Infernua betea dagoenean, Espainiako konstituziogileek lurra zapalduko dute berriz ere

dawn-of-the-dead-poster

Urteak dira egiten dudala: nire lan isilari esker, idazle batzuen obraren tamaina handitu egin da hainbat testu apokriforen bidez. Ez baitut deusetarako astirik, eta atsedenik uzten ez didan nire bizimodu ero eta estresagarri honen ondorioz –badakizue, primerako aita, irakasle zoragarria, txiolari aparta, irratiko kolaboratzaile miresgarria, umiltasunaren defendatzaile sutsua–, zenbaitetan Berrian edo Argian edo auskalo zein blogetan testu berri bat bilatzeko denborarik ez –eta gogo are gutiago–, eta nik idatziriko testuak hautatzen ditut klasera eraman eta banatzeko, nire ikasleek irakurriaren ulermena landu dezaten. Jakina, itsusia litzateke testu horietan nire izena agertzea (eta are itsusiagoa nire argazkia agertzea, baina hori bertze kontu bat da), eta normalean bertze idazleren bati egozten dizkiot. Horrela, Gorka Bereziartuaren izenean sei edo zazpi zutabe dabiltza nire ikasle izandakoen karpeta eta koadernoetan, eta bertze batzuek –hala nola Beñat Sarasolak, Aritz Galarragak, Patxi Larrionek– badute beren partea kontrabandoan hedaturiko lan apokrifoen nonbrean. Gorkak –bera oroituko ez bada ere– izen trabestismoko ariketa hori egiteko baimena eman zidan –nire artikuluak onak zirelakoan edo txantxetan ari nintzelakoan, hori ez daukat argi–, baina ondorioak ez dira nahitaez onak, maiz ikasleek azpimarratu baitidate testu horiek aspergarriak, arraroak, zailak edo itsusiak direla. Beraz, idazleren bati noizbait norbaitek leporatuko balio arrunt testu xelebreak idatzi izana, lasai egon dadila: beharbada nik haren izenean banatutako apokrifo batez ari baita (hori hala ote den jakiteko, bi zantzu: akusazioaren egilea Iruñekoa izanen da segur aski, eta, izandako irakasleari esker, arras euskara ona izanen du).

Nolanahi ere, apokrifoek irakurleen erreakzioan zuzen-zuzenean eta inolako iragazkirik gabe ikusteko aukera ematen didate. Behin, teorian irri-emangarria zen testu bat eman nien nire ikasleei, eta aho batez guziek erran zidaten istorio hark ez zuela graziarik batere. Jainkoari eskerrak, hori ez zait soilik estraperloan saltzen ditudan nire testuekin gertatzen; eta horregatik dakit gertatzen denean ez dela nahitaez egilearen errua. Bertze behin, adibidez, Aritz Galarragaren testu bat, egiazko bat, eraman nuen –zezenketak Espainiako telebistan berriz ere ematen hasi izana zuen mintzagai, oker ez banabil–, eta saio osoa ikusi zuela kontatzen zuen nik nabarmendu, ozenki irakurri baina entzuleengan arraposturik batere –ez barre-algara histerikorik, ez irriñorik, ez konplizitate keinurik– sorrarazi ez zuen esaldi honekin: “den-dena irentsi nuen, korrida osoa”. Hogei aurpegia serio niri begira nituela, aitzinat segitzea erabaki nuen, ez bainuen gogorik azalpen pornografikoetan murgiltzeko, eta txisteek grazia galtzen baitute esplikatuz gero.

