Sistiaga Gaur, artea eta politika

Sistiaga Gaur, artea eta politika

Sistiaga Gaur, artea eta politikaSan Telmora joatekotan nago museoak Donostia 2016 fundazioarekin batera antolatu duen “1966. Gaur konstelazioak. 2016” erakusketa iragarri zuenetik. Orain 50 urte sortu zen euskal abangoardia artistikoa hobeto ezagutzea dut asmoa, orain gutxira arte erakusketaz ezer gutxi entzun badut ere, Alberto Moyano kazetariaren txio negatibo hau kenduta.

Gaur taldeko kide Jose Antonio Sistiaga margolariak ere salaketa bera egin zuen Radio Euskadiko Iflandian: leku gutxi eman zaiola erakusketari.

.

Deigarriak egin zitzaizkidan donostiar artistaren esanak (entzun hemen):

“Arteak jo dezake hezkuntzarantz eta kulturarantz, baita politikarantz ere; baina politikatik kultura eta sorkuntza artistikora jotzea beti izan da desastre hutsa. Egun adibidez, Gaur taldeari buruzko erakusketari espazioa falta zaio, oso leku txikia du. Berrogeita hamar urteren buruan ez bada ulertu talde hartan parte hartu genuenok askoz espazio handiagoa beharko genukeela, eta egon bazegoen San Telmo Museoan… baina ezagutzen ez dugun gazte talde bat gehitu zaigu, bateren bat apur bat baino ez dugu ezagutzen apenas. Eta ez dakit zein izan den arrazoia. Akaso politikarien tema hori, dena nahastekoa; ea bazterrak zikinduz dena errazago igarotzen den”. (…)

Sistiagak, on fire, irratira egindako bisita politikaren eta artearen arteko harremana kritikatzeko baliatu zuen, temati.

“Behin, 2002an Gaur taldearen atzera begirako batean ginela Getarian (Lapurdi), Biarritz ondoan, zera esan zidan Miren Azkaratek: `Oteizak eta zuk egiten duzuena iragana da, orain teknologia berrietan dago kontua´. Aparte oso adierazpen baldarra dela, emakume horrek ez zekien ezer; eta Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilaria zen orduan, eta egun Donostiako udalekoa da! Nola da posible tresna teknologiko bat artelanak egiteko gai izango dela espero izatea!?!”. (…)

.

Zeluloide pintatua

“1966. Gaur konstelazioak. 2016” erakusketaren osagarri gisa, San Telmo Museoak Jose Antonio Sistiagaren Ere erera baleibu Izuk subua aruaren…” film margotua proiektatuko du, artistaren aurkezpen eta guzti. Sistiagak 1968 eta 1970 urteen artean zuzenean fotogramaz fotograma margotu zuen film esperimental eta abstraktua, 75 minutukoa. Guztira, 2,5 kilometro zeluloide!

Akaso hitzordu egokia izango da martxoaren 10ekoa, halako batean erakusketa ikusteko, museoak doako sarrera izaten duen astearteren batean ez bada.

Ordura arte, gustura ezagutuko nuke zure iritzia ere. Ikusi duzu “Gaur konstelazioak” erakusketa?

Sistiaga Gaur, artea eta politika