Iztueta eta Kontxesi, maite bat maitatzen det…
Iztueta eta Kontxesi, maite bat maitatzen det… –
Badira historiak belaunaldiz belaunaldi pasatzen direnak, askotan kantu edo bertso bihurturik. Horrela delarik, indar handiagoz egiten da transmisioa. Horrela gertatu zaigu Iparragirrrekin, Etxahun Barkoxekoarekin, Bilintxekin, Otañorekin, Iturrinorekin, Txirritarekin… eta beste bertsolari aunitzekin. Hori bera da gertatu zaiguna, Gipuzkoan bederen, Iztuetaren eta Kontxesiren arteko amodiozko bertsoekin.
1.- Joan Inazio Iztuetaren biografia laburra
Joan Inazio Iztueta Etxeberria Gipuzkoako Zaldibia herrian jaio zen 1767ko azaroaren 29an, Iztueta-enean, gerora Kapagindegi deitu izan den etxean, eta hamabi anai-arrebetan seigarrena izan zen. Aitor-seme leinukoa zen familiaren aldetik, eta haren berraitona Lazkaoko Iztueta dorretxekoa zen. Zaldibian familiak bazuen goingaineko edo kapak egiteko negozio bat, eta horregatik Kapagindegi izenaz ezagutzen zuten iztuetarren etxea. Bere ikasketak herriko eskolan egin zituen eta dantzari moduan ibili zen gaztetan. Hortik etorri zitzaion euskal dantzekiko beti izan zuen zaletasun handia. Herrian Zuria deitzen zioten. 1790ean, hogeita hiru urte zituela, Joakina Linzoain urnietarrarekin ezkondu zen, eta bi alaba izan zituzten. 1802an, hau da, hamabi urte beranduago, alargundu zen. Urte haietan elikagaien salerosketan eta artzaintzan aritu zen lanbide gisa.
Iztuetari garai gogorretan bizitzea egokitu zitzaion, Konbentzio Gerra hasieran (1793-1795) eta Napoleonen Gerra ondoren (1808-1814) Izatez, foruzalea eta liberala zen, eta badirudi frantsesen administrazioan hainbat lan egin zuela. Gosete garaia izan zen hura, alde batetik bestera zebiltzan era guztietako soldaduek abereak eta elikagaiak errekisatzen zituztelako. Norbait hiltzen zelarik, jendeak dirua ematen zion herriko erretoreari, haren arimaren aldeko mezak egin zitzan. Iztueta herriko zinegotzia zen, eta uste zuen Jose Iñazio Etxabe bikarioak arimen kutxako dirua lapurtzen zuela. Horregatik, behin, Etxabe bikarioa behartu zuen herritarren aurrean kutxa hori irekitzen. Halakoa ez zion apaizak inoiz barkatu.
Konbentzio Gerra amaitzean, eta frantsesak Gipuzkoatik joatean, Etxabe bikarioak Inkisizioaren aurrean salatu zuen Iztueta. Lapurretan ibili izana leporatu zion eta baita elizaren etsaia eta emakume zalea izatea ere. Horren ondorioz, atxilotu, epaitu eta kartzelan sartu zuten. Zeraingo eskribaua zen Martin Antonio Aldasorori egin zioten lapurretan parte hartu izana egotzi zioten. Urte haietan Iztueta lehen mailako maisua zen Zaldibiako eskolan. Zazpi urte luze eman zituen preso, 1801etik 1807ra, hasieran Logroñoko Inkisizioaren kartzelan, eta ondoren Ordizia, Tolosa eta Azpeitiko kartzeletan. Azken urteak Logroñoko presondegian eman zituen.
Azpeitiko kartzelan zegoela, Kontxesi Begoetxea emakume preso donostiarra ezagutu zuen. Badirudi, apaiz baten etxean neskame ibili izan zela, eta apaizarekin haurdun geratu zela. Egoerari aurre ezin eginez eta ero kolpe batez, Kontxesik haurra etxeko labean erre omen zuen, eta horregatik zegoen aipatu espetxean. Gerora, Logroñoko presondegian zegoela Iztuetak Kontxesiri izeneko maitasunezko kantu ospetsua idatzi zuen, geroztik hainbat belaunalditan Gipuzkoan nonahi eta noiznahi kantatu izan zena. Kartzelatik ateratzean, 1808an, Kontxesirekin ezkondu zen.
Urte berean, Napoleonen armada Gipuzkoan sartu zen, eta, liberala izanik, haien aldeko jokaera erakutsi zuen. Hori dela eta, Donostiako Ogasun Bulegoetan lan eman zioten eta Azpeititik hara aldatu zen bizitzera Kontxesirekin eta bost seme-alabekin, horietako bi neska, lehen emaztearenak ziren eta beste neska bat eta bi mutiko, Kontxesirikin izandakoak. 1813an, Wellingtonen armadak Donostia erre eta sarraskitu zuenean, Iztueta eta bere familia Donibane Lohizunen zeuden. Donostiara bizitzera itzuli zirelarik, salatua eta auziperatua izan zen. 1814an espetxeratu zuten, eta 1815ean bigarren aldiz. Kartzelan zegoela, Kontxesi hil zen, 1815eko martxoaren 28an, hogeita hemeretzi urte zituela. Urte bereko irailaren 15ean, ondasun guztiak kendu zizkioten epaileek horrela aginduta. Epaiketa bukatzean, bost urtez Azpeitian eta Donostian bizitzeko debekua ezarri zioten. Dena den, ehun dukate ordainduz, debeku hori gainetik kendu ahal izan zuen eta Donostian bizitzen kokatu zen, berriz ere.
