra oroitarazteko etzidamu nafarrok zita esanguratsu bat daukagula gure historiarekin; gure herriaren konkistaren beste atal bat ezagutze aldera, baita berau posible egin zuten anai-arreben arteko borrokez.

Altzai-Lakarriko herritarrek aurtengo udan antzeztutako ‘Joanikot pastorala’ Iruñeko Baluarte antzokian eskainiko da. Bertan Arberoako Joan, Joanikot,  eta Oztako Maia bikotearen istorioa kontatuko da.

  • Irailaren 10ean, Iruñeko Baluarte antzokian
  • Goizeko 10:00etan karrika-ingurua (Frantziako ataria, Carmen karrika, Redin Karrika, San Jose Plaza, Curia Karrika, Mercaderes karrika, Udal plaza)
  • Goizeko 11:00etan Pastorala Baluarten
  • Sarrerak 5 euro (www.baluarte.com)

Baina nor zen Joanikot?

Sarean topatu ditudan azalpen guztien artean, Joseba Aurkenerena irakasle eta idazlearena da aberatsenetako bat. Zati bat soilik erreskatatuko dut, Joanikoten ingurukoa; osorik Kazetan daukazu.


Joanikot, gure historiarekin zita
Argazkia: Christian Ugarte

Joan edo Joanikot Arberoako baxenafarra zen, Nafarroako Erresumako militarra, kapitain graduaziokoa, eta politikoki beaumondarren bandoan kokaturik zena. Oztako Maiarekin ezkondua zen eta Zangozako merindadeko Tebas herrian bizi ziren. 

XVI. mendea arras nahasia izan zen Nafarroako Erresumarako, eta agaramontarren eta beaumondarren arteko gerlak eta liskarrak etengabeak izan ziren. Beaumondarrek ez zuten Albretarren agintea gogoz onartzen, eta beraz, haien aldeko aldaketa bat atzeman nahian, 1512an gaztelar eta aragoitarren armadarekin bat egin zuten. Ez zuten inoiz pentsatu arrotzak gelditzeko etorriak zirenik, haien faboreko aldaketa bat egiteko baizik.

Horregatik, Joanikot Arberoakoa beaumondarrekin batera borrokatu zen Katalina erreginaren armadaren aurka, eskuz esku inbaditzaileekin batera. Katalina Foixeko eta Joan Albreteko erregina-erregeek Iruñetik alde egin behar izan zuten, Nafarroa Beherera hasieran, eta Biarnora gero. Nafarroa armada eta gobernatzaile arrotzen menpean geratu zelarik, Joanikot Tebasera itzuli zen emaztearekin batera.

1516an, Nafarroako errege-erreginak Nafarroa askatzeko saioa egin zuten. Ordurako denek garbi zeukaten, baita beaumondarrek ere,  hura inbasio bat zela eta gaztelarrek ez zutela inolako asmorik erresumatik alde egiteko eta gobernua beaumondarren eskuetan uzteko. Horregatik beaumondar anitz gerlan parte hartu gabe gelditu ziren, horien artean, Joanikot kapitaina. Saioak porrot egin zuen, eta espainiarren mendekua ikaragarria izan zen: atxiloketak, torturak, hilketak, etxe eta ondasunen ebastea…  Beaumondar batzuek agaramontarrekin bat egin zuten, eta 1521ean,  Katalina eta Joanen seme zen Henrike IIak Nafarroa askatzeko antolatu zuen saioan parte hartu zuten, baita Joanikot kapitainak ere.

Joanikot, gure historiarekin zita
Argazkia: Christian Ugarte

1521eko maiatzaren 9an, Asparrots jeneralaren agindupeko armada nafar-frantsesa Aturri ibaia zeharkatuz Nafarroa Beherera sartu zen. Osora 12.000 soldaduz osaturiko armada zen. Maiatzaren 13an Garaziko zitadelan gotorturiko espainiarrak errenditu ziren. Maiatzaren 16an iruindarrak altxatu ziren eta espainiarren armarri eta banderak lokatzetan arrastaka paseatu zituzten. Nafarren aholkuei muzin eginez, frantses tropek Logroñora jo zuten eta hor espainiarrek sekulako zafraldia eman zieten. Hortik gibelera eginez, Nafarroako Erresumara itzuli ziren, espainiar armada izugarri handia gibeletik zekartela. 1521eko ekainaren 30ean Nafarroako armada eta frantses aliatuak alde batetik eta Espainiako armada bestetik, arrez aurre aritu ziren Noainen, izugarrizko gatazka odoltsuan. Hango zelaiak hildakoz beterik geratu ziren eta garai hartan Europan boteretsuen zen espainiar armadak Nafarroa osoa birkonkistatzeari ekin zion sekulako krudelkeriaz, gizonak torturatuz eta erailez, etxeak eta soroak errez, emakumeak bortxatuz, etxeak hustuz eta ebatsiz…

Joanikot, Garaziko gazteluko alkaide izendaturik, gotorlekuaren defentsarako prestatu zen. Espainiarrek kanoien indarraz gaztelua hartu zuten, nafarren artean 300 bat hildako eraginez, eta Joan kapitaina preso harturik Iruñera eraman zuten. Han sasi-epaiketa batean heriotza-zigorra eman zioten. 1522ko uztailaren 26an Iruñeko karriketatik barna eraman zuten arrastaka era guztietako umilazioak eginez, eta gero urkatu zuten. Ondoren gorpua aizkorakadez laurdenkatu zuten. Burua urkamendiko pikan ezarri zuten erakusgai eta gorputzaren zatiak Iruñeko lau ate nagusietan. Espainiarrek horrela ospatu zuten inbasioaren garaipena. “


Joana Etxartek idatzi du pastorala, eta udako emankizunak Xiberoko Botza irratiak grabatu eta sarera igo zituen.

Kanaldudek prestaketen inguruko bideoa egin zuen, eta bertan Etxart bera mintzo da sortu duen obraz.

Joanikot, gure historiarekin zita
Argazkia: Christian Ugarte
Joanikot, gure historiarekin zita  Joanikot, gure historiarekin zita
1512, 1512-2012, arberoako joan, gure historiarekin zita, joana etxart, Joanikot, konkista, Nafarroako Erresuma, Nafarroaren konkista, oztako maia, pastorala, xiberoa, Zuberoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude