Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea

Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea –

Historian zehar pertsonak eta gertaerak harilkatzen eta txirikordatzen dira, eta horrela uztarturik edota estekaturik, itzultzen zaizkigu, behin eta berriz, gure gogora. Bide bat egin dute elkarrekin eta herriaren oroitzapenetan elkarturik gelditu dira betiko. Horixe da Dionisio Barandiaran ataundar enpresari eta mezenasekin eta XX. mendeko seigarren hamarkadan Gipuzkoan loratu zen Gaur Taldea izeneko artista mugimenduarekin gertatu dena.

Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea
Ataun, San Martin (1915)

1.- Dionisio Barandiaran, euskal eragilea

Dionisio Barandiaran Etxeberria 1927ko apirilaren 8an jaio zen Ataungo San Martin auzoko Azarola baserrian. Ama, Anttoni Etxeberria Urbiztondo, bertako alaba zen eta aita, Matias Barandiaran Begiristain, berriz, San Gregorio auzoko Sorozabal baserriko semea. Dionisio, sei anai-arrebatan, zaharrena izan zen. Gurasoak abertzaleak ziren, EAJ-ren ingurukoak eta aita Itsasondoko harrobian aritzen zen langile. 1936ko gerrak lanbide horretan ziharduela harrapatu zuen. Lan-erremintak utzi eta fusila hartuta, gudari ibili zen Goierriko fronteetan. Gerraren norabideak familia osoa Donostiako Amara auzotegira eraman zuen. Dionisiok orduan hamar urte zituen.

Ikasketak Amarako Eskola Publikoan eta Arte eta Ofizioen Eskolan burutu zituen. Gaztetan tabernari eta igeltsero ibili bazen ere, zerbitzu militarra egitera Afrikara bidali zuten eta han, Larache hirian azulejoen ekoizpenean ziharduen lantokia ezagutu zuen. Horrek hainbat burutazio piztu zion. Donostiara itzuli zenean, Mirakruz gaineko Parada baserrian igeltsuzko dekorazio eta harri artifizialeko lantokia zabaldu zuen 1950. urtean. Handik zenbait urtetara, garai hartan bere arloan aitzindari izan zen lantokia ireki zuen Lasarten. Baretxe izena zuen eta bertan baldosak eta azulejoak ekoizten zituzten.

1951n, Maria Luisa Mujika Anza donostiarrarekin ezkondu zen, eta ordutik hil zen arte, San Martzial kaleko 21. ezkaratzean bizi izan zen.

Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea
Dionisio Barandiaran

1958an, etxegintzan sarttu zen bete-betean. 1963n Barandiaran Etxegintza sortu zuen eta Amara Berriko etxeak egiten hasi zen. Haren filosofia beti izan zen langileentzako etxebizitza duinak egitea, eta ildo horri jarraituz, askotan helburu ekonomikoa sakrifikatu zuen helburu sozialak lortze aldera. Enpresaria zen, baina izatez eta formazioz, humanista, abertzale eta idealista handia; eta horrek lorpen handiak ahalbideratu bazizkion ere, azkenean, urteak pasatu ahala, porrot ekonomikoa ekarri zion.

Proiektu aunitz zebilzkion buruan, baina horiek gauzatzeko, garaiko frankismoak ezarritako muga eta traben aurka borrokatu behar izan zen etengabe.

Gipuzkoako itsasertzean turismoa zabaltzeko asmoa zuen. Horretarako hotel bat eraiki nahi izan zuen Donostian. Garai hartan Fraga Irabarne zen Espainiako turismo ministroa, eta Dionisioren ideologia eta nahiak ongi ezagutzen zituenez gero, era guztietako trabak eta debekuak ezarri zizkion. Pasarte itsusi eta ilun batzuen ondoren, hotela eraikitzeko baimena eman zion, baina ez Donostian  –hori bere lagun faxistentzat atxiki baitzuen–  orduko Zarautz txiki hartan baizik. Dionisiok Euroitsaso izena pentsatua zuen, baina agintari espainiarrek Euromar  izenaz birbataiatzera behartu zuten. 1964an zabaldu zuten eta orduko proiektu turistikoen onenen artean jo zuten garaiko kronika guztietan.

