Emakume musikariz osatutako hamaikakoa (Azkena Rock)

Emakume musikariz osatutako hamaikakoa (Azkena Rock) –

Gasteizko Azkena Rock jaialdiak, bi urteko etenaldi behartuaren ondoren, 20. urtemuga ospatuko du aurten, musika jaialditzarren jarraitzaile sutsu direnen zorionerako. Festibalak, aspaldiko partez, hirugarren eguna berreskuratu du, eta ohi bezala, Mendizabalako gunean izango da, datorren ekainaren 16tik 18ra bitarte.

Aurten ere nazioarteko rock soinu ezagunak izango ditugu Azkena Rock jaialdian, Offspring edo Social Distortion bezalako itzal handiko taldeen eskutik; baina guk emakume musikariz osatuko dugu gaurkoan egin nahi dugun proposamena. Izan ere, eta arrazoi osoz, emakume artistak ahaztu izana leporatu izan zaie azkenaldian musika jaialditzarrei, eta Azkena Rock izan da propio salatu izan den festibaletako bat. Alta, eta oraindik ere gizonezkoak nagusi diren arren, inoizko emakume gehien dago aurtengo afixan, azpimarragarri bezain pozgarri iruditu zaiguna.

.

PATTY SMITH

XX. mendeko rockaren historian emakumezko garrantzitsuenetako bat da Patty Smith, 1975ean “Horses” argitaratu geroztik egin duen ibilbide oparoagatik. “Punkaren amabitxia” dugu jada 70 urtetik gora dituen olerkari eta ingurumenaren aldeko aktibista.

.

ADIA VICTORIA

Adia Victoria Hego Karolinako musikariak (AEB) country eta blues doinuen berritzailetako bat dugu, zuzenean atmosfera ia hipnotikoa sortzen ei duena; hirugarren lan luzea du “A Southern Gothic”.

.

MORGAN WADE

Country amerikarraren izar berria dugu Morgan Wade (Virginia, AEB), Azkena Rock jaialdian “Reckless” bakarkako lehen lana aurkeztera datorrena.

.

SUZI QUATRO

70eko hamarkadako glam goraldiko izar handia dugu Suzi Quatro, sorterria atzean utzi eta Ingalaterrara jo zuena bakarlari ibilbidea abiatu asmoz. “Can the Can” du arrakasta nagusienetako bat.

.

LIFE OF AGONY

90eko hamarkadako metal alternatiboaren olatuari jarraitzen dion talde bakarrenetakoa da Brooklyn-eko Life of Agony, Mina Caputo transa abeslari eta Veronica Bellino bateria jole dituena.

.

MORGAN

Iazko “The River and the Stone” du azken lan luzea Carolina de Juan “Nina” kantari duen madrildar laukoteak. Ekain Elorza (Seiurte) berriztarra dute bateria jole.

.

TIBURONA

Manzanares ibaiko lamiak ei dira Tiburona osatzen duten hiru musikariak. “Sola y feliz” dute debut lana, Paco Locorekin grabatu eta iaz plazaratua. Trashvillen joko dute.

.

MESSER CHUPS

San Petersburgotik datorren Messer Chups horror surf doinuen ordezkaria ere Trashvillen izango da jotzen. Svetlana “Zombierella” Nagaeva dute errusiarrek baxu jolea.

.

OH! GUNQUIT

Londonetik datorren Oh! Gunquit boskoteak garage eta psichobilly doinuak jorratzen ditu, Tina frontwoman dutela. Trashvillen entzun ahal izango ditugu hauek ere.

.

LA PERRA BLANCO

Eskola zaharreko rock&rolla joz, Alba Blancok gidatzen duen Kadizeko hirukoteak ere Trashvilleko karpapea berotuko du, entzulea dantzaraziz.

.

LOVESICK DUO

40 eta 50eko hamarkadetako estatubatuar doinuak berreskuratu nahi ditu iazko “All Over Again” aurkezgai eta Francesca Alinovi baxu jole duen boloniar bikoteak. Apuntatu Trashvillerako hauek ere.

.

EMMYLOU HARRIS

Patty Smithekin batera, aurtengo Azkena Rock jaialdiak dakarren izar nagusienetako bat dugu Emmylou Harris, Greenwich Villagen 60ko hamarkadan jotzen hasi zen country musikaren izar dirdiratsua. Udako musika hitzordu garrantzitsuenetako bat.

Emakume musikarien hamaikako bat (Azkena Rock)Emakume musikariz osatutako hamaikakoa (Azkena Rock)