Muatzeko desgrazia

Muatzeko desgrazia –

Euskal Gaizkileak seriea podcastak Euskal Herrian gertatutako krimenak fikzionatu eta narrazio moldean zabaltzen ditu, eta bere osagai garrantzitsuenetako bat hizpide den krimenari buruzko kantua da. Kasu askotan belaunaldiz belaunaldi iritsi dira guregana abesti horiek; beste batzuetan bertso paperak ailegatu dira, eta guk musikatu; gainontzekoetan ez da ez bata eta ez bestea iritsi, eta horrelakoetan kantuak sortzeko eskatu diegu zenbait musikariri.

“Muatzeko desgrazia” izan zen Euskal Gaizkileak serieko hirugarren atala. Bertan Joxe Tejeriaren nondik norakoak kontatzen dira, aita hil izanaren akusaziopean heriotzera kondenatua eta Gipuzkoan garrote bidez exekutatua izan zen aiarraren historia.

Exekuzioaren lekuko izan zen Juan Mari Zubizarreta Etxeberritxo bertsolari azkoitiarra. Gertaeraren inguruko bertsoak idatzi eta inprentara eraman zituen. Hurrena egokitu zen Azpeitiko azoka egunean, hantxe agertu zen Zubizarreta, “sei mila” bertsopaper besazpian hartuta eta bi semeren laguntzarekin: 20 urteko Rikardo, eta 12 urteko Antonio. Azpeitiko kale bazterren batean jarri eta bertsoak abesten hasi ziren: Etxeberritxo baxutik, Rikardo tenor bozean eta Antonio tiplean. Jendeak erruz erosi zituen azkoitiarraren bertsopaperak. Txakur handi batean saltzen zuen bakoitza, eta bakar bat ere gabe itzuli ziren etxera, Antonio Zavalak Etxeberritxoren inguruan idatzi zuen liburuan esaten denez.

Bertso haiek erruz abestuko ziren 1900. urtean, baina inork ez zituen musikatu gaurdaino. Rafa Ruedari enkargatu genion lan hori, eta ale eder hau ondu zuen.

Etxeberritxoren bertso sorta osorik paratuko dugu hemen.

BERTSO BERRIAK AZPEITI’KO URKAMENDIAREN GAINEAN JARRIAK

Jose Tejeria da
au nere grazia,
Gipuzkoa’ko Aia’n
jaio ta azia;
tiroz aita ill nuan,
orra desgrazia,
publikatzera nua
asunto guzia.

Deabrubak animua
eman biotzera,
tiroz atrebituba
nire aita iltzera;
Donostia’ra gero
zerbait ekartzera,
egin nuen okerra
desemulatzera.

Gizonak altxa zuten
aita bizirikan,
“O, semiak galdu nau!”
berak esanikan;
gurasubak etzuban
esan gezurrikan,
gorputza ill da anima
juan mundutikan.

Paperian jarrita
alde aurretikan,
aitari zenbat eman
señalaturikan;
eske ari zan beti
aldamenetikan,
gure enredo danak
sortubak ortikan.

Aitak eskatzen ziran
legez eta bidez,
egiten niona da
agindu ta eman ez;
buru dana betia
pentsamendu txarrez,
tirua eman nion
diruaren ordez.

Soldadu arma-dunak
lotu kurioso,
baita eraman ere
Azpeiti’ra preso;
deklarazio txarrak
egiña ni oso,
libratutzeko bear
gezurra preziso.

Aurrena egon nintzan
uka fuertian,
salatzallia pranko
bazan bitartian;
gero aitortu nuen
egunen batian,
gezur guztiak ziran
neretzat kaltian.

Azpeitia’tik juan
Donosti aldera,
Gipuzkoa’ko buru
dan tribunalera;
akusatuba nintzan
Judasen legera,
gezurrak balio ez,
neretzat galera.

Andriak eta biyok
emandako itzak,
konprenditzeko ere
oso dira gaitzak;
oiek guziak ziran
gezurrezko saltsak,
aitari ezarriaz
etzituben mantxak.

Gaizki egin nuala
ondo damutzen zat,
au eskarmenturako
beste guzientzat;
munduban ez da izan
oraindikan behintzat
ume bat txarragorik
gurasubarentzat.

Donostia’n artuba
nintzan albistia
posible etzala neri
bizirik uztia;
ai ura orduko
lastima tristia!
Etzan alegratuko
nere emaztia!

