Urtebetez urtea huts. Hasier Etxeberriari omenaldia

Hasier Etxeberriari omenaldia –

Letren Errepublikako lehendakariari Musikaren Etxeak eman zion aterpe atzo, non eta bere sorterrian. Elgoibartarrak izan ziren  protagonistak ia emanaldi osoan, hitza lanabes eta musika langai. Martxoaren 29an urtea beteko da Hasier Etxeberria hil zela, eta euskararentzat izan zelako, “Biba Hasier!” ekimena antolatu du Elgoibarko Izarra euskaltzale topaguneak.

Ekitaldia osorik (Barren.eus)

Joan zen ostiralean inauguratu zen Begia zulotik erakusketa, Jose Ramon Elortza, Edu Arrillaga eta Aitor Etxeberriaren lanekin. Ikusi ez duenak martxoaren 28ra arte izango du horretarako aukera. Egun berean argitaratu zuten Barren astekarian Hasierri eskainitako zortzi orrialdeko gehigarri berezia (1069.alea), etxekoen, lagunen eta lankideen ekarpenarekin. Atzokoa etxe honetako aitapontekoaren oroimenez prestatuko ekitaldia izan zen, Hasier hobeto ezagutzeko, Hasier sentitzeko.

Ane Odriak zuzendutako ekitaldian zehar, Iban Urizar Amorante eta Aitor Nova arduratu ziren musikaz: harmoniuma, tronpeta, saxofoia, pianoa… Emanaldiek asko izan zuten inprobisaziotik, baina bi lagunek elkar hain ongi hartzeko entsegu dezente egin zituzten aurretik, berantago aitortu zuten gisan. “Otoi” kantuarekin itxi zuten ekitaldia.

Mikel Hernandez Abaitua izan zen hitza hartzen lehena. Mikel eta Hasier, biak elgoibartarrak, biak gaztetan herritik alde egindakoak, eta biak idazleak. Nabarmendu zuen Hasier gehiegi ezagutu ez izan arren (bizitzak bide ezberdinetatik eraman zituelako) beti izan zutela konplizitate handia, eta bien artean jazotako zenbait pasadizo ekarri zituen gogora.

Jarraian Urruzuno Literatura Taldearen txanda izan zen, Hasierrek beti harreman estua mantendu baitzuen herriko irakurzaleekin. Hamabost liburutik gora idatzi zituen Hasierrek, eta alderdi hori gogora ekartzeko Jon Eugi eta Iñigo Otañok bere bi aukeratu zituzten, eta bertako pasarte bana irakurri. Lehenak Hasierrek 2007an idatzitako Iturrino handia liburuko atal bat aukeratu zuen -bere garaian, Hasierrek Urruzunokoei argitaratu baino lehen utzi ziena, irakur zezaten-, eta bigarrenak  Arrainak ura baino liburuko testu txiki bat.

Hasier Etxeberriari omenaldia
Urko Uranga eta Joxerra Garzia

Hizkuntza idatziari lekukoa hartu zion ahozkoak, elkarrizketa bidez: Joxerra Garzia idazle eta irakaslea batetik, eta Urko Uranga, ZuZeuko kudeatzailea, bestetik. Izan ere, biek ala biek Hasier ondo ezagutzeko aukera izan zuten zenbait urteetan zehar. Hasierren pentsamendua bistaratzeko eskatu zitzaien biei, eta norbaiten pentsamenduaren inguruan kalakan aritzea afera konplikatua dela aurretik garbi utzita, txukun heldu zioten biek gaiari. Urkok garbi utzi zituen, gehienbat, ZuZeuri dagozkionak, hor ere bikain bistaratzen baita Hasierren ideologia: euskara, kultura, Euskal Herria, partehartzea, teknologia berriak, gastronomia…

Euskara zen Hasierren aberri bakarra. Ausarta eta tematia zela nabarmendu zuen Joxerrak, eta hori nabaritu zela, adibidez, Ezker Abertzalearen eta EAJ-ren artean mantendu zuen ekidistantzian. Ez, ordea, ekidistantzia eroso bat, bi aldeetatik urrun sentitzen dena berdin-berdin, baizik eta “ekidistantzia zaila, kabroia, sufritua”, alde batengandik zein bestearengandik gertu sentitzeak sortzen duena. Eskuin espainiarreko zenbaitzuk “ETAren aldekoa” izatea leporatzen zioten aldi berean, ETAk, bere Zutabe aldizkarian, traidoretzat jo zuen Hasier. Joxerrak behin baino gehiagotan aipatu zuen azken honek lur jota utzi zuela denbora luze batean.

