Euskarari eraso… Jaurlaritzatik bertatik!

Euskarari eraso… Jaurlaritzatik bertatik! –

Euskarari eraso... Jaurlaritzatik bertatik!Andoni Unzalu Eusko Jaurlaritzako goi-kargu PSOEtarrak “Ideas o creencias” liburuxka argitaratu du, alderdiaren babesik handienarekin: Celáa, Retortillo, Lopez, San José, Prieto, eta beste hagintari batzuk izan ditu lagun aurkezpenetan.

Pentsamolde zaharkitua da Unzalurena, antimodermoa, ez-zientifikoa, batere ekarpen berririk ez duena, mila aldiz errepikaturiko aurreiritzi linguistikoz ondua. Gutxienez, Unamunoren garaiaz geroztikoak. Berritasunik ez inperialismo linguistikoaren ortzemugan. Halakoxe loreak bota ditu ETAkide ohiak, adibidez:

“El 33% sabemos euskara, pero el 100% de los funcionarios tienen que ser vascoparlantes. Así, se excluye al 70% de la población del acceso a la función pública.Esto debería alarmarnos a todos. Euskaldunizar la Administración es expulsar a todos los que no saben euskara”.

Gezur handia da funzionarioen %100-i euskal hiztunak izatea exijitzen zaienik (espainiera-hiztunak izatea bai, ostera). Eta zer esanik ez, gezurra eta astakeria latza, biztanleriaren %70-i funtzio publikoan lan egiteko aukera ukatzen zaionik, euskararen ezagutza tarteko. PSOEri berdin zaio. Gezurra errepikatuaren errepikaz, lortu du horiek bezalako hamaika uste ustel herritar askoren buruetan txertatzea. Erdaldunenetan batez ere, baina baita euskaldun askorenetan ere. Horregatik ematen die hauspoa unionismoak Unzaluren modukoei, lan zikina egiten gozatzen duten horiei.

Unzalu Kabinete zuzendaria da Turismo Sailean. EAEren irudia, nolabait ere, munduaren aurrean aurkeztu/saldu behar duen Saileko ordezkari politikoa da. Horrek larriagotzen du bere jarrera euskarafobikoa. Ezaguna da ere, Patxi Lópezen garaian Lehendakaritzaren euskarazko komunikazio-politikak izan zuen deskalabroa. Andoni Unzalu zen haren protokolo-kabinete edo dena delakoaren burua. Aurrekoaren haritik, Jaurlaritzan kargu instituzionala duen heinean, premiazkoa da jakitea Jaurlaritzak zenbateraino konpartitzen dituen Unzaluren tesiak.

“Nos está costando una barbaridad el euskara. Si hubiésemos destinado lo mismo al inglés, a lo mejor tendríamos la generación mejor formada de la historia” dio subentzio mardulak kudeatu dituen Zornotzako Barnetegiko eta Aurten Bai fundazioko zuzendari ohiak.

Berak jakingo du zer egiten zuen jasotako diru publikoekin.

Ondotxo jakingo duen bezala, bere Patxi Lopez maiteak zelako dirutza publikoa xahutu zuen irakasle partikularra kontratatuz Lehendakari zenean, klasera ez zela joaten aitortzeko gero.

Esan gabe doa, Unzaluren PSOEk historikoki gobernatutako Andaluzian, Extremaduran, eta hainbat hiri eta herritan, herritar guztiak “ingelesez” mintzo direla eta “prestakuntzarik oneneko belaunaldiak” horietan bizi direla…

Oker egongo naiz agian, baina ez dut alderdi abertzaleen aldetik erantzunik ikusi unionisten eraso berri honen aurrean, EAJren hizkuntza politika “kontsentsuatu” delakoaren hamaikagarren arrakasta. Aldiz, ordezkari abertzale bati irakurri nion “ez zaiola Unzaluri jaramonik egin behar, ospe bila omen dabil eta”. Halako aitzakia merkeak soilik euskarari lotutako auzietan ageri ohi dira, ez bestelako ezein gaietan noski. Euskaltzaleen artean sarritan entzuten da “ez du erantzutea merezi”, “horretan indarrak xahutzea ere…”. Oso akats larria: unionismoak, supremazismo erdaltzaleak espazio mediatikoa irabazten digu; erantzunik ezean, Unzaluren diskurtsoa errotzen da gizartean. Horregatik da hain beharrezkoa Torrealdairen jarrera eta mezua.

