Astebururako plana

images-13.jpg
Behin, urpeko arrantzan nebilela, itsaskabra eder eta pozoitsu batek egin zidan alde arroka zulo batera. Harantzago olagarro bat zegoen eta harekin kontsolatu beharko nuela pentsatu nuen. Alabaina, hark ere, tintaz zikindu zuen ura eta ziztuan joan zen ezkutatzera: itsaskabra sartutako zulo berera.

Begira egon nintzaion zuloaren ahoari, han barnean zer borroka klase egongo ote zen pentsatzen. Halako batean, hondarra eta zakarrak hasi ziren handik irteten. Ikusten zen benetako kalapita zerabiltela bi mamorroek. Minutu apur batzuk izan ziren, baina han barruko batek erabaki zaila hartu behar zuen: zuloan batentzat bakarrik zegoen lekua eta kanpoan neu nengoen arrantzarako prest.

Han irten zen olagarroa, sartu zen abiadan baino azkarrago, eta han joan zen ihesi bistatik, zereko zerera. Ez nuen ez bata eta ez bestea harrapatu, baina ikasi nuen pozoiak indarrak baino gehiago balio duela batzuetan.

Ez dakit zergatik diodan hau guztia, ezen hemen aipatu nahi nuena zen gaur ostirala dela eta ez dela plan txarra, halako zerbait egitea. Baina zahartzen hasita nago, antza, eta gerra ezagutu gabea izaki, gertaera ezdeusak kontatu behar.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Astebururako plana”-ri buruz

  • Poseidon Oskoz 2007-11-23 10:54

    Agian non e vero ma e ben trovato. On egin!

  • Vero da, mon ami, guztiz vero.

  • Ene kanoan nindoan,
    Itsasoan nindoan,
    Arraunka nindoan lehunkiro
    Ammassivid fiordoan.
    Izotza zegoen uretan
    Eta arraintxo bat ere bai
    Bere burua alde batetik bestera
    Mugitzen, baina berak
    Ez ninduen arraunka ikusi.
    Bat-batean buztana eraginik
    Desagertu zen,
    Uretan murgildu zen,
    Baina ez nigatik:
    Urazalean buru handi bat,
    Foka handi eta iletsua,
    Buru erraldoi bat, bi begi, eta bibote,
    Dirdiratsua eta ura zeriola
    Astiro-astiro hurbildu zitzaidan
    Foka hura.
    Zergatik ez nion harpoia jaurti?
    Gupidatu egin nintzen?
    Egunagatik ote, udaberriko egunagatik,
    Foka hura eguzkitan
    Jolasten zelako ni bezala?

    J. Sarrionandia – Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak – Fiordoa udaberrian (Eskimala)