Donostia’tik giñan
Azpeitia’ra etorri,
bost guardiarekin
kotxian ekarri;
kartzelan sartu eta
an nenguan larri,
sententzia tristia
zuten irakurri.

Zuzen da garbi egin
dute justizia,
badakit nuela nik
ondo merezia;
illbeltzan amaseirako
nere sententzia,
goizeko zortziretan
kentzeko bizia.

Gaiztua izan banaiz
orra sujetatu,
sententzia orrek ziran
biotza erdiratu;
Aita Aizpuru’rekin
gogoz konfesatu,
egindako okerrak
danak akusatu.

Pauso bat eziñ eman
nuan ezergatik,
bi lagun banituben
beso banatatik;
urkamendira juan
giñan kartzelatik,
borrerua begira
zeguan atzetik.

Urkamendian nintzan
eserita jarri,
nire entrañak zeuden
estu eta larri;
bizia eman bear
oso lotsagarri,
au beste guzientzat
eskarmentagarri.

Barkaziua nuan
azkena eskatu,
zergatik egiñ nuen
lenago pekatu;
orrengatik bear det
orain nik urkatu,
Jaungoikuari arren
nitzaz erregutu!

Rafa Rueda (Mungia, 1972) euskal abeslari eta gitarrajole bizkaitarra da, pop-rock arlokoa. Broken Bihotz eta Pi L.T. taldeetako abeslaria izan zen eta 2015etik aurrera Zarauzko Lou Topet taldeko gitarrista ere bada. Bakarka ere kaleratu ditu hainbat sorkuntza.

Muatzeko desgrazia

Diskografia

Bakarka

  1. Kea (2003, Metak)
  2. Saredun eskua (2006, Gaztelupeko Hotsak)
  3. Zuhaitz okerretan gora noa (2008, autoekoizpena)
  4. Haragizkoa (2006, KAP)
  5. Enaren geometria (2011, autoekoizpena)
  6. Gabrielen lekua (2013, Erroa)
  7. Hiri kristalezkoa (2017, Elkar)
  8. Rueda (2020, Zart)

Broken Bihotz

  1. Malkoak euritan / Kitarra (singlea)
  2. Desioak izena gradua galtzen duenean… (1992)

PiLT

  1. ? L.T. (1995, Esan Ozenki)
  2. Denbora (1998, Esan Ozenki)
  3. 3 (1999, Esan Ozenki)
  4. Minus (2002, Metak)
  5. Game Over (2004, Metak)

Lou Topet

  1. Abesti bat gutxiago (2015, Kalaportu Sare Bideak / Garoa Kultur Lab)
  2. Pete Seeger gogoan (2017, autoekoiztua)

Beste batzuk

  1. Bar Puerto. Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Bingen Mendizabalekin (2001, Gaztelupeko Hotsak).
  2. Zaharregia, txikiegia agian. Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Bingen Mendizabalekin (2003, Gaztelupeko Hotsak).
  3. Hauxe (2006, Gaztelupeko Hotsak). Txuma Murugarren eta Pettirekin
  4. Jainko txiki eta jostalari hura (2013, Elkar). Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Bingen Mendizabalekin

 

 

[Barruan Gaude] Rafa Rueda, akorde minor baten ostean

Rafa Rueda: “Soinua norbere barrutik ateratzen den hori da”

Muatzeko desgrazia

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!

Zer duzu buruan “Muatzeko desgrazia”-ri buruz

  • Pako Aristi 2022-07-30 15:44

    Kaixo lagunok: poz hartu dut Joxe Tejeriari buruzko bertsoen berri ikusirik, zer esanik ez Rafak egin duen lan ederra… baina ez da egia bertso horiek ez direla gaurdaino inoiz musikatu. Hain zuzen ere hiru grabazio daude, gutxienez, nik ezagutzen ditudanak:
    -1983: Urolaldeko Bertso Zaharrak, kasete bikoitza izan zen. Neu pianoan, eta Marian Larrea zestoarra kantari.
    -2000. urtean: Oskorrik grabatu zuen, ´The Pub Ibiltaria 5´ diskoan, hain zuzen guk erabili genuen doinu berberarekin.
    -Inguru horretan Mikel Markezek grabatu zuen, Aiako kantu zaharrak biltzen zituen CD batean, aitona bati jasotako beste doinu ezberdin batekin.
    -Ruedaren hau, beraz, laugarren grabazioa da.
    Nik dakidala. Agian egonen da gehiago.
    Gure herri musika bizirik dagoen seinalea da!