‘B’ munduan barrena

‘B’ munduan barrena –

Hormak harrizkoak dira, egurra oinazpietan. Bateriaren soinu astunek giroa ponpatzen dute. Hirugarren gelan baxuak tonu grabean eta indartsu ekiten dio, eta bi gitarrek melodia garbiak eransten dizkiete pop-rock soinuei, ahots lazgarriak gatza itsasten dion bitartean.

– Baina, zerbait du faltan ezta?

– Bai, konponketa batzuk beharko lituzke lehenengo estrofaren bukaeran eta bigarren eta hirugarren estribilloetan… Harizko beste instrumentu bat, baina finagoa, delikatuagoa…

– Bai, konponketa batzuk beharko genituzke hor. Zuk gitarra eta biolina jotzen dituzu ezta? –niretzako galdera. Lehenengo aldiz sartu naiz horrelako grabaketa estudio batera, eta bai, 15 urte eman ditut musika eskolan, solfeoa, biolina lehenengo eta gitarra astinduz ondoren. 10. maila bukatu, orkestran ere parte hartuz. Suzuki, Bach, Chopin, denak egin ditut nire eta gozatzeko moduan jo. Baina ondoan ditudan hauek, ezerezetik estrofa batzuk sortzeaz ari al dira?

– Konponketa batzuk sortzea baino ez da, eskolatik dakarzun esperientziarekin nahikoa eta sobera.

Musika eskolaz ari zen. Sortu… Ni azkarra naiz, edozer jo dezaket, zuek eman eta egingo dut, gitarraz zein biolinaz, baina sortzea? Hori beste eremu bat da.

Ken Robinson idazle eta Londreseko unibertsitateko doktorea ez litzateke bat etorriko, sormena eta hezkuntzaren arteko harremanak ikertzearren ezaguna mundu mailan. Bere hitzaldietako batean, Robinson-ek 100 pertsonatik gora osatutako publikoari galdegin zion zenbatekoa zen euren azkartasun maila 1etik 10era, baloratu zezatela euren adimena zenbakietan.

Ondoren, audientzia berari eskatu zien 1etik  10era baloratu zezatela euren kreatibitate edo sormen maila. Denek erantsi zioten euren buruari puntuazio desberdina bizkortasun eta sormen mailari. Doktorearen ustez, azalpena erreza da. Jende gehienak sortzailea eta azkarra izatearen inguruko ikuskera nahiko mugatua du.

'B' munduan barrenaSormena, kreatibitatea gutxi batzuen kontua denaren pentsamendua dago zabalduta, berezia duten zerbaitekin jaio diren gizaki bizidunentzat mugatua. Bestaldean kokatzen den pentsaera, gizaki guztiak sormen gaitasun izugarriekin jaiotzen garenena da; kontua da, nahiz eta ahalmena izan, trebatu ezean tresna horrek hutsaren hurrengoko presentzia duela. Barreiatutako beste ideia faltsua: egoera honen aurrean “gizaki arruntek”, alegia, sormenaren dohain horrekin jaio ez garenok ezin dezakegula egoera iraultzeko deus ere egin. Sormen-gaitasuna izan, edo ez izan, pentsamoldea.

Gure eskolek ez dute lan makala pentsamendu horri ertz berriak eransteko lanean. Izan ere, badirudi irakasleok askotan obsesionatuta gaudela bizi gaituen kanpo-mundua aztertzen, deskribatzen, ulertzen, kontatzen, bizitzen, besteen ekintzek eta egoerek osotzen duten hori; “A” mundua, gu jaio aurretik existitzen zen hori eta gu joandakoan ere egongo dena.

Baina, badugu baita gure barne-mundua, aztertu, deskribatu, ulertu, kontatu, bizi dezakegun hori ere; B, gu jaio ginen une berean sortu zena; zu existitzen zarelako besterik existitzen ez den mundu hori. Gure kontzientzia pribatuaren mundua, gure pasio, motibazio, itxaropen, desio, hasperenena, pare bat oinatz baino ez dituena inprimatuak.

Ganoraz aztertuko badugu inguratzen gaituen mundua, gure barnekoa miatu behar dugu. Robinson-en ikuspegian beraz, galdera egokia ez da zenbatekoa da zure azkartasun edo sormen maila, baizik eta, zein modutan zara zu azkar edo sortzaile.

Norbaitek gure galderari oraindik biderkatzen ez dakiela erantzungo baligu, oraino matematika eta biderkatzen jakiteko gaitasun nahikoak eskuratu gabe dagoela pentsatuko genuke; bestelako egoeran beste norbaitek “ni ez naiz batere kreatiboa” esango baligu, “ah”. [Bukatu da pentsamendua]. Ona litzateke konturatzea, edo gogoratzea, kreatibitatea, irakurtzen bezala, ikasi egiten dela.

Horretarako, gure sormena garatzeko, gizakiaren beste sormen-prozesu batzuek eragindako hondamendiak konpontzeko zein kanta baten melodiaren hutsuneak osotzeko, ezinbestekoa dugu inspirazioa eta barne-harra piztera bultzatuko gaituzten inguruak eskura izatea gure gizarteko espazioetan. Edozein motako hezkuntza-inguru barne.

Konponbideetarako tresna nagusia gure irudimenean, gure B mundu pribatu, bakar, partikularreko irudi eta soinuetatik sortzen den horretan baitugu; zer da ba sormena ez bada gure barne-paisaia mugimenduan, lanean.

‘B’ munduan barrena

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean irakasle