Independentziarekin lerratuta

Independentziarekin lerratuta –

Argia aldizkaritik jasoa.

Independentziarekin lerratuta
Argazkia: Dani Blanco.

2018an bi ertzainek salaketa jarri zuten ARGIAko Lander Arbelaitz kazetariaren aurka Donostian hizkuntz eskubideen urraketa batez informatzeagatik, haien aurkako iraintzat jota. Epailearen aurrean deklaratu ostean, kasua artxibatzea erabaki zuten Donostiako Epaitegiek, baina ertzain batek erabakiari errekurtsoa jarri eta mailaz igo zuen salaketa. Gipuzkoako Auzitegiak ARGIAri arrazoia eman dio eta informatzeko eskubidea gailendu da.

Ertzain batzuek, enegarrenez, informatzeko eskubidea auzitan jarri dute. Hori bere horretan larria da, baina kasu honi euskarafobia gehitu behar zaio. 22.125 eta 23.044 ertzainei ez zaie gustatu hizkuntz eskubideen urraketa baten aurrean hainbat lagun isilik geratu ez izana: euskaraz hitz egiteko eskaerari eutsi zion Eneka Alvarezek eta Poliziaren jarduna espazio publikoan grabatzeko eskubideari eutsi zion ARGIAko kazetariak. Ahaztu zaie nonbait, herritarren zerbitzura eta ordainpean dagoela Polizia, eta herritarren kritika publikoak jasotzea beren lanaren barruan dagoela, zenbait epaik ebatzi duten gisara.

Eta, berriz diogu, ez gara esaten nekatuko: Polizia grabatzen jarraitu behar dugu. Gardentasun ariketa izateaz gain, herritarrok gure burua babesteko dugun bide bakarra delako askotan. Ala, norbaitek uste ote du bideorik grabatu eta zabaldu ez bagenu, epaiketara eramango gintuztenik? Polizia batzuek ez dute beren lan publikoaren ispilurik nahi, Mozal Legearen ikuspegi zigortzailearen epelean erosoago bizi dira. Eta horregatik ez dugu ahazten, egiazko protagonista, Eneka Alvarez, euskaraz bizitzeko eskubideari eutsi zion herritarra, Mozal Legea baliatuta isundu dutela ertzain horiek beraiek.

Berdin izan die Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, 400dik gora kazetarik, euskaltzalek, hedabidek eta eragilek esandakoa. Baita Ertzaintzaren goi karguek ere, publikoki barkamena eskatu zutenean.

.

Pixka bat es multa?

Galdera da, erakundeek zertarako eskatuko diete herritarrei Ahobizi izateko ahalegina egiteko, ahalduntzeko, hizkuntzari eusteko, gero, oinarrizko eskubideak babesteko ardura dutenak badira askotan eskubideak urratzen dituztenak? Tamalez, asko dira azken aldian euskaldunen aurka gertatutako halako erasoak.

Ertzainek euskaraz jakin behar dute. Ertzainek hizkuntza eskubideak bermatu behar dituzte. Kalean, ertzain etxean eta epaitegietan. Haien ardura da. Lehen mailako eta bigarren mailako pertsonarik ez badugu nahi, behintzat. Eta edozein ardura publikotatik kanpo beharko luke euskaraz artatua izateko eskaerari mehatxuka erantzuten dion funtzionario orok.

Nork aukeratu du beste garai bati dagokion Polizia eredu opaku hau? Bada garaia herritarrok gai honi buruz hitza eta erabakia izateko.

Hala ere, gaurkoa ere bada hizkuntzari eutsi eta espaloitik ez dela jaitsiko ongi barneratuta duen komunitate aktiboa zoriontzeko eguna. Eskubideak, baita hizkuntz eskubideak ere, praktikan borrokatzen eta irabazten dira.

Eta kazetaritzaren ikuspegitik, argi dugu gure aurkako hau ez dela ez bakarra ezta agian azkena izango ere. Gu zorteko sentitzen gara, ez baitira gutxi izaten halako erasoen aurrean bakar antzean geratzen diren kazetari eta herritarrak. ARGIAn, aurreko beste kasuetan bezala, argi dugu zein den gakoa: hedabidearen aurkako eraso gisa ulertu eta hala jokatu dugu amaierara arte.

Gure ustez kazetaritzak librea behar du, kritikoa, eta badakigu horrek deserosotasunak sortzen dituela batez ere boterean daudenengan. Horretarako ezinbestekoa da loturarik ez izatea kazetaritzatik oso bestelako interesak dituzten banku, multinazional edo alderdiekin. Gurea da garaipena, langileona eta komunitateko kideena delako ARGIA. Hori bezain sinple, hori bezain garrantzitsu.

Elkar babesten jarraituko dugu. Kazetaritza independentea, adierazpen askatasuna eta euskaraz bizitzeko eskubideak bidelagun. Lerratuta gaude. Gure komunitatearekin eta balore eraldatzaileekin lerratuta. Eta Mozal Legearen aurkako auzia irabazi genuenean genioen bezala: Isiltzen denak zorionik ez du.

Independentziarekin lerratuta

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.