Joanes Amenduze Tafallan preso

Joanes Amenduze Tafallan preso –

Badira hainbat pertsonaia gure historiara txiripaz pasatu direnak, eta horietako bat dugu Joanes Amenduze iruindarra, 1540an euskaldunon hiri buruzagian sortua. Eta txiripaz diot, guztiz ezezaguna zelako 1963. urtera arte. Urte hartan Jose Goñi Gaztanbide historialari eta artxibozainak haren euskarazko olerki bat aurkitu baitzuen Nafarroako Artxibo Nagusiaren paper zaharren artean. Jose Maria Satrustegi apaiz euskaltzaleak transkribatu zuen eta BASP aldizkarian  plazaratu zuen lehen aldiz. Orduz geroztik hamaika ikerketa egin dira olerki horren inguruan, Jabier Sainz Pezonagak 2005ean egin zuena (Hemen natza ortzirik. Joan Amenduzekoaren epitafioa 1568. Edizio kritikoa) famatuenetako eta sakonenetakoa delarik. Ikerketa horrekin Sainz Pezonagak Antso Jakituna Fundazioaren VIII. unibertsitate mailako ikerketa lehiaketa irabazi zuen.

Joanes Amenduze Tafallan preso
Joanes Amenduzek eskuz idatzi olerkia

1.- Joanes Amenduzeren biografia laburra

Jose Maria Jimeno Juriok egin ikerketei esker, olerkari iruindar honen inguruko datu biografikoak ezagutzen ditugu. Horratx!

Lehen aipatu bezala, Joanes (edo Joan) Amenduze Iruñean sortu zen 1540. urtean. Haren gurasoak Migel Amenduze eta Mari Migel Garro izan ziren. Aita zirujaua zen, XVI. mendearen lehen urteetan Iruñean finkatu zena. Iduriz, bai aita eta bai ama, baxenafar jatorrizkoak ziren. Aitaren jatorria Amikuzekoa zen, Amenduze herrikoa, hain zuzen, eta familia horrek gobernatu zuen luzaz bertan den eihera edo errota, gaur Jean-Claude Malharinek gobernatzen duena.

Aitaren lanbideari esker, familiak bizimodu erosoa zuen Iruñean, baina Joanesek sei urte zituenean, aita hil zen, eta hurrengo urtean ama hil zitzaion. Zazpi urterekin umezurtz izanik, aitatxiren zaintzapean gelditu zen hasiera batean, eta geroago, Joan Oses kusin edo lehengusuarenean. Orduz geroztik, Joan Oses izan zen Joan Amenduze haurraren tutore eta ondasun kudeatzailea.

Joan Oses lanbidez zirujaua zen Erriberako Valtierra herrian, eta Joanes haurra berekin bizitzera eraman zuen. Joanesek Tuterako eskolan egin zituen ikasketak, eta hamalau urterekin, lehengusu tutoreak Zaragozara bidali zuen lanbide bat ikas zezan. Eritasun bat zela eta, ikasketak utzi behar izan zituen eta Erriberara itzuli. Sevillan eta Flandrian ibili ondoren, Iruñean finkatu zen mertzeria bat zabaltzeko asmotan. Ondasun kudeatzaile berri gisa Lope Etxebeltz hartu zuen. Mertzeria zabaltzeko diru-mailegu bat eskatu zuen, baina Lope Etxebeltzen kudeaketa txarra zela eta, ezin izan zuen mailegua espero zuen bezala ordaindu, eta orduan maileguan bermatzaile gisa hartu zuen Antton Garro osabak epaitegietan salatu zuen. Hori dela eta, 1567ko otsailetik irailera arteko denboraldian preso izan zen, oso baldintza txarretan, Tafallako eta Iruñeko kartzeletan.

Handik atera bezain laster, auzibidean ezarri zituen bere herentziaren administratzaile edo kudeatzaile izandako Joan Oses eta Lope Etxebeltz. Auzia hamar urtez luzatu bazen ere, azkenean, 1580ko urtarrilaren lehen egunetan epaileek arrazoia eman zioten. Tamalez, hilabete bat beranduago, otsailaren 12an, hil zen, berrogei urte zituela.

Joanes Amenduze Tafallan preso
Jean-Claude Malharin Amenduzeko eihera gibelean duela.

2.- Joanes Amenduzeren olerkia

1963an Jose Goñi Gaztanbidek aurkitutako olerkia eskuz idatzirik dago, eta hainbat adituren ustez, elegia modukoa da. Olerki honetan, kartzelan jasandakoa aipatzen du. Batzuren irudikoz, Tafallako kartzelan preso zegoela idatzi zuen, baina badira ere geroago, kartzelatik kanpo zela, idatzi zuela defendatzen dutenak. Barroko hurbilaren topikoak agertzen dira aipatu olerkian, plazera eta heriotzaren arteko talka, esate baterako. Dena den, arras autobiografikoa dela erran beharra daukagu. Ikus dezagun segidan jatorrizko testua, Jose Maria Satrustegik transkribatu zuen bezala:

 

Hemen natza ortzirik, noizbait gozo eritzirik,

erioak uste gabe dolorezki egotzirik,

ene anima Jangoikoagana beldurreki partiturik,

lagun gabe bide luzean peril asko pasaturik,

honak eta ho[n]rrak bertan mu[n]duak edekirik,

plazerak azkeno atsekabe biurturik.

Haideak eta adiskideak, artez gutiz atzendurik,

ikuste[n di]tut itsusirik, arretxe guzia deseginik,

argi gabe illunbetan, hustel eta kirasturik.

Nigar begi bapederak bere aldiaz oroiturik,

neork ere izanen eztu ni[k] eztudan partidurik.

Ene anima duzuen gomendatu garitatez mobiturik,

     zarraizkidate gero bertan itzok ongi notaturik

Josafate[n] baturen gara judizion elkarreki;

bitarteo lo dagigun, bakea dela guzieki.

 

Eta segidan, olerki bera gaurko euskara batuaz, Jabier Sainz Pezonagak bere ikerketan eman bezala:

 

Hemen natza ehortzirik, noizbait gozo eritzirik,

Herioak uste gabe dolorezki egotzirik,

ene anima Jangoikoagana beldurrekin partiturik,

lagun gabe bide luzean peril asko pasaturik,

onak eta honrak bertan munduak edekirik,

plazerak azkeneraino atsekabe bihurturik.

Ahaideak eta adiskideak, arte gutxiz atzendurik,

ikusten ditut itsusirik, harretxe guztia deseginik,

argi gabe ilunbetan, ustel eta kirasturik.

Negar begi bat bederak bere aldiaz oroiturik,

nehork ere izanen ez du nik ez dudan partidurik,

Ene anima gomenda ezazue garitatez mobiturik,

zarraizkidate gero bertan hitz hauek ongi notaturik:

Josafaten baturen gara Judizion elkarrekin;

bitartean lo dagigun, bakea izan dadila guztiekin.

 

Joanes Amenduze Tafallan preso
Iruñea XVI. mendean
Joanes Amenduze Tafallan preso Joanes Amenduze Tafallan preso Joanes Amenduze Tafallan preso

Euskaltzalea eta irakasle-ohia