Azpiegitura ekonomiko horretan oinarriturik, bestelako egitasmo sozial eta kulturalak bultzatzeari eta finantzatzeari ekin zion. 1965. urtean, Jose Antonio Sistiagak eta Jorge Oteizak artista gazteek antolatzen ari ziren euskal eskola baten egitasmoa aurkeztu zioten. Dionisiok, proiektuaz arras ilusionaturik, Barandiaran Galeria zabaldu zuen Donostiako Bengoetxea kalean. Hauxe izan zen Gaur Taldearen habia, babeslekua eta erakusketa aretoa bi urtez. Gaur taldekoez gain, bertan ere ibili ziren Ez dok amairu mugimenduko kantari gazteak, Argia dantza taldekoak eta Jarrai euskal antzerki taldekoak.

Urte haietan, Luis Irizar sukaldari ospetsua hurbildu zitzaion eta Ostalaritza Eskola baten beharraz hitz egin zion. Horrela, 1967an, eta Zarauzko Euromar hoteleko behetan, Zarauzko Ostalaritza eskola sortu zuten. Dionisiok Luis Irizar ipini zuen buru eta bertan formatu ziren, besteak beste, geroko euskal sukaldaritza berrian famatuak izan diren Pedro Subijana, Jose Ramon Elizondo, Karlos Argiñano, Ramon Roteta eta beste hainbat sukaldari.

Urte berean, hau da, 1967ko irailaren 22an, Donostiako Egia auzotegian, Dunixi zinetokia zabaldu zuen. Bere asmoa zen Donostiako zerbitzuak deszentralizatzea eta zinema auzoetara eramatea.

Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea
Euromar hotela

Euskal kulturaren aldeko mugimendu horiek guztiak ez ziren garaiko agintari faxisten gustukoak izan, eta hasiera-hasieratik, eragozpen eta zangalatraba handiak ezarri zizkioten egitasmo horiek zapuztu nahian. Espainiako gobernuak Gipuzkoarako zuen gobernadore zibilak astero deitzen zion telefonoz egiten ari zena separatismoa eta komunismoa zela esateko. Horrela jarraitzekotan espetxeratu beharko zutela mehatxatuz bukatzen zuen deitzen zion aldiro. Gau batez, dei anonimo bat jaso zuen etxean. Hurrengo egunean, galeria itxi eta bera kartzelara eraman behar zutela azaldu zion. Gaur hartan bertan galeria itxi behar izan zuen eta hurrengo goizean horrela, itxita, topatu zuten harridura handiaz, Bengoetxea kalera hurbildu ziren inspektore eta guardi zibilek.

1973an, mundu mailan piztu eta zabaldu zen petrolioaren krisiak Dionisioren negozioen gainbehera ekarri zuen. Osasunez ere makaltzen hasi zen eta azkenean, minbizia bortitz batek eraman zuen 1979ko abuztuaren 1ean, 52 urte zituela eta alarguna eta bi alaba utzirik. Hor amaitu ziren gizon handi honen ametsak, baina bere proiektuetako asko garaile suertatu ziren eta fruitu ederrak eman zituzten hurrengo hamarkadetan.

Dioniso Barandiaran autodidakta izan zen, humanista, fededuna, euskalduna, euskaltzalea, abertzalea, euskal eragile eta bultzatzaile nekaezina, errenazimentuko gizona… eta batez ere, ameslari paregabea.

 

2.- Gaur Taldea

XX. mendeko seigarren hamarkadan euskal artistak biltzen hasi ziren bide berriak jorratzeko eta euskal eskola bat sortzeko asmoz. Hegoaldea frankismoaren azpian zegoen, bete-betean, eta garai hartako agintari faxistak prest zeuden edozein disidentzia sozial, politiko zein artistiko zapuzteko. Hala eta guztiz ere, artista gazteek bereari eutsi zioten eta ametsez amets, trabaz traba, aitzina egiten jakin zuten.

