1813ko abuztuaren 31, Donostia suntsitu zuten eguna (I)

1813ko abuztuaren 31 –

1813ko abuztuaren 31, Donostia suntsitu zuten eguna (II)

.

Asko eta luze idatzi da Donostiak 1813ko abuztuaren 31n pairatu zituen hesitzeaz, erasoaz eta suntsiketaz. Luis Murugarrenek, Jose Berruezok,… eta berriki Javier Sadak beren ekarpen eta iritziak eman dituzte, baina ni, gehien bat,  bat nator Antonio Mendizabalek, 1991ko abuztuaren 31n, Euskaldunon Egunkarian plazaratu zuen teoriarekin, non Donostia suntsitzeko eta bere biztanle guztiak labainaz pasatzeko espainiar jeneralen aldetik emandako aginduak zeudela zioen, ezin baitut sinetsi su emate eta suntsitze hura Wellingtonek kontrolatu ezin izan zituen mertzenarioen mozkorraldi edo eromen kolektiboaren ondorio izan zitekeenik, urte luzez espainiar agintarien aldetik sinestarazi nahi izan diguten bezala.

1813ko abuztuaren 31
Irudia: Euskonews

Egia esateko, beti susmatu dut azken baieztapen hori faltsu samarra zela, baina orain Antonio Mendizabalen artikuluak begietan nuen azken lausoa ezabatu dit. Eta esaten ari naizena hobeto ulertzeko egin dezagun orain historia pixka bat.

1.- Konbentzioko Gerraren ondorioak.

1789. urtean Frantziako Iraultza izan zen eta buruzagi iraultzaileen asmoa iraultza mundu osora zabaltzea zen. 1794ko abuztuaren 1ean, izugarrizko armada handia bidali zuten Pirinioetara, eta bertan, Colomera jeneralaren agindupean zegoen armada espainiarrak, etsaiaren handitasuna ikustean, ihesari ekin zion. Konbentzioko Gerra deitu izan denaren tenorea zen.

Frantsesen etorreraren berri eduki zuelarik, Gipuzkoako Foru Aldundia Getarian bildu zen egoera berriaren aurrean egin beharrekoaz deliberatzeko. Abuztuaren 3an, Donostiako hiri gotortuaren aurrean Moncey mariskal frantsesa eta haren agindupeko armada azaldu ziren. Borrokarik gabeko bakea eskaini zuen. Donostian Joan Joxe Bixente Mitxelena zen alkate. Aldundiak eta udalak frantsesen eskaintza onartzea erabaki zuten, eta are gehiago, baita iraultzarekin eta Frantziarekin bat egitea ere. Eta horrela, aldundiaren erabakiaz, Gipuzkoa Frantziako lurraldea izatera pasatu zen. Aldundiaren benetako asmoa Frantziaren meneko estatu independentea sortzea zen, Gipuzkoarekin bakarrik, edota beste euskal lurraldeekin batera.

Madrilen oso gaizki hartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren deliberoa eta gipuzkoarrak traidoretzat jo zituzten. Gertatutakoaren errua Xabier Munibek, Narrosek eta Altunak Bergaran sortutako Erret Mintegiari egozten zioten, aipatutakoek Volteire, Diderot eta Rouseau-ren entziklopedismoarekin eduki zituzten harremanengatik.

1795eko abuztuan, Espainiak eta Frantziak Suitzako Basilea hirian bakea sinatu zuten eta Espainiak Gipuzkoa bereganatu zuen Santo Domingo uhartearen truke. Hitzarmen honek oso ondorio larriak ekarri zituen aldundiko diputatu nagusientzat, auziperatu eta atxilotu egin baitzituzten.

2.- Napoleonen Gerraren  tenorea.

1813ko abuztuaren 311808an frantsesak, Portugali eraso egin behar zioten aitzakiaz, Espainiaz nagusitu ziren. Napoleonen konfiantzazko senatore zen Dominika Joseph Garat uztariztarrak zazpi Euskal Herriak bere baitan hartuko zituen lurralde autonomo baterako proiektua aurkeztu zion, baina tamalez, egitasmo honek ez zuen aitzina egin.