“Acoso al euskara” liburu mamitsua argitaratu du berriki JM Torrealdaik, euskaldunon eta euskararen egoeraren zergatiak ulertzeko tresna ezinbestekoa. “El libro negro del euskara” delakoan hasitako lanari jarraipena eman nahi izan dio, zorionez, Forukoak.

Bada, “Acoso al euskara” honek ere jarraipena beharko du, unionista espainiar eta frantsesen ekimen geldiezinari erreparatuz gero. Azken-aurreko erasoak, Lasarteko udalean (PSOE eta Podemosen eskutik) eta Jaurlaritzan bertan pairatu ditugu. Nafarroan ere, alderdi abertzaleen utzikeria agerian geratu da beste behin ere, lanpostu publikoak lortzeko euskarak atzerriko hizkuntzak baino gutxiago (zero) baloratzen delarik gehienentsuetan!

Alderdi abertzaleek ez dute unionisten erasoei erantzuteko neurriko gaitasunik?

Beharbada ez dute euskararen eta euskaldunon egoera behar bezala ezagutzen, ez diotelako arreta handiegirik jartzen, euskalgintzaren esku utzi baitzuten euskararen defentsa, kasurik onenean, sortu zirenetik bertatik. Beharbada uste dute ez zaiela bozketan errentagarria, unionistek ez bezala.

Kontuak kontu, unionismoa erasotik erasora ari zaigu euskaldunoi, gero eta lotsagabeago, ikusirik ganorazko erantzunik ez dutela jasotzen ordainetan.
Torrealdaik adierazi bezala, “Bizi-bizirik jarraitzen du euskararekiko mespretxuak, frankismo garaian bezala… Supremazismo linguistikoaren intelektualek gizartean eragin nahi izan dute, lortu dute eta gu ez gara enteratu ere egin”.
Gu ez, eta eragile abertzaleak are gutxiago. Horregatik ausartzen dira edozeinen bitartez, edozein ergelkeria jaurti eta zabaltzera. Abertzaleak bitartean, pagoari begira.

Noiz arte?

Euskarari eraso… Jaurlaritzatik bertatik!

Oinezkoa

12 pentsamendu “Euskarari eraso… Jaurlaritzatik bertatik!”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-08-15 12:21

    Arrazoi osoa duzu, isilik egotearekin arrazoia ematen zaio erasotzaileari. Unzalu delako hau berriz… ETAkoa izan zela ez nekien. Ba horixe, han egon zenean ikusiko zuen karrera gutxi zuela egiteko (han ere eskuak beste batzuk zikindu beharko zituzten, horrelakoak bigarren maila batean egoten dira fruituak jasoko zain) eta beste tokitan probatzen hasiko zen. EAJ barnean ere karguak zeinek okupatu egongo da eta horrelaxe ba PSOEn topatu du hala moduzko carguilloren bat, euskalduna izanik euskaldunen aurka aritzen dena nahiko kotizatua egongo da eta. Zornotzako barnetegiko zuzendaria, Aurten Bai fundazioko zuzendaria… ikusten den bezala, beti zuzendari, lanik egin inoiz ez. Baina beno, tipo hau lasai asko izan zitekeen orain bertan EAJko zuzendari, Bilduko buru edo PPko agintari. PSOEn dago karrera egiteko tokia han eman dietelako, besterik gabe. Baina beti ere diru publikoaren gerizpe seguruan bizitzen. Horrelako makina bat ezagutzen dugu. Ezer berririk ez.

  • euskaldun bat 2018-08-15 12:47

    Argazkiko bestea berriz Joseba Arregi dela dirudi. Hori ere telebistan elkarrizketetan ikusi dut eta erre-erre eginda dagoela transmititzen du. Eta guk edukiko dugu errua!? EAJn gazte berriak sartu ahala zaharrek presioa izango dute eta zahar guztientzat kargu handi nahikorik ez eta barneko gerra horietan traskilatuta ateratzen direnei, hara non, egun batetik bestera ideologia aldatzen zaie! Lan egin, inoiz ez, beti artaldea gobernatu behar, “herriaren zerbitzura lan egin” diote.