Arestian aipatu bezala, Jose Antonio Sistiaga eta Jorge Oteiza artista gazteak Dionisio Barandiaran euskal enpresariarekin bildu ziren eta elkarrizketa horretatik jaio zen Donostiako Bengoetxea kalean zabaldu zuten Barandiaran Galeria.

Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea

Galeria 1966an zabaldu zuten eta bertan mamitu zen Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta artista gazteek sorturiko Gaur Taldea izeneko mugimendu aberats eta emankorra. Euskal oinarri zaharretan finkaturiko arte modernoa egiteko eta euskal eskola sortzeko gogoa aldarrikatzen zuten. Urte berean, euren burua aurkeztu zuten Barandiaran Galerian, horretarako plazaratu zuten manifestu edo agiriaren bitartez. Euskal abangoardia artistikoa bilatzen zuten eta mugimendua Euskal Herri osora hedatu zen. Gipuzkoako Gaur Taldeaz gain, honako taldeak sortu ziren: Emen Bizkaian, Orain Araban, Danok Nafarroa Garaian eta Baita Ipar Euskal Herrian. Horregatik, gaur egungo arte-kritikariak Gaur konstelazioaz mintzo dira.

Dionisio Barandiaran eta Gaur TaldeaAbentura paregabea izan zen euskal artearen arloan. Teoria estetiko berriak finkatu zituzten, ildo berriak zabaldu eta, batez ere, euskal artistak  eta kategoriakoak bazirela mundu osora zabaldu zuten. Geroko oparotasun urteak, geroko berpizte artistikoa, Gaur taldearen filosofiatik eta erresistentzia urte haietatik abiatu eta indartu ziren.

2002. urtean, Lapurdiko Getaria herrian Gaur Taldearen omenezko erakusketa eta jardunaldi ahaztezinak antolatu zituzten. Artisten ibilbidea jorratuz gain, Dionisio Barandiaranen irudia goraipatu eta ahanzturaren hautsetatik atera zuten. 2009an, Luis Haranburu-Altunaren zuzendaritzapeko Hiria argitaletxeak Dionisio Barandiaranen bizierak eta oroi-idatzi amaigabeak biltzen zituen “Azarolako Dunixi” liburu mardul eta gogoangarria plazaratu zuen; 2016an, Europako Kultur Hiriburutza zela eta, antolatu zituzten ekitaldi ugarien artean, sekulako erakusketa burutu zuten Donostiako San Telmo museoan, Tabakaleran, Txillida-lekun eta Altzuzako Oteiza museoan. Zabaltze-ekitaldi arrakastatsuan Gaur Taldeaz mintzatu baziren ere, ez zuten Dionisio Barandiaranen irudia inola ere ahaztu, eta bi-biak, artista taldea eta bultzatzailea, uztarturik ibili ziren hizlari, dokumentu eta argazkien hitz eta azalpenetan.

Ametsek artistak eta bultzatzailea bizitzaren bideetan uztartu zituzten, eta uztarturik jarraitzen dute euskaldunon iruditegian zein oroitzapenetan. Haientzat guztientzat gure omena eta gure esker ona.

Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea

Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea
Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea
Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea
Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea
Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea”-ri buruz

  • Joseba Aurkenerena 2018-08-15 11:58

    Artikulu honen kari aipatu beharra dago Baionako Euskal Museoan hilabete hauetan Gaur Taldeari buruz zabalik duten erakusketa ederra. Gaur, 1966. Euskal Arte Ihardukitzailea / L´art Basque en resistence izena du. Izen bereko liburu ederra plazaratu dute Kilika argitaletxearen bitartez, euskaraz eta frantsesez idatzirik. Aukera paregabea Gaur taldearen filosofia eta artelanak ezagutzeko.