Hamar liburuena

images9.jpg
Inkesta txiki baten berri.

Jakineko gauza da euskaraz 1000 aletik gora saltzen den literatura liburua, ez dela arrazoi naturalengatik saltzen. Ez dela irakurlea dendara joan liburua eskatzera, hura ergitara eman eta bizpahiru hilabete iragan ostean. Euskal liburu bat gehiago bizi bada, edo bataz bestekotik gora saltzen bada, eskolan irakurrarazten dutelako da. Nago, gainera, hori ez dela gurean bakarrik gertatzen, inguruko industrietan ere, halatsu izaten dela hori, aldeak alde.
Egileak, orduan, ez du jakiten nola hartu bere liburuen berrargitaralpenen albistea. Alde batetik, normala denez, poztu egiten da, berak egindako umetxoak bizirik jarraitzen baitu, nolabait, eta bi sos jasoko ditu ordainetan. Baina, bestetik, badaki okerreko efektuak sor dakizkiola eskolan derrigorrez irakurria izate horrek, eta agian gazteren batek ez diola barkatuko era horretan torturatu izana: heldua denean, ez dio sekula helduko egile horren liburu bati, seguru asko.
Gai hau dela eta, eztabaida txiki bat jarri dugu abian Interneten, gaur egungo euskal ikasle batek zein 10 liburu (gutxienez) irakurri behar dituen jakiteko. Izan ere, bai baitira irakasle alferrak, duela hogei urtetik hona liburu berberak irakurrarazten dituztenak eta, hala, egileek ezin dute ulertu nola litekeen euren liburu zahar eta kaxkarragoak agintzen ibiltzea, berriago eta ustez hobeen aldean.
Jakina, eztabaida honek ez du inolako estatistika baliorik, dozena bat pertsonak baizik ez baitu parte hartu. Baina gauza bitxiak irten dira. Esate baterako, irakurtzera derrigortu behar ote den ere galdetzen zuenik agertu da, edota, zergatik 10 liburu bai eta ez, esaterako, 10 antzerki lan, film, edo musika. Denetarik egonda.
Niri neuri bitxia egin zait Axularren “Gero” irakurtzera behartzen duen irakasleari buruz gaizki esaka ibili den bat aurkitzea. Ulertzen dut esan nahi duena, baina niri neuri guztiz ongi etorri zitzaidan Xalbador Garmendia irakasleak liburu hori irakurraraztea 14 urte nituenean. Iruditzen zait, harrez gero, euskararen sekretu handienak ezagutzen ditudala. Baina, egia, hori euskara klase batean izan zen, eta ez literaturari buruzko batean.
Zeintzuk dira, ba, gaurko euskal gazte batek eskolan irakurri beharreko 10 liburuak ? Ez dago adostasunik eta zerrenda oso zabala irten da. Zenbat buru, hainbat aburu.
Hiru liburuk bakarrik lortu dute boto bat baino gehiago: Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako”, Sarrionandiaren “Narrazioak” eta Iturriagaren “Berandu da gelditzeko”. Hortik aurrera denetarik dago, nahiz eta zenbait idazleren izenak, besteenak baino gehixeago agertu: Atxaga, Zabala, Epaltza, Etxaide, Elorriaga, Irigoien, Urretabizkaia, Lertxundi, Alonso… Baina liburuen inguruen, badirudi ez dagoela adostasun handiagorik.
Argi geratu dena da, eztabaidatzen jarraitu beharko litzatekeela, eta literaturak eskolan behar duen trataerak azterketa sakonagoa merezi duela. Bedi, bada.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 071124

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)