Ordura arte frantsesen alde izandako gerraren norabidea aldatzean, egoera izugarri korapilatu zen. 1813ko uztailaren 19an, Castaños jeneral espainolak frantsesak garaitu zituen Bailenen. Segidan, Wellingtonen tropa ingelesak Lisboatik sartu ziren penintsulara, eta portugaldarrekin bat eginik, Ciudad Rodrigo hartu zuen hasieran, eta Badajoz hiria gero. Bi hiriak hartzean bertako biztanleria sarraskitu zuten.

Bitartean, 1810etik Cadizen bilduta zeuden Madriletik Mediterraneo aldeko hiri hartara ihes egindako politikariek, elizgizonek eta intelektualek Espainiako lehen parlamentua (Cadizeko Gorteak deitu izan zituztenak) osatu zuten. 1812ko martxoaren 19an konstituzio liberala aldarrikatu zuten. Aipa dezagun Hego Euskal Herriko foruek eta legeek ez zutela konstituzio horretan inolako lekurik.

Cadizeko Gorteetan ez zituzten ongi hartu Wellingtonek eta Castañosek hartutako hirietan egiten ari ziren sarraskiak, eta hori dela eta, zalditeria bat bidali zuten Castaños atxilotzeko eta kargugabetzeko aginduarekin. Tolosan hartu zuten atxilo eta haren ordez Freire jenerala bidali. Baina lehenago, eta zihoakiona susmatuta, Iruñea hartzen ari zen Wellingtonekin, sekretupean, batzartu zen eta badirudi bilera horretan Donostia zakuratzeko eta betiko suntsitzeko baimena eman ziola. Huraxe zen haren ustetan, Gipuzkoa frantses-zale eta traidoreak merezi zuen zigorra.

Iruñea hartu ondoren, Wellingtonen agindupeko armada ingeles-espainola Lesaka alderantz abiatu zen. Ugartemendia koronelaren menpeko euskal tropek, berriz, Donostia alderantz jo zuten. Ugartemendiak zioenez, haren asmoa Donostia, odol tanta bat isuri gabe, hartzea zen. 1813ko ekainaren 28an, Mendizabal teniente-jeneralaren menpeko Gipuzkoako boluntarioen batailoiak Donostiako harresietara iritsi ziren. Baina, eta hemen dago lehen misterioa, hiria odol isurtzerik gabe hartu behar zutenak, Donostiatik aldenduak izan ziren eta haien ordez, Graham jeneralaren agindupeko tropa ingeles-portugaldarrak ezarri zituzten Aieteko muinoetan.

Hiri gotortuan, Emmanuel Rey mariskal frantsesaren aginduetara, hiru mila eta bostehun soldadu zeuden.

3.- Donostiaren setioa. Uztaileko gertaerak.

1813ko udaren hasierarako Napoleonen soldaduak erretiradan ziren fronte guztietan. Hala eta guztiz ere, zenbait hiritan, Iruñean eta Donostian kasu, gotorturik jarraitzen zuten. Rey mariskal frantsesak, hiru mila eta bostehun soldadu zituela, Donostiako gotorlekuaren defentsa hartu zuen bere gain. Soldadu kopuru honi gehitu zitzaizkien Donostian babestu ziren Foyren dibisioko zazpiehun gizonak. Reyk, hiria hobeto defenditzeko, batailoi bat San Bartolome komentuko gainean kokatu zuen, berrogei bat soldadu Santa Katalina zubia babesten eta hogeita bost gizon Santa Klara Klara uhartean bertako kapera gotortu ondoren. Donostia gotortuan babestu aurretik, harresietatik kanpo zeuden San Martin eta Santa Katalina auzoak errearazi zituen.

