Estreinaldiak: Apirilak 18

Estreinaldiak: Apirilak 18

Estreinaldiak: Apirilak 18

Grâce à Dieu (Gracias a Dios)

Lyongo elizbarrutian jazotako pederastia kasuak eta instituzioak hura estaltzeko egindakoak kontatuko ditu François Ozon zinegile frantziarraren lan berrienak. 17. Giza Eskubideen Zinemaldian eskaini zuten, itxiera ekitaldian, eta Berlinen epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zuen urte hasieran. Alexandre da filmeko protagonista; haurra zela, Bernard Preynat apaizak gehiegikeriak egin zizkion berari eta taldeko beste hainbat scout mutili, tartean, François eta Emmanueli, eta orain, hirurak elkarrekin, haren aurkako borroka hasiko dute. Haien testigantzek hiriko zimenduak dantzan jarriko dituzte.

Donbass

Cannesko zinema jaialdian Un Certain Regard ataleko zinemagile onenaren garaikurra jaso zuen Sergel Loznitsa ukrainiarrak Donbass dramatik. Kritika bikainak jaso ditu gerra bere gordintasunean erakusten duen 120 minutuko zintak. Izan ere, propaganda politikoa egia balitz bezala saltzen den unean, gorrotoari maitasuna deitzen zaion momentuan, orduan, bizitzak berak heriotzaren itxura hartzen du.

Red Joan (La espía roja)

Espioitzari lotutako film biografikoak Joan Stanley andrazkoaren bizitza kontatuko du. Urte luzez Ingalaterran bizi izan da, inolako susmorik eragin gabe. Baina 2000. urtean MI5eko agenteek atxilotuko dute, Errusia komunistari informazioa helarazi izana egotzita. Hala, KGBren espioitza kasurik handienetakoa argitara irtengo da, eta Joanek gazte denborak gogoratuko ditu, Cambridgen Fisika ikasketak egiten ari zenekoak. Leo Galich gazte komunistarekin maitemindu zen, eta bi aukeren artean erabaki behar izan zuen: bere sorterriari traizio egin, ala mundua eraso nuklear batetik salbatu. Judi Dench aktoreak egin du adineko Stanleyren papera, eta Sophie Cookson arduratu da gazte denboretako gaztea interpretatzeaz. Trevor Nunnek zuzendu du Erresuma Batutik datorkigun lana.

Dieses Bescheuerte Herz (Un corazón extraordinario)

Alemaniatik, ostera, Oscar sarirako hautagaia izan zen Marc Rothemund zinemagilearen 2017ko komedia helduko zaigu. Arduraren zentzuari buruzko gogoeta egin du zuzendariak 30 urteko Lenny Reinhard bizizalearen eta bihotzeko arazo larri bat duen David Müller nerabearen arteko harremanaren bidez. Filma Daniel Meyer eta Lars Amenden eleberrian oinarrituta dago.

Bikes The Movie

Bizikleta antropomorfikoz jositako hiria da Spokesville. Bertan bizi da Speedy mendiko bizikleta bizkor eta ausarta, eta bere lagun onenak Piñon kaleko bizikleta, Gassy puzgailu atsegina eta Montana zintzoa dira. Baina, halako batean, gasolinarekin dabilen eztanda-motor bat helduko da haien bizitoki lasai, alai eta koloretsura, eta lau lagunek neurriak hartu beharko dituzte ezagutzen duten ingurune paregabea suntsitu ez dezan. Manuel J. Garciaren animaziozko lana Goya sarirako hautagaia izan zen.

The Curse of La Llorona (La llorona)

Michael Chaves zinemagileak, azkenik, 70eko hamarkadan girotutako istorio beldurgarria dakarkigu. La Llorona mamu bat da, Zeruaren eta Infernuaren artean harrapatuta dagoena. Bere sei seme-alabak ito egin zituen jeloskor zelako, eta ostean bere burua bota zuen errekara. Ordutik, haren izena esaten dutenak heriotzera kondenatuta daude. Bada, La Llorona itzalen artean ibiltzen da, eta haurrei egiten die eraso, bereak ordezteko asmoz. Denborak aurrera, bere desirak indartsuagoak egin dira eta geroz eta metodo bortitzagoak erabiltzen ditu. Linda Cardellini, Patricia Velasquez, Raymond Cruz eta Sean Patrick Thomas aktoreek hartu dute parte, besteak beste, AEBetan ekoitzitako thriller honetan.

Estreinaldiak: Apirilak 18 Estreinaldiak: Apirilak 18
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude