[Kafe Aleak] Diego el Cigala “Cigala & Tango”

[Kafe Aleak] Diego el Cigala “Cigala & Tango” –

[Kafe Aleak] Joseba Irazoki “Euria ari du”

.

Diego el Cigala

“Cigala & Tango (Cigala Music, 2010)

.

Ernestok tangoan aritzeko zapatak plastikozko poltsa batean sartu ditu. Ez doa Buenos Aireseko San Telmoko taberna hartara. Bera eta Argentina artean ozeano bat dago. Aberria poltsa horretan kabitzen da. Memoria ez, memoria ez da plastiko horretan sartzen, eta Ernestok badaki. Sartuko balitz aspaldian zaborrontzi batean legoke, gaiztotutako ametsa baita.

[Kafe Aleak] Diego el Cigala "Cigala & Tango"Ez dago Buenos Airesen, Stockholmen dago, Gamla Stanera doa, hiri hotzaren barruko hiririk zaharrenera, eta tangoa dantzatzeko zapatak daramatza, bandoneonaren lehenengo akorde tristeei dantza egiteko. Orain, azal perfektua duen herrialde inperfektuan bizi da, beroki baten premian beti. Lehen berokirik gabeko herrialde aldrebestuan bizi zen. Aukera bakarra izan zuen egun hartan: joan edo joan. Kantoiaren beste aldean milikoak zain zituelako eskola beldurgarri batera eramateko, edo hegazkin madarikatu batean sartzeko, edo bere Mercedesen oihuak entzunarazteko, edo jakizu… Hala ere, gelditu zirenak badira, anaiak denak, arrebak guztiak, odolezkoak ala ez. Gehienak dagoenekok ez dira, Ernestoren gaueko ametsen bidezidorretan baino ez dira, erruduntasunean; errudun joan zelako, erbesteratu zelako, salbatu zelako.

Horretaz guztiaz hitz egiten dute bere tangoan zoruari heltzen dioten zapatek, eta berak badaki. Aberria zapata horietan kabituko bada, galdutako guztiak ez du tokirik, ez dago deskantsurik, ez dago babesik. Eta gizonek negarrik ez dutela egiten erakutsi dioten horietakoa izanda ere, Enestok ikasi du negar egiten, ezkutuan bada ere. Euria da, malkoak, kendu dioten guztiagatik, eta bandoneonak Escandinaviako club horretan ere hitz egiten du, eta ahazterik ez dago, edo bai? Mercedes ebatu du, hasi dira, bakarrik daudela dirudi, ondoan historia berdina izan dezaketen bikoteak dauden arren, bakardadeak ez du etenik ematen, bandoneonak etxera eramaten ditu dagoeneko ezinezkoa den bidaia batean. Etxea minaren sugarretan kiskali zitzaien, urtetan batutako liburuekin batera, militarrek esperantzari sua eman ziotenean.

Ernestorengan daude bere hildako guztiak, gal ez daitezen. Populatutako bakardade horretara ez da inoiz ere ohitu. Ez ditu ahaztu tango-pausoak, zapatek memoriaren magia dute, ahaztezinarena. Magia horretan hainbesteko mina sartuko ez balitz… Ahanzturaren fantasiarekin nahasten da magia hori, ahaztu nahi eta ezin, minutu bakan batzuetan etzan eta iraganetik atseden hartzeko. Mercedesengan gaixotasuna bihurtu da memoria. Lurralde hotzetara iritsi zirenetik erietxean sartu irten batean ibili da. Ernesto, antzinako garaietan, beste gizon batek lapurtuko zionaren beldur izan zen, hain zen ederra… Urteekin memoriaren zamak ostuko zion maitatu duen emakume bakarra. Mercedes emakume zati bat baino ez da gaur. Erbestea pozoitutako salbazioa da, inoiz gainditzen ez dena, gelditu zirenen itzalean bizi dena.

Tangoan dabilela, zapatatxoek hegan eramaten dute. Beltzak dira, larru finekoak, kordelez jositako bailarina dotoreak, denda hartan erositakoak, aberria gordetzen dutenak, aberria hori baino ez baita, zapata batzuk. Oraindik, amesteko gaitasuna gordetzen du Ernestok, baina bere begirada zintzoaren beste aldean bizitzaren karnabala agertzen zaio; bueltan begirada gaiztoa bidaltzen diona. Salbatu egin zen bizitzarik gabeko bizitza bizitzeko.

Bandoneonaren tolesduratan laztanen askatasuna ere galdu du, ametsetako irlarik ez dago, ez dago non babestu, ez dago amesgaiztorik gabe amesteko tokirik, barruko onena izan daitekeen aberririk ez dago, eta oinetan jarrita dituen tangoan dantzatzeko zapata horietan ere ez dago itzala emango dion gerizpetik. Bakarrik ozeanoa geratzen da, memoria infinitua bezala, galtzen ez dena, puntuak eta komak gogoratzen dituena, egunerokoa baino errealagoa dena, ezpataka datorkiona. Eta eskola beldurgarri hartara joateko desioan, Alfonsinari eskua emateko gogoa, berekin ozeanoan sartu eta ahaztu ezin daitekeena ahazteko irrika desesperatua.

Negar egiteko gogoa ematen diote beti zapatatxoek. Tangoa maitasuna da, tristura, bakardadea, hustutako arima, nostalgia da tangoa, pietaterik gabeko mina, memoria da, inoiz aurkituko ez duen aberrira bueltatzeko zuri-beltzetan margotutako gogoa, lapurtutako maitasuna, ile urdinak: denbora igaro denaren seinale ukaezinak.

Ernesto oraindik ez da konturatu ahazten hasia dela dagoeneko. Lehengoa biziki gogoratzen duen bitartean, atzo egindakoa dagoeneko ahaztu duela. Ernestok ez daki, gaixotasunak bakea ekarriko diola, burua galaraziko badio ere. Ahanzturaren memorian sartuko dela Alfonsinaren eskutik, eta itsas zaldi fosforeszenteak bere inguruan tangoan dantzatuko direla, eta barruan isilarazi ezin izan dituen ahotsek ozeanoko karakolatan baino ez direla geratuko, tangotan.

Miriam Luki (1973, Urretxu) Musikazalea

“Kafe aleak” liburua erosteko

[Kafe Aleak] Diego el Cigala “Cigala & Tango”