Ekainaren hogeita zortzian, Mendizabal jeneralaren gidaritzapeko armada Donostiara hurbildu zen. Honen agindupean zetozen Ugartemendia koronelaren menpeko gipuzkoarrez eta bizkaitarrez osaturiko bizpahiru batailoiak.  Hogeita bederatzian, San Bartolome hartzen ahalegindu ziren, baina alferrik, ez baitzuten artilleriarik horrelako eraso bat ongi burutzeko. Hori ikusita, Donostiara ura zeraman urtegia hautsi zuten eta setioari hasiera eman. Bitartean, Pasaia eta Getaria hartu zituzten. Uztailaren hiruan, ingeles itsas-armada iritsi zen. Donostiako portua blokeatzeko asmoa zuen. Ingelesek hogeita sei kanoi eta zortzi mortero ekarri zituzten.

Uztailaren bederatzian, ingelesez, portugaldarrez eta nazionalitate askotako mertzenarioez osaturiko armada aliatua iritsi zen. Graham jenerala zen armadaren burua. Jeneral honek bere gain hartu zuen Donostiaren setioa.  Mendizabal jenerala eta bere ostea, Donostia ingelesen esku utzirik, Bidasoa aldera borrokatzera bidali zituzten, Donostiatik aldenduz. Handik zenbait egunetara, Hernani hartu berria zuen Wellington jenerala ailegatu zen  eta berari eman zioten Donostia hartzeko agindua. Berehalaxe, hiri gotortua hartzeko plana burutu zuen. Itsasbehera baliatuz, Urumea ibaiaren aldeko goierako hamalau metro zuen harresian zulo bat egin eta bertatik sartu. Hauxe zen bere asmoa. Horretarako hogei kanoi kokarazi  zituen Txofreko dunetan. Bertatik harresia bonbardatu eta zuloa zabaldu egin nahi zuen. Hori eginda, hamalauan Pirinio aldera abiatu zen bertako armadaren burutza hartzeko. Graham gelditu zen, berriz ere, Donostia hartu behar zuen armadaren buru.

Uztailaren hamabostean, San Bartolomeko gaina eraso egin zuten, baina azkenean, atzera egin behar izan zuten, muinoan ehun eta berrogeita hamar soldadu hilik utzirik. Uztailaren hamaseian, etengabeki bonbardatu zuten San Bartolome komentua, eta ondorioz sutan utzi zuten. Uztailaren hamazazpian, San Bartolome komentua defenditzen zuten frantsesek hura utzi eta San Martin auzoko hondakinetan babestu ziren. Horixe izan zen aliatuek Donostiako gotorlekua hartzeko espero zuten momentua, baina artilleria eta infanteria barra-barra erabili bazituzten ere, lau orduko gatazka odoltsu baten ondoren, atzera egin behar izan zuten.  Hemezortzitik hogeira, bi egunak barne, aliatuen artilleriak etengabe zigortu zituen Donostiako harresiak. Uztailaren hogeita batean, Graham jeneralak errendizioa eskatu zion Rey jeneral frantsesari, baina honek ez zuen horretaz hitz egin nahi izan.

Hogeita bian, aliatuen artilleriak Urumea aldeko harresian, Amezketa eta Hornos izeneko dorreen artean, hain zuzen, berrogeita hamar metro luze zuen bretxa edo zuloa egin zuen. Ordurako Wellington jenerala itzulia zen Pirinioetatik eta setio lanak bere gain berrartuak zituen. Azken honen aholkuei jarraituz, hogeita hirurako Hornos eta San Telmo dorreen arteko harresian hamar metro luze zuen bigarren bretxa bat zabaldu zuten. Egun berean, suak bretxa ondoko lehen etxeak hartu zituen. Hiri barruan ia urik ez zutenez gero, gaizki samar ibili ziren sutea itzaltzeko. Gaur boulevarra dagoen istmo edo hondarrezko pausu estuan babesleku bat eraiki zuten hurrengo erasoa bertatik egin ahal izateko.

1813ko abuztuaren 31 1813ko abuztuaren 31 1813ko abuztuaren 31 1813ko abuztuaren 31 1813ko abuztuaren 31 1813ko abuztuaren 31
1813ko abuztuaren 31, Donostia suntsitu zuten eguna (II)

Euskaltzalea eta irakasle-ohia