Biolentziarik gabe, dena da posible

Biolentziarik gabe, dena da posible –

Uda zela esango nuke, jai giroa eta eguraldi ona zegoelako. Hantxe geunden hiruzpalau lagun, geure intsumiso talderako dirutxo batzuk irabazteko pegatak eta txapak saltzen. Jendez betea Donostiako bulea, udaletxe parean.

Halako batean, aurrez-aurre, Ramon Labaien:

– Ostia, Labaien! Ea txapa jartzea lortzen dugun!

Atxekimendu kanpainan aritzen ginen garaiotan, eta garrantzitsua zen guretzako Euskal eskuin eta ezkerretik sustengua.

Aldiune horretan, lehentasuna zuen Labaien jaunari txapa jartzeak. Beraz, poteaz eskean ibiltzen diren hainbat taldeen antzera, abailan joan ginen berarengana metalezko iruditxoa eskuan genuela.(gogoratzen Picasso-ren Gernika-ko gizaki hura militar baten kaskutik atera nahiean?

– Intsumisioa! Pegatak! Txapak!

Sahieska ipinita eta begirada beste alde batera zuzenduz , baju-baju erantzun zigun:

– Ez, ez….

Besoarekin lagundu zuen keinu hura, era apal batean paretik kentzeko adierazi nahiean edo.

Eskean jarraitu genuen ezer gertatu ez balitz bezala, baina neure barruan, zerbaitek klik egin zuen.

Etxera iristerakoan, buruari bueltaka:

“Ea motel, nola da posible Eusko Alderdi Jeltzaleko kide “errespetagarri” batek, antimilitarismoaren aldeko txapa bat jarri nahi ez izatea? Ezkertiarrak gara “biolentoak”, euskal ezkertiarrok ditugu kontzientzia arazoak antimilitarismoa eta borroka armatuaren artean, baina euskal eskuinak, beti esan du biolentzia ororen aurka dagoela. Gainera ez da horren zaila beraiek kudeatzen duten ertzaintzaren jarduera biolentoa ETAren bortizkeriaren ondorioa dela esatea, beraz, zergatik?”.

Hurrengo asteko taldeko batzarrean komentatu nuen eta berunezko soldaduen bilduma egiten zuela -sasimilitarista moduko bat zela- eta antzeko huskeri batzuekin amaitarazi nahi izan zizkidaten kezkak.

Labaien jauna 2013. an hil zen eta SAPA Placencia armagintzako enpresako zuzendaria izan zela ohartu nintzen eskela irakurtzerakoan.

Www.tedae.org Espainiar estatuko industria teknologiko-militarraren elkargoaren web orrian irakurri berri dut SAPAk, egun, hainbat herrira, adibidez Turkia eta Saudi Arabiara armak esportatzen dituela.

Orduan ulertu nuen zergatik ez zuen intsumisioaren aldeko txaparik jarri nahi. Labaien jaunak, beste hainbat pertsona “errespetagarri”ren antzera, arma salmentatik lortzen zituen onura ekonomikoak. Arma salmentatik!

Adibide soil bat ipintzearren, milaka zibil hil dira Yemen-en Saudi Arabiaren eskutik, eta hor, euskal enpresek heriotzean oinarritutako etekin ekonomiko bat lortzen dute.

Bestalde, ETAk 2011 ko urrian utzi zituen armak, duela sei urte baina gehiago. Ezker Abertzaleak ETAren indarkeria –beste indarkeria oro ere, noski- argi eta garbi errefusatzen du, baina oraindik hainbat alderdi politiko eta eragile sozialen iritzian ez du “label demokratikorik” lortu.

Honek guztiak, ondorengo galderak ekartzen dizkit gogora:

  • Ze zilegitasun du arma salmenta sustengatu eta sustatzen duen alderdi batek beste alderdi bati biolento labela eman edo kentzeko?

  • Zergatik ez dugu erabiltzen aurrekoa gainontzekoen kontraesan moral larria azaleratzeko? Zergatik ez diegu esaten erahilketetatik etekin ekonomikoa ateratzen dutela? Heriotzetik aberasten direla? Zer da, gezurra?