Bestalde, Hasierrek bizitzarekin zeukan filosofia motzean azaltzen bikain asmatu zuen Joxerrak, Hasierrek mahaiaren bueltan zeukan ohitura bat gogora ekarrita. Nork edo nork arraina edo haragia nahi zuen galdetzen zionean, Hasierrek erantzun ohi zuen: “Biak. Eta gazta.”

Hasier Etxeberriari omenaldia
Uxue Alberdi eta Jasone Osoro

Behin bien arteko elkarrizketa amaituta, Uxue Alberdi eta Jasone Osoro idazleak igo ziren oholtzara, hauek ere Hasierren bi idatzi irakurtzeko. Jasonek Iturrino handia liburuko pasarte bat aukeratu zuen, eta Uxuek artikulu bat, lagunen heriotzak eta telefono agenda parez-pare jartzen dituena.

Amaitzeko, Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea taularatu zen bere ekarpena egiteko. Oroitu zuen EITBn paraxutista baten moduan jauzi zela, eta Hasierrek bera begiratutakoan umezurtz bat ikusi zuela; eta noski, adoptatu egin zuela.

Hasierrek emandako aholku guztiekin ezin izan zen oroitu, baina bai nola zaindu zuen, nola lagundu, eta bihotz-bihotzez eskertzen diola. Hasierren aitari, Felixi, gogorarazi zion Hasierrek pasioz hitz egiten zuela berari buruz, bere aitaren jarraitzaile sutsua zela.

Gurasoak izan ziren amaieran guztien berotasuna jaso zutenak. Felix eta Lolitari opari bana eman zieten Jasone Osoro idazleak eta Iñaki Kondek, Izarra elkarteko lehendakariak. Gurasoak hunkitu ziren, eta jakina den bezala, malkoak kutsakorrak dira.

Ekitaldia Hasierrek nahiko zuen bezala amaitu zen, tabernan, ardo eta pintxo artean. Baina Ane Odria aurkezleak bukaeran azpimarratu zuen bezala, ez dute aurtengo ekintza sorta zerbait puntuala eta jarraipenik gabekoa izatea nahi. Ez dugulako Hasier ahaztu, eta bereziki, ez dugulako ahaztu nahi. Izan dadila bide luze eta oparo baten lehen pausoa.

Hauek badira utzi dituzun oinatzak, a zer nolakoak izango ziren urratsak. Biba Hasier!

Hasier Etxeberriari omenaldia

 

Hasier Etxeberriari omenaldia  Hasier Etxeberriari omenaldia  Hasier Etxeberriari omenaldia

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

4 pentsamendu “Urtebetez urtea huts. Hasier Etxeberriari omenaldia”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-03-23 20:37

    Nik tipo hori telebistako programa batean ezagutu nuen lehen aldiz eta sagardotegira elkarrekin joateko lagun bikaina izan zitekeela pentsatu nuen. Mahaiaren bueltan irudikatzen nuen beti… hortik aurrera…

  • Atxagak berrian 2018-03-23 21:47

    Lehengo batean, telebistan, galdera egin zioten itsu gelditutako Maialen Solaun neskatilari, gogoratzen al zituen munduko gauzak, eta berak erantzun zuen batzuk ahazten ari zitzaizkiola, “esate baterako errektangelua, ia ez dakit nolakoa den”.
    Hasier Etxeberria hil dela jakin orduko neskatilaren erantzuna etorri zait gogora, Euskal kulturari zegokionez errektangelu bat zen bera, gure puzzleko pieza sendo eta seguru bat, edozer eraikitzeko unean oinarria eskaintzen zuena. Gainera, ahots bat zuen, hizkera nahastezina. Artista eta idazleek, beti kolokan, hutsunea sumatuko dugu orain.
    Ahaztu egiten da ikusten ez dena. Errektangelua nolakoa den ere bai. Ez dezagun ahaztu Hasier Etxeberria eta berak egindako lana.

  • Ea, egia al da lehen ez bezala, orain iruzkinek zentsura bat pasa behar dutela?