Gizona ilunpean

img_med_384.jpgPaul Auster. Gizona ilunpean. Alberdania.

Putakume galanta, horixe da Paul Auster. Sadikoa ere bai, ni bezalako irakurleekin nahi duena lortzen baitu aluak. Plastilina zati bat baizik ez gara, haren fantasiaren menera dantzatzen dugunak. Eta abisatuta nengoen, ezagutzen dut Austerren lana, irakurriak ditut haren lanak dozenaka, badakit zertan dabilen, azkena ez zitzaidan gustatu…, baina, hala ere, amuari egin diot kosk, eta hor ibili naiz  haren abildadeetan igeri, jakinaren gainean artifizo bat dela amuaren puntan jarri duen beita. Baina nik kosk. Eta irentsi. Zakatzetatik haratago, urdailaren erdiraino.

Eleberria gau bakar batean gertatzen da. Areago, gelako ilunpetan eta ohean etzanda dagoen elbarri bat du protagonista eleberriak. August Brill du izena, 72 urte ditu eta 46 urteko bere alabaren etxean dago. Biloba Katya ere bertan da, hogeita hirukoa. Hiru pertsona dira, bizimoduaren desastreak harrapatuta. Nor baino nor dago okerrago. Eta lo egin ezina hondoan: asmatu egiten ditu istorioak August Brill-ek gauaren erdian, ohean datzala. Eta hala asmatzen du Estatu Batuetan gerra zibil bat. Eta nahasten ditu plano guztiak,  Owen Brick izeneko pertsonaia gauzatzeraino. Bere bizia ere kontatzen du Brill-ek, ingurukoena bezainbeste.

Eta irakurle prestua zarela uste duzunez, ohartzen zara dena dela tranpa, zeuretzako berariaz egina. Artista handia batzutan, goenkalegilea bestetan… Konturatzen naiz efektista eta esajeratua dela, irudirik gordinenak erabiltzen dituela film merkeenetan bezala, lanik ere ez  duela hartzen agerikoena estaltzeko… baina ezin ukatu: berriro ere harrapatu zaitu Austerrek bere sarean, memelo halakoa, bizitza honetan merezi duen esaldi bakar elementala dagoela esanez: mundua beti dabilela jira eta biran. Alua!

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Gizona ilunpean”-ri buruz

  • […] Asteburu honetan idazle iparramerikar batekin egon gara. Horren berri nahi duenak, Urriaren 20an, astelehenarekin, gaueko 21′30tan, aurki sortuko den ETB3 katean, edo hurrengo larunbatean, hilak 25, arrtsaleko 14′30 aldera, ETB1en. SAUTRELAn, jakina. zabaldubildudel.icio.us […]