  • Pello Eizagirre 2018-08-15 14:48

    Joseba zahartua oso! argazkian ezagutu ere ez dut egin. Bon, guzi hauen nagusi izanda, xahar samar dugu dagoeneko ere. Bainan hori bai, oraino gure patrikatik bapo bizi Donostiako Aste Nagusian, “Joan Carles se´n riu de tots reapareix engolint llamantol i als toros com si res”
    https://www.elnacional.cat/enblau/ca/casa-reial/rei-joan-carles-reapareix-toros-sant-sebastia-elena-arzak_296574_102.html
    Eta toreatzailek egindako “brindisa”… El públic, el periodista i els toreros, que van tallar orelles, el rabo, i que, per cert, li van brindar la faena “por una España grande y siempre unida”.
    Guztiak 78. erregimenaren lagun zaharrak. Vocento taldeak lau haizetara jotzeko abagune paregabeak, liburua eta zezenketak, “kultur ekintzak” ez besterik…

  • Euskaraldia dator aurki. Baietz elementu hau lehen lerroan agertu “euskara sustatzeko prest”, Retortillo eta konpainiarekin batera!

  • Pello Eizagirre 2018-08-16 01:34

    Erabat ados naiz Kontseiluk – Paul Bilbaok – egin duen proposamenarekin.
    “Administrazio euskalduna lortzeko unea da orain.”
    https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2018-08-12/hemeroteca_articles/administrazio-euskalduna-lortzeko-unea-orain-da

    Esate baterako; “Hurrengo neurriaren premia sarri azpimarratu dute: «Hemendik aurrera langile berri guztiei euskara ezagutzeko betebeharra jarri behar zaie». Ez da aski izango tituluarekin. Agiriak agiri, hizkuntza gaitasuna galdu egiten da erabili ezean. Hortaz, lanposturako gaitasunak egiaztatzeko probak euskaraz eginen dituzte. Paul Bilbaoren arabera, horrek iraultza bat ekartzen du eta «oso interesgarria» da.”

    Administrazioan azterketak euskaraz!
    Kazetari artikuloak dio. “Badakigu Jaurlaritza bere proposamena lantzen ari dela eta asmoa ez da bien artean talka sortzea, baizik eta gure ustez dekretu berriak jaso beharko lituzkeen elementuak azaltzea, eztabaida aberatsagoa izan dadin»,
    Horregatik Andoni Unzalu eta gainerakoen liburu aurkezpena eta . Azala ez da jokoan muina baizik.

  • Langileei euskararen ezagutza eskatzea ez da nahikoa.
    Jaurlaritza erakunde oso jerarkikoa da, eta langileen hizkuntzazko jarduna agintarienaren araberakoa da. Agintariek erabakitzen dute zein hizkuntzatan jardun Jaurlaritzan (aldundietan eta udaletan bezala), hortaz, euskaltzaleak ez badira, ez dago zer eginik… eta agintari euskaltzaleak (praktikan, ez soilik platonikoak) gutxi dira.
    Jaurlaritzan bertan, egun egiten dena baino askoz gehiago egin daiteke lan euskaraz. Nahikoa litzateke agintarien konpromisoa, baina gehienetan ez da gertatzen.
    Oker ez banago, Gipuzkoako Foru Aldundian oso bestelakoa da egoera: euskararen erabilera oso ohikoa da lanean. Hots, egitea badago. Borondatea da falta dena erakunde gehienetan.

  • Alpargatero 2018-08-16 11:27

    2018. urtea. Euskadiko erakundeek 40 urte daramate “abertzaleen” esku. Eusko Jaurlaritzako HEZKUNTZA SAILAREN lan-hizkuntza: gaztelania.

  • Bittor Hidalgo 2018-08-16 12:10

    Eskerrik asko JJ liburuaren berri emateagatik. Nik uste guztiz konbeni zaigula halakoen eztabaidak haizatzea eta gogor egitea. Zenbat eta burrunba handiagoa lortu gure gizartean, nik uste gure aldekoa degula!

    Fin segi!

    Bittor

  • Milesker Bittor. Segi bizkor!

  • Ez dakit holakoei garrantzia ematea komeni den edo ez. Baina deigarria da behin baino gehiagotan errepikatzen den patroia:
    Euskalduna naiz (ona edo kaxkarra), eta, nire Egoa puzteko, erdaraz idazten dut euskara sustatzearen kontra, erdaldun euskarafobikoei Egia Handiak iduritzen zaizkienak boteaz.

  • Horrek automatikoki pertsona argia eta interesgarria bihurtzen zaitu.

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2018-08-20 12:58

    Euskararen gaia taboo bihurtzen ari da, hobe ez hitz egitea, “harmonia ez hausteko”, eta hitz egitekotan, kontra, Unzaluren kasuan azaldu bezala. Hala sumatzen dut Lasarte inguruan. Tristea eta nekagarria