Baietz zeu Bilintx baino hobea izan bertsotan

Izango da ez garelako  bertsozale itsu, edo auskalo zergatik, baina biziki maite dugu Indalezio Bizkarrondo Bilintxen lana. Erromantikoa zen bai, eta Potoaren Errege ere deitzen diogu irrika lagun artean (ez arrazoirik gabe…) Baina ausartzen al zara haren potobertsoa hobetzera? Gauza handia litzateke, zinez.

Baietz zeu Bilintx baino hobea izan bertsotan

Loriak udan ihintza bezela
maite det dama gazte bat…

Horixe duzu zeuk osaberritu beharreko bertsoaren hasiera.

Jakinekoa da Bilintxek poto ikaragarria egin zuela bat eta bat eta bat errepikatuz… Izango da, garaian ez zitzaiolako ematen hainbeste garrantzi bertsoaren teknikari eta mezua gainditzen zitzaiola guztiari. Edo auskalo.  Haren lan guztiak eta berari buruz esandakoak daude bilduta ARMIARMA.COM gunearen baitan.

Erakargarria egiten zaigu Moko, liluragarri gizona, bere okerrean, bere ezinean, beti maiteminez, baserritar baino nahiago hiritar, karlista baino liberal, atzerakoi baino aurrerantzako…

Baina horiek kontuak dira, zuk bidal iezaguzu zeuk osatutako bertsoa bere hastapena erabilita. Saiatu gizon txiki, oker, ezdeus eta  potogile hark baino hobeto osatzen bertsoa. Ausartzen bazara, ahal baduzu.

(Hauexek 12 bertsoak. Zeuk  lehenegoa osatuta, nahikoa da).

 

Loriak udan ihintza bezela
maite det dama gazte bat,
hari hainbeste nahi diodanik
ez da munduan beste bat;
inoiz edo behin pasatzen badet
ikusi gabe aste bat,
bihotz guztira banatutzen zait
halako gauza triste bat.Neskatxa gazte, paregabea,
apirileko arrosa,
izarra bezin dizdizaria,
txoria bezin airosa;
oraintxen baino gusto gehiago
nik ezin nezakeen goza;
zorionian ikusten zaitut,
nere bihotzak, hau poza!

Ez al didazu antzik ematen
nik zaitudala nahiago,
ai, marinelak gau ilunean
izarra baino gehiago?
Nere ondoan zauzkadalako
pozez zoraturik nago;
zu ikusteak alegratu nau,
triste nengoen lehenago.

Nik hainbat inork nahi dizunikan
arren ez zazula uste,
nere begiak beren aurrean
beti desio zaituzte;
eguzkirikan ikusi gabe
txoria egoten da triste,
ni ez nau ezerk alegratutzen
zu ikusteak hainbeste.

Aurpegi fina, gorputza berriz
ez dago esanikan,
hizketan ere grazi ederra