EAJ jarri dut adibidetzat Labaien jaunarekin topo egin nuelako, baina antzeko argudioak erabili ditzakegu beste edozein alderdi, armagintza industria-gizon errespetagarri eta enparauentzako.

Ea eztabaidatxo bat piztea lortzen dudan…

Biolentziarik gabe, dena da posible

Biolentziarik gabe, dena da posible

8 pentsamendu “Biolentziarik gabe, dena da posible”-ri buruz

  • Euskaldunok botere nahiko bagenu lantegi guzti horiek espropiatu beharko genituzke, estatu propioa eta gure interesak defendatzeko sortuko zen herri armada leporaino armatu eta puntako teknologia gizateriaren onerako izango diren proiektuak garatzeko erabili.

  • Neure ustez arazoa ez da informazioa, erabilpena baizik.
    Zergatik makurtu arazi behar naute Yemen-en zibilak hiltzeko armak salduz aberasten direnek? Zergatik ez ditugu geuk makurarazten?
    Benetan, ez dut ulertzen.

  • Azken portu 2018-03-24 09:00

    Txapa zintzilikatu eta gero “gora ETA militarra” ohiukatzen zutenak baino zintzoagoa zen Ramon.

  • Kaixo Azken Portu,
    Intsumisioa eta antimilitarismoa ez dira gauza bera, eta EHn intsumiso asko ez ziren biolentzia erabiltzearen aurkakoak izan, hori ez da eztabaidagarria neure ustez.
    Kontua da, armagintzako jauntxoak, izenak izen (asko daude eta), “errespetagarriak” direla eta Ezker Abertzale inguruko pertsonak ez.
    Galdera bat: zergatik du bere izeneko plaza bat Labaien Jaunak eta ez diote Donostiako liburutegi bati Txillardegi izenik ipini nahi? Larriagoa al da ETAren sortzaileetako bat izatea SAPAko zuzendaria baino?
    Mila esker eta segi ondo,

    • Euskaldun bat 2018-03-26 09:45

      ?Ez da errespetagarria izan ala ez, baizik eta kasu horretan Labaienek modu zintzoan eta koherentean jokatu zuela. Alegia, politikoki zuzena izan ez arren bere ogibidea zuena izanda ez zuela txapa hori hartu eta soinean jarri.
      Hala ere, Labaienen kasuan bere euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa ezin ditugu ahaztu; ausartuko naiz esatera bera gabe agian gaur egun ditugun euskarazko apur horiek are apurragoak izango zirela. Hobe genuke bera bezalako gehiago izatea, nahiz eta bere ogibideak zalantzat sortu gutako askorengan.

      • Kaixo,
        Nik uste dut, benetan, ez garela jabetzen arma salmentaren ondorioez. Bestela zaila egiten zait euskal kulturari egindako ekarpena milaka erahilketa eragiten dituen negozio baten gainetik jarri nahi izate hori. Gauza bera esango genuke narkotrafikatzailea izango balitz? edo hildakoak euskaldunak izango balira?
        Baina, ez dut horretan sartu nahi. Eskuinak, oro har , itzelezko abildadea du bere legepean zigorturik eta moralki gaizki ikusita daudenak egin eta jendea beste alde batera begira jartzeko.
        Kontua da, zertan ari da euskal ezkerra? ETAk aspaldi utzi ziola hiltzeari eta oraindik Ezker Abertzaleak etengabeko barkamen eske infinito batean dagoela dirudi. Bitartean, armagintza industriak, eta jauntxo haien oinordekoak hor jarraitzen dute, milaka zibil gizarajo akabatzen eta bidegabeko aberastasuna lortzen.
        Laburbilduz, zuk (figuratuan) nik baina hildako gehiago eragiten badituzu, nik bat bera ere ez dudalako eragiten, zertan ari zara neuri kontu eske? Ez al da nik kontuak eskatzeko garaia?

  • Euskaldun bat 2018-03-26 09:10

    Agian ez da hemen heldu behar zaion gaia, baina, norbait konturatu da Sapa Placencia enpresaren web-orria gaztelaniaz eta ingelesez baino ez dagoela? Horretan argi ikusten da boterea non dagoen eta gu (euskaldunok) ez gaude kokaleku horretan.