Txisteak ulertu egiten baitira, edo ez dira ulertzen, baina ezin dira azaldu. Antzeko zerbait gertatzen da liburuetan edo filmetan txertatzen diren zeharkako erreferentziekin. Grazia izatekotan, harrapatu egin behar dira; bertzenaz, alferrik ibiliko da delako erreferentzia horren egilea zer erran nahi zuen argitzen. Udan, Nicolas Mahler marrazkilari austriarraren komiki bat erosi nuen (nire barneko esnobak ohar hau paratzera behartu nau: Mahler gure artean sobera ezaguna ez den arren, arras interesgarria da. Haren estiloak eta umoreak Zaldi Eroarenak ekartzen dizkit gogora; eta maiz komikigintzak bertzelako arte formekin duen harremana aztertzen du ironia berezi batekin). Komiki horretan, komikigintza eta literatura ditu aztergai egileak, eta kapitulu batek honela du izena: “Infernua betea dagoenean, germanistek lurra zapalduko dute berriz ere”. Hori irakurri bezain fite, irri-ajataka hasi nintzen –Municheko kafetegi batean geunden: ohar hau ere nire barneko esnobak behartu nau idaztera–, bertze esaldi baten parodia delako, eta horren bidez, Mahlerrek germanistak –literatura alemanaren ikertzaileak alegia– adimen eskaseko izaki batzuekin berdintzen dituelako. Ezin dut erreferentzia argitu, bistan da, errana dudan bezala grazia galduko bailuke (baina zein den badakizula uste baduzu, igorri Whatsapp bat irratira edo idatzi ZuZeuko atarian, eta lerro hauen egilearekin afaltzeko zozketa batean parte hartuko duzu), baina hemen afera da, nire harridurarako, marrazkilariak berak erreferentzia hori azaltzen duela liburuen azken orrialdeetan, oharretan hain zuzen ere. Pena da, erreferentziak, txisteak bezala, josteta baitira, plazerarekin daukate zerikusia, eta entzule edo irakurlearekin konplizitatea eskatzen dute. Txistea edota erreferentzia azalduta, hartzaileak hobeki ulertuko ditu naski, baina neketan eginen du irri.

Egin dezagun salto. Aspalditik, susmoa genuen Espainiako sistema politikoa txiste bat zela, gugan barre handirik eragiten ez bazuen ere. Batez ere, konstituzioari ez genion grazia handirik ikusten (apokrifoki demokraziaren izenean zabaldu eta saldu duten testu hori), ezta bertan biltzen den nazioaren eta nazionalitateen arteko bereizketari, nahiz eta batzuk azkarki saiatu diren den-dena, korrida osoa, irents dezagun. Nazioa, gogora dezagun, nazio espainola zen, eta nazionalitateak, bada, bertzeak, Katalunia –ezen ez Herrialde Katalanak–, Euskadi –ezen ez Euskal Herria– eta Galizia. Franko argi zegoen –ez dut erreferentzia azalduko, baina argi gera bedi mailakatzailea nahita hautatu dudala– hor nonbait adarra jotzea bazela, iseka, burla, txantxa, baina ez genuen horren xarma harrapatzen. Orain, Kataluniako prozesuaren harira, txistea azaldu dute hondarrekoz: nazioa nazio espainol ahalguztiduna da; eta nazionalitatea, haren meneko lurralde koloniala, bere kabuz erabakitzeko eskubiderik gabea. Eta, bai, orain ederki ulertzen dugu demokrazia espainolaren txistea, baina argitutakoan zeukan grazia guztia –inoiz graziarik izan bazuen– galdu egin du.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

 

infernua
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

2 pentsamendu “Infernua betea dagoenean, Espainiako konstituziogileek lurra zapalduko dute berriz ere”-ri buruz

  • Kontxo, Santi, atsegin ditut zure idazkiak, baina ezin al dituzu arnasa handiagoarekin argitaratu? Dena jarrai-jarraian idazten duzu. Non daude Tarteak, negritak, puntu eta aparteak…? Ia beti ito egiten naiz zure uretan, domaia da.

    • Santi Leone
      Santi Leoné 2014-10-08 21:13

      Arrazoi duzu, arrazoi guzia. Azalpena eman niezazuke, baina aitzakiaren itxura izanen luke nahitaez. Beraz, hurrengoan saiatuko naiz tarteen eta puntu eta aparteen mozorropean flotagailu batzuk han-hemenka uzten, nire uretan erosoago igeri egin dezazun. Lan handia eskatzen dit idazten dudana idazteak, eta ez nuke irakurlerik uxatu nahiko nire testuen itxura trinkoegi horrekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude