Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea

Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea

Euskal gaizkileei eskainitako serie honekin jarraituz, justiziak kondenatu gabeko gaizkile bat dakargu: Luis Beaumontekoa, Leringo kontea.

Gaizkile kantu guztien artetik gehien gustatzen zaidana da, berri berria ere ez den arren: 1440ko erdi aroko Zuberoatik, ahoz-aho saltari etorria zaigu Bereterretxen khantoria.

Hau bai dela zinez kantu ederra! Ba ote da abesti-sarrera batentzat ahapaldi inspiratu eta adierazgarriagorik honakoa baino?

Haltzak ez du bihotzik,

ez gaztanberak hezurrik

ez nian uste erraiten zuela

aitunen semek gezurrik

Gure kantuetako tradizio zintzoenari jarriki, naturaren aipua dator lehen hitzetan, baina estetika huts baino askoz gehiago ere bada, zinez. Mauleko gazteluaren ingurubueltako aiton-seme noble haien izaera ustela zela argi uzteko, ez daiteke aurkitu formulazio hoberik. Izan ere, aitonen-semek ez luke behar gezurrik, nola haltzak ez duen bihotzik ez eta ere gaztanberak hezurrik.

Luis Beaumont, Leringo Konteak, Bereterretxe atxilotzeko eta akabatzeko agindua eman zien bere gizonei. Antza, arerio politikoak ziren biak ala biak, Leringoa beaumondarra, bistan denez, eta Bereterretxe agaramondarra. Nafarroako ahaide nagusien arteko liskarretan kokatu beharreko historia da berez, nahiz eta hedatua den beste kontu bat ere: bi gizonek maite zutela emakume bera, Ezpeldoiko Margarita.

Kantuaren arabera, trikimailuz ekarri zuen Beaumontek Bereterretxe: «Bereterrex, haigü bortala: ützüliren hiz berhala» Bereterretxe hator atarira, itzuliko haiz berehala.

Bai eta zera ere! Preso hartu, Ezpeldoiko haritz bati lotu, eta hantxe garbitu zuten errukirik batere gabe.

Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea.

Gertaera lazgarria baino lehenagoko bi kontakizun adierazkor ageri dira:

  • Bereterretxek bere patua zein izango den antzematen duenean, amari atorra (alkandora) egiteko eskatzen dio, horixe jantzita oroituko baitute etorkizunean: «Bizi denak oroit ükenen dü Bazko gai-erdi ondua!».
  • Preso eta eskuloturik zeramatela, boneta (txapela) erori zitzaion lurrera Bereterretxeri. Ezin, baina, hura handik jaso, une hartako inpotentziaren erakusle: « Buneta erori lürrera eta eskurik ezin behera».

Hil osteko beste bi:

  • Marisantz amaren lasterra Jaun Kontearen atarira, seme bila: «Ai, ei, eta, jauna, nun düzie ene seme galanta?». Eta honen erantzuna: «Ezpeldoi altian dün hilik».
  • Ezpeldoiko jende bihozgabeak, ezikusiarena egin omen zioten gertaerari, baina ez hala bertako alaba Margaritak, zeina esku-bete odol jasotzen ari den:  «Bereterretxen odoletik ahürka biltzen ari da».

Gezurra dirudi hainbeste mende eta gero, oraindik ere indar harrigarriz entzuten dugula egile ezagunik gabeko kantu hau. Izango da Mikel Laboak 1964. urtean utzi zigulako betiko ederki iltzatua:

Beste zenbait kontu:

.

 

BERETERRETXEN KHANTORIA

Haltzak ez dü bihotzik,
Ez gaztanberak hezürrik.
Ez nian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik.

Andozeko ibarra,
Ala zer ibar lüzia!
Hiruretan ebaki zaitan armarik gabe bihotza.

Bereterretxek oheti
Neskatuari eztiki:
«Abil, eta so egin ezan gizonik denez ageri».

Neskatuak ber’hala,
Ikusi zian bezala
Hiru dozena bazabiltzala borta batetik bestila.

Bereterretxek leihoti
Jaun Kuntiari goraintzi:
Ehun behi bazereitzola, beren zezena ondoti.

Jaun Kuntiak ber’hala,
Traidore batek bezala:
«Bereterrex, haigü bortala: ützüliren hiz berhala».

«Ama, indazüt atorra
Mentüraz sekulakoa!
Bizi denak oroit ükenen dü Bazko gai-erdi ondua!

Heltü nintzan Ligira,
Buneta erori lürrera,
Buneta erori lürrera eta eskurik ezin behera.

Heltü nintzan Ezpeldoira,
Han haritx bati esteki,
Han haritx bati esteki eta bizia zeitan idoki.

Marisantzen lasterra
Bost mendietan behera!
Bi belainez herrestan sartü da Lakarri-Büstanobila.

«Büstanobi gaztia,
Ene anaie maitia,
Hitzaz onik ez balinbada, ene semea joan da».

«Arreba, hago ixilik!
Ez otoi egin nigarrik
Hire semea bizi bada, Mauliala dün joanik.

Marisantzen lasterra
Jaun Kuntiaren bortala!
«Ai, ei, eta, jauna, nun düzie ene seme galanta?»

Hik bahiena semerik
Bereterretxez besterik?
Ezpeldoi altian dün hilik; habil, eraikan bizirik…»

Ezpeldoiko jenteak,
Ala sendimentü gabeak!
Hila hain hüllan üken-eta deüsere ez zakienak!

Ezpeldoiko alaba
Margarita deitzen da:
Bereterretxen odoletik ahürka biltzen ari da.

Ezpeldoiko bukata,
Ala bukata ederra!
Bereterretxen atorretarik hirur dozena ümen da

Euskal gaizkileak serieko beste sarrera batzuk:

Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai

Euskal gaizkileak: Estudiante bizkaitarra

Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria

Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga

Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea

Euskal gaizkileak: Berueteko Goñi anaiak

Euskal gaizkileak: Martin Larralde

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, “Mekatxis”

Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea
abestiak, bereterretxe, euskal gaizkileak, gaizkileak, herri kantuak, kantuak

Airetik bizi naiz. Ia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude