El mar de todos los muertos

 martodoslosmuertos130×205_234185.jpgJavier Argüello. El mar de todos los muertos. Lumen.

Berariaz gomendatu zidan liburu hau Lumen-en promozioaz arduratzen den lagun batek eta gogoz heldu nion irakurketari, bai banekien, gainera, egilea irakasle dela Bartzelonako literatura atelier batean. Hain juxtu, idazkera irakasle da bera. Baina, izanak izan, 131garren orriraino iritsita, irakurtzen ez jarraitzea deliberatu dut. Aspertu egin nau ezer ez idazteko asmotan Mallorcako kala batean dagoen editorearen etxera alde egiten duen protagonistaren kontuak. Idazkera ere puztuxea, ene gusturako, nola esango nuke, artifizial eutsia? Inork ez du ulertuko horrekin esan nahi dudana, baina halako zerbait dela esango nuke, bai, idazlea ari baita denbora guztian lirismo gehiegizko baten aurka bezala, “ez zait komeni eta ez dut muga pasatzen, eusten diot lumari, ala ez?, baina nahi banu, egingo nuke”, edo halako zerbait. Halaber ez dut sinesten protagonistari gertatzen zaizkion hainbat gauza erdi magiko, erdi alegiazko eta erdipurdiko. Dena oso “erdi” begitandu zait, sinesgarritasunik batere ez edukitzeraino. Gehiegi niretzat, eta bertan behera laga dut irakurketa. Harrigarria da hori irakurle honengan, baina, uste dut, maizago egiten hasiko naizela ariketa hau: bukatu gabeko liburuak ere aipatzen hemen. Zer arraio. (Oraintxe hartu dut esku artean Edward St. Aubin-en bat, Leche materna deitzen den eleberria, eta traza bertsua hartzen diot. Ikusiko).

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

5 pentsamendu “El mar de todos los muertos”-ri buruz

  • Beñat Sarasola 2008-10-28 23:42

    Joño Hasier, zure atzerriko literatur liburuen iruzkinak irakurrita, eskerrak ez duzun ezer esaten euskal literaturakoez!

  • Zer esan nahi duzu Beñat? Hasierrekin bezala, eskertuko genuke zure iritzia ere jasotzea etxekoaz eta etxetik kanpokoaz. Interpretatzeko zabalegia da bi lerroko komentarioa.

  • Beñat Sarasola 2008-11-03 11:21

    Bai, 27zapata, akaso interpretazio zabalegia dute bi lerro horiek.

    Esan nahi nuena da Hasierren iruzkinak beti izaten direla zorrotzak, ez duela berehalakoan liburu bat goraipatzen, ezta nazioarteko arrakasta edukita ere. Pentsa gauza bera egingo balu (eta erabat zilegia iruditzen zait ez egitea, esan gabe doa) euskal literaturako liburuekin…

  • Bai, eta ni zuri kritikak eskaka, redio, igandeko Berrian irakurri nuen zure kritika eta dozena eginak dituzu aurretik… barka atrebentziak! Eta segi!

  • […] Beste liburu bati egindako sarrera batean esaten nuen batere itxaropenik gabe abiatzen nintzela St. Aubyn honen Leche materna eleberriaren irakurketan. Eta hala izan da, ezbaitut aparteko gozamenik erdietsi. Balio izan dit, soilik, nire baitako munstroen ondoan, irakurle sofritua ere bizi dela egiaztatzeko, amaieraraino iritsi bainaiz bart. Ez gatz eta ez piperrik, baina amaieraraino. Gero Beñatek eta enparauek esanen dute gogorra naizela lerro hauek idazterakoan. […]