Kontxo, kontxo!

 orangutan.jpg

Ez naiz ekitaldian izan —ez nekien egitekoa zutenik ere—, eta harrituta geratu naiz Euskaldunon Egunkarian, barkatu, Berrian, titular hau ikusi dudanean: Euskarazko kulturaren “prestigio demokratikoa berreskuratzea” proposatu du PSEk. Ea ba, ea ba. (Irakurritako informazio apur honetan bakarrik oinarriturik —bihar jakingo da gehiago, antza—, hanka sartuko dut seguru-seguru kronika azkarregi honetan. Beti lez. Baina hau blog pertsonal bat da, eta hemen ezin bada hankarik sartu, esango didazu zein demontre den horretarako toki egokia.)

Ederki dago gaurkoa bezalako gauzak hauteskunde bezperan egitea, erran nahi baita, inportantea behar duela izan euskararen kontu honek, boto ekarlea, nolabait. Poztekoa, ezbairik gabe. Horrelako gauzak behar ditu euskarak, positiboak: ikasi eta erabili euskara eta surf taula bat emanen dizugu, edota, gehiago ligatuko duzu horrela moduko sloganak dituztenak. Poztekoa da sozialisten artera ere hedatu izana Etxezarreta eta enparau euskaldun euskaltzaleen prediku zintzoa. Irekita dauka López Lehendakarigaiak euskaltegirako bidea. Beretarrek ere ulertuko dute halako jarrera  aurrerakoi eta demokratikoa, batere ez-sospetxosoa gaurtik aurrera.

Alabaina, titular berak harritu nau ni: noiz arraio galdu du, ba, euskarazko kulturak prestigio demokratikoa? Zer arraio da hori? Gure hizkuntzan eraikitako kulturak sekula halakorik izan duenik ez dut egundo entzun. Areago, munduko beste hizkuntzetan eraikitako kulturei ere ez dio nire begien aurrean sekula santan halako konturik inork egotzi. Frantsesezko kulturak prestigio demokratikoa ote dauka? Eta gaztelaniazkoak? Eta ingeles, txinatar edo portugalerazkoak?

Bide horretatik tiratuta, noiz arraio galdu genuen sekula eduki gabekoa? Nola daiteke hori? Ez ote dira ari euskaldun(euskaltzale)=terrorista dikotomia publizitatu hori apurtu nahian? Hala bada, nork sortutakoa da perbertsio hori? Noren buruetan egiten du hizkuntza batek inor terrorista? Ez, behintzat, erabiltzaileenetan. Izan euskaldun ala izan turkiar. Beste baten-baten problema da hori sortu izana, eta ez euskaldunona. Izatekotan.

Areago, -zko atzizki hori, ez dakit nik atera ote zaien oso xuxena, kultura ez baita sekula hizkuntzaZKOA, mahai bat izan daitekeen bezala egurreZKOA. Ez ginen ba ados geratu batxillerrean kultura gauza desberdin askoren konjuntzioa zela? Ala mutuek ez dezakete ukan kulturarik?

Aspaldi utzita gabiltza kazetari lanak, baina PSE-EE Donostiako egoitzan izan garen ehun eta hamahiru alditan eskatu dugu prentsako txostena eman diezagutela euskaraz ere. Euskaraz dihardugun kazetarioi lana errazte aldera. Mutur harridurazkoetatik, irri faltsuetarainokoak ikusi ditugu horrelakoetan, baina egundo ez zaigu egokitu euskarazkorik dossierretako gaztelaniazkoen artean. Pentsatzekoa da hemendik aurrera, hitz potoloegien beharrik gabe, erraza dutela nondik abiatu pausoa. Hobe bai balitz horrela. Bitartean: Santo Tomasena.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Kontxo, kontxo!”-ri buruz

  • Bitxia benetan PSErena. Hauteskundeak irabazi ahal izateko euskaltzaleen trajea (bere eran) jantzi nahi dute, baina traje hori beraien neurrikoa ez dela agerian dago, nire ustez behintzat. Duela hilabete gutxi sozialisten web orria ez zegoen euskaraz, mesfidatia naizela esango dit norbaitek, baina justu orain euskaraz ikustea (ez dute lehenago denborarik izan euskaratzeko?) arraroa iruditzen zait. Ez hitz egiteko hizkuntz ereduen legearen erreformaz.