1827an, hirurogei urte zituela, hirugarren aldiz ezkondu zen, oraingo honetan Axun Urruzola zizurkildarrarekin. Bi seme-alaba izan zituzten. Garai hartan, lanbidez Donostiako Lurreko Ateko zaindaria zen eta alkaide izatera ere iritsi zen. Urte horietan idatzi zituen bere liburu famatuak. Zaharra zelarik, Zaldibiara itzuli zen, eta han aritu izan zen dantzariak trebatzen eta dantza taldeak sortzen eta indartzen. Horretan aritu izan zen hirurogeita hamazazpi urte bete zituen arte. 1845eko urriaren 18an hil zen Donostian, hirurogeita hemezortzi urte zituela.
2.- Iztuetaren liburuak
Bere bizitzaren azken aldian, Donostian bizi zela, bertako udaletxeak dantzak eta doinuak biltzeko eta artxibatzeko eskatu zion, gazte dantzarien erakusbide izan zitezen. Eta horrela egin zuen. 1824an, bere lehen liburua plazaratu zuen, Donostiako Baroja inprimategiaren bitartez: “Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia, beren soinu zahar, eta hitz neurtu eta bertsoekin; baita berak ongi dantzatzeko irakaste edo instrukzioak.” izenekoa. Bera izan da gure lehen folklorista, eta liburu honetan aipatzen diren zehazkizunak, jantziak, urratsak, doinuak eta abar, Gipuzkoako dantzarien arau-liburua izan dira beti, eta gaur ere horrela izaten jarraitzen dute. Eztabaida latzak izan zituen garai hartan euskal dantzen kontra ziren apaizekin, Frai Bartolome Santa Teresarekin, gehien bat.
Bi urte beranduago, hau da, 1826an, Donostiako Baroja inprimategiak “Euskaldun antzina-antzinako eta are lehendabiziko etorkien dantza on iritzi pozgarri gaitzik gabekoen soinu gogoangarriak, beren hitz neurtu edo bertsoekin.” izeneko liburua plazaratu zion, lehen liburuaren ildotik egina.
Hirugarren liburu bat idatzi zuen Gipuzkoako historiaz, “Gipuzkoako probintziaren kondaira edo historia” izenekoa, hil ondoren, 1847an, plazaratu ziotena. (Iztueta 1845ean hil baitzen). Liburu hau bi zatitan banatu zuen. Lehen atalean garai hartako Gipuzkoako ohiturak, bizimodua, animaliak, landareak, ibaiak, mendiak eta abar deskribatzen dizkigu, eta bigarren atalean, berriz, gipuzkoarren gudu eta gatazken kontaketa egiten digu.
Gerora, Jose Garmendia Arruabarrenak, Joan Inazio Iztuetaren olerkiak eta idazlanak bildu eta bi liburutan plazaratu zituen. Lehena 1968an, eta bigarrena 1978an. Jesus Elosegik 1969an, Iztuetari buruzko biografia aberatsa plazaratu zuen: “Juan Ignacio de Iztueta Echeberria (1767-1845)” Aipatzekoak dira, ere bai, 1995ean, Inazio Mujika Iraolak, Alberdania argitaletxearen bidez, plazaratu zuen “Ez direlako aketsak” izeneko antologia, eta Luis Haranburu-Altunak, 2003an, Hiria argitaletxearekin, plazaratu zuen “Olerkiak eta bertsoak” bilduma modukoa.
3.- Iztuetak Kontxesiri egindako bertsoak.-
Ikus dezagun orain, Joan Inazio Iztuetak Logroñoko kartzelan zegoela, 1806an edo 1807an, , Kontxesi Bengoetxeari idatzi zizkion bertso ederrak, hainbat belaunalditan Gipuzkoan, nonahi eta noiznahi, kantatu izan direnak eta euskal bihotzak luzaz hunkitu (eta oraino hunkitzen) dituztenak, zeren eta, Romeo eta Julietaren antzera, Iztueta eta Kontxesi beti amodiozko historia batez loturik izanen baitira euskaldunen bihotzetan.
Kontxesiri
Maite bat maitatzen det maitagarria,
begi ederra du ta guztiz argia;
Daukat urruti,
bainan ezin kendu det burutik
haren itxura.
Saldu al baliteke pisura.
urriaren truke
nork erosi faltako ez luke.
Hogeita lau leguaz nago aparte,
bitartean badaukat milioi bat ate
guztiak itxirik;
nahi arren ez egon ixilik;
beti negarrez
nere maite maitearen galdez;
ote dan bizi,
bihotz bihotzeko ene Kontxesi.
Egunaz argi gutxi, gabean ilun,
kontsuelorik ez da neretzat inun
maitea gabe;
egin ote danik haren jabe
oroitutzean
zenbat pena nere bihotzean
ditut igaro;
maite det eta ez da milagro.
Lehengo gau batean egin det amets,
bainan pentsamensua beti aldrebes
irtetzen dira;
ustez nengoen zuri begira
maite polita.
Kofrearen gainean jarrita,
kontu kontari
nahi nuen baina ez nintzan ari.
Zure gauza polit bat hor det nerekin
izkribaturik dago letra birekin;
K eta B dira,
askotan nago haiei begira,
hain dira finak!
Maitetxo polita, zuk eginak,
sedaz ederki,
kolkoan gorderik dauzkat beti.
Esperantzetan bizi, maite gozoa,
noizpait kunplituko da gure plazoa.
Eta orduan,
gauza txarrik ez hartu buruan
lehengoai utzi,
ez degu pasatzen pena gutxi,
preso sei urtez
ondoko gaituzte nere ustez.