Idazle guztiok jotzen dugu Borges izatera

Idazle guztiok jotzen dugu Borges izatera –

“Idazle guztiok jotzen dugu Borges izatera”. Tira, gutxienez hori zioen Pere Gimferrer poeta katalanak. Jorge Luis Borges-en ipuinak eta poemak miresten ditut nik; Jorge Luis, eta ez Jose Luis (sic) Borges, orain dela urtebete pasatxo nork eta Espainiako erregeak berak bota zuen gisan, non eta Argentinan, Jorge Luis Borgesen aberrian, non eta Espainiar Hizkuntzaren Nazioarteko Biltzarrean, Congreso Internacional de La Lengua Española delakoan … Espainiako erregeak hanka sartu zuen, barru-barruraino sartu ere. Eskerrak ikasketa handiak egin zituen, guk ordaindutakoak, ez ahantzi; eskerrak ustez prestatua eta trebatua dagoen, eta horregatik El Preparado ezizenez bataiatu dute Espainiako komunikabideek.

Jorge Luis Borges ez dago ongi ikusia euskal lurraldeotan. Lehengoan beste idazle batek gogorarazi zidan euskaldunei buruz Jorge Luis Borgesek esandakoa: “Euskaldunak? Nik ez dut ulertzen nola sentitzen ahal diren harro euskaldun izateaz … Euskaldunak beltzek baino balio gutxiago dutela iruditzen zait. Eta, begira ezazu, beltzek esklabu izateko baino ez dute balio izan.  Euskaldunek behiak jezten eman dute Historia osoa, mendeak eta mendeak behiak jezten”.

Idazle guztiok jotzen dugu Borges izatera

Bitxia da gero, euskaldunak gutxietsi nahian, hara non guztiz arrazista den iruzkin bat egin zuela idazle handiak, bere burua agerian utzita eta agerian utzita idazle handiek ez dutela akats-gabe eta perfekturik zertan izan. Borgesek espainiarrei buruz zioena, ordea, ez da horren ezaguna; zera zioen: “Espainiarrek ez dakite espainieraz hitz egiten: Madriz esaten dute Madrid esan ordez”.

Espainiako errege Felipe VI. Prestuak, horren prestua berak, izanen zuen Borgesen aipuaren berri eta horregatik deitu zion Jose Luis eta ez Jorge Luis? Ez dut uste, zeren eta euskaraz bada esaera zahar bat, burura datorkidana, Euskalerria Irratiko entzuleei agur egiteko eta ikasturte honetako lehen irrintzia biribiltzeko: “Tximinoa gorago eta ipurdia ageriago”.

Idazle guztiok jotzen dugu Borges izatera euskalerriairratia.eus

Idazle guztiok jotzen dugu Borges izatera

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.