Badator ‘Errementari’ filma; ikaratzeko prest?

Badator ‘Errementari’ filma; ikaratzeko prest? –

Beldur pixka bat pasatzeko gogoz zabiltza? Bihar zortzi, martxoaren 2an, helduko da zinema aretoetara Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean proiektatu zuten Errementari, Alex de la Iglesiak ekoitzitako eta Paul Urkijok zuzendutako beldurrezko filma. Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy protagonista dituen filma Patxi Errementaria ipuinean dago oinarrituta, eta sekulako ikusmina eragin du.

Gehiago jakin nahi? Ez galdu GAZTEZULOko LABEAN atarian egin genien erreportajean azaleratutako sekretuak:

ERREMENTARI

Euskal Herrira eta nazioartera begira jarri duen opera prima errodatzen ibili da Paul Urkijo zinema zuzendari gasteiztarra azken hilabeteetan. Abendu amaieran hasi eta orain arte, Euskal Herriko txoko ilun eta misteriotsuen bila ibili dira, Joxe Miguel Barandiaranek garaian bildutako Patxi Errementaria herri-ipuinean oinarritutako fantasiazko filma errodatzen. Arabako euskara zaharra errekuperatu dute, eta Kandido Urangak bizar dotorea utzi du deabruak baino gaiztoagoa den errementariaren papera gorpuzteko.
Badator 'Errementari' filma; ikaratzeko prest?

Labean irakiten dabil Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren Errementari filma. Muskizen, Pobal errementerian errodatzen harrapatu dugu ekipo guztia, filmaketen seigarren astean. Eguraldi zakarra eta lainoa lagun, misterioz betetako fantasiazko filma grabatzen dabiltza. Bazkal ondoren eskaini digu tartetxo bat zuzendariak; asko ezin dute gelditu, hauek baitira lan gehien eskatzen duten egunak.

Txikitatik ezagutzen du Urkijok Joxe Miguel Barandairanek jasotako ipuina, eta aspalditik zuen istorio horretan oinarritutako filma egiteko ideia buruan bueltaka. Filma iluna eta abenturaz josita egongo da; 1833ko Gerra Karlistatik hamar urte igarotako Araban kokatu du Urkijok. Herrixka batean, Alfredo izeneko Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen hasiko da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementari beldurgarri batera eramango dute. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa batek errementeria misteriotsuan sartzea lortu, eta agerian utziko du Patxi errementariak ezkutatzen duen egia izugarria.

Abenduaren 12an hasi ziren grabaketa lanetan, eta Euskal Herriko hainbat tokitan filmatu dute, hala nola, Muskiz eta Ubidea (Bizkaia), Aizpurutxo, Itsaso eta Agorregi (Gipuzkoa), Antoñana, Korres eta Miñanoko Parke Teknologikoan (Araba). Kandido Urangak Patxi gorpuztuko du, eta harekin izango dira, besteak beste, Eneko Sagardoy, Joxean Bengoetxea eta Ramon Agirre.

Istorioa garaiko Araban girotuta dagoenez, zuzendariak Arabako euskararen trazak errekuperatu nahi izan ditu, eta Koldo Zuazo hizkuntzalariaren laguntzaz, berpiztu egin dituzte orduko hainbat esamolde: “Araban beti egon da euskara, eta ahanzturan eroritako hitz eta esamoldeak berreskuratu nahi izan ditugu, filma ulergarria izan dadila zainduz, betiere. Ziur gaude arabar askok esamolde horiek identifikatuko dituztela”.

Zuzendari gasteiztarraren lehen film luzea izango da Errementari eta aurretik Monsters do not exist, El Bosque Negro edota Jugando con la muerte film laburrei esker ezagun egin da. “Oso proiektu berezia da niretzat; txikitan ikusi nahiko nukeen filma da, denetarik daukalako; misterioa, beldurra, abentura, umorea… Istorio dramatikoa da, baina umore beltzez jantzia. Argiztapenak ere giro hori sortzen laguntzen du, errementeriaren suaz argiztatu baititugu eszena asko. Gainontzekoetan, egunetako eguraldi txarrak asko lagundu digu; errodajearen bigarren egunean esaterako, sekulako lainoa agertu zitzaigun; meteorologiaren opari eder bat!”.

.

IRAKURRI GEHIAGO: GAZTEZULO.EUS

Badator ‘Errementari’ filma; ikaratzeko prest?

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.