Gaurtik fikzioa euskaraz hedabide publikoetan

Gaurtik fikzioa euskaraz hedabide publikoetan –

Gaurtik fikzioa euskaraz hedabide publikoetanKirolak leku aparta du EITBn, nork uka! Denok dakigu euskaldun mota bat oso kirolzalea dela, hasi herri-kiroletatik eta pilota-futbol-saskibaloi-tenis eta txirrindularitzaraino, kirol ikusle eta hedabideetan kirol-kontsumitzaile handia, eta horrelakoek, dudarik gabe, eskertzen dute dagoen eskaintza zabal hori.

Euskaldun batzuk kirol epikaren zaleago dira fikziozko istorioetako lirika eta dramatikarena baino, batez ere, gizonak. Beste euskaldun mota bat, berriz, fikzio eta istorioen zaleagoak, nahiz eta bi zaletasunak pertsona bakar eta berarengan bildu ezinik ere ez dagoen, noski! Behintzat garbi dago euskaldun guztiok ez garela kirolzale amorratuak eta fikzioaren gorroto. Gaur egun nork ez du Netflix edo gisakoetan telesailik ikusi?, nori ez zaio gustatzen filmak ikustea telebistan? Bada, bigarren mota honetako euskaldunak ez dauka zer eskerrak emanik EITBri, hark fikzio aukera zabala eskaintzen diolako.

Eta bizkitartean gutako askoren desira eta eskaria da, ez banaka batzuen apeta edo tema. Berria egunkarian, esaterako, J.L. Zabala kazetari eta idazlea aspalditik ari da fikzioa euskaraz aldarrikatzen, bertan egina edo/eta bikoiztua, zeren herri txikia izanik, literaturan itzulpenen beharrean garen bezala, fikzioari dagokionean ere, beste horrenbeste, bikoizketen beharrean garenez gero.

Berriki Argia astekarian Xabier Letonari irakurririk Enric Marín Otto irakasleak katalanaren egoeraz “Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan” ikastaroan adierazitakoak, are garbiago ikusi eta sentitu dugu zer-nolako garrantzi itzela duen helduentzat ez ezik haur eta gazteentzat, haiek eta hauek euskal sareetan nabigatzen ikusi nahi baditugu.

Aipaturiko irakaslearen arabera, 1980tik 2000ra, katalanaren berreskuratze prozesu nabarmena gertatu zen; 2000tik 2010era geldialdia, eta 2010tik 2020ra pixkanakako atzerakada. Eta atzera, batez ere umeen eta gazteen artean egin du katalanak. Haiek berehala murgiltzen direlako OTTn (Over The Top: Netflix, Google, Amazon…), eta bizitzarekin, sozializazio eta abenturarekin lotzen dituzten programak edo ikusgarriak gaztelaniaz eta ingelesez jasotzen dituztelako, eta ez katalanez.

Gurean ere, antzekoa gertatu da, 2000. urteraino hortxe nonbait igoera; gero geldialdia eta pixka bat behera. Eta gazteengana etorriz, Soziologia Klusterrak berriki gazteen euskararen erabileran eragiten duten faktoreen gainean egindako azterlanaren arabera -Gernika, Zornotza, Pasai Donibane eta Zumaiako gazteak-, besteak beste, sare sozialak eta ikus-entzunezkoak axola handikoak dira erabileran eragiteko:

Familia eta eskola zutabeak dira, baina erabilera sostengatzeko ahalmen mugatua dute. (…) Sare sozialak, ikus-entzunezkoak, musika, moda, kirola, kuadrilla, lokalak, diskotekak, jaiak… gazteen mundua betetzen duten elementu, produktu eta praktika dira, eta hor euskarak oso toki gutxi dauka. Gazteen kulturak eta euskarak bat egiten ez badute, erabileran eragiteko aukerak oso mugatuak izango direlakoan gaude. (Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia. Soziolinguistika Klusterra. 2020ko maiatza).

Ildo beretik, aipatu zuen Enric Marón Otto irakasleak bi tren erraldoi ditugula hartu beharrekoak katalanak edo euskarak aurrera egitea nahi badugu: OTT eta 5G iraultza teknologikoa. 2025erako, Europan nahiko zabaldua egongo omen da –mugikor guztiek izango omen dute– eta borroka geopolitiko-estrategikoa ekarriko bide du. Azaldu zuenez, azken hamarkada hauetan Espainiako estatua ondo arduratu da esparru horretan autonomi erkidegoak eskumenik gabe uzten, eta katalana eta euskara aurrerarazteko derrigorrezkoa omen da esparru horretan gudukatzea, estatuan bezala Europar Batasunean ere, katalanak eta euskaldunok batera: “Estatuan, euskaldunak eta katalanak batera; eta Europan eskoziarrekin, daniarrekin eta beste hizkuntza txikiago batzuekin, izan hauek estatua edo ez”. Zerrenda hori emateko, egoera linguistikoari baino gehiago politikoari begiratu dio hain segur; bestela, zergatik baztertu galegoa?, eta zergatik aipatu eskoziarrak?

Halaber, gomendatu zuen Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzea.

Zer gehiago jakin eta ikasi behar dugu euskarazko fikzioari benetako bultzada eta aukera eskaintzeko hedabide publiko edo pribatuetan, telesail jatorrizkoak eta bikoiztuak, film jatorrizkoak -ahal bada-, eta bikoiztuak, haur-gazte eta helduon olgeta eta gozamenerako. Denbora pixka bat beharko dugu fikzioa euskaraz dastatzen ohitzeko, baina, jakina, aukerarik eskaintzen ez bazaigu, inoiz ez gara laketuko.

Europako funtsak edo beste edozein funtsa, zergatik ez bideratu fikzioa euskaraz eskaintzeko?, eta katalan irakasleak aipaturiko bi arlo ezin garrantzizkoago horietan (OTT eta G5 teknologia) estatuarekin (edo estatuekin) borroka egiteko katalan, galego, eta hiztun gutxi(ago)ko gainerako europarrekin batean?

Gaurtik fikzioa euskaraz hedabide publikoetan

Zer duzu buruan “Gaurtik fikzioa euskaraz hedabide publikoetan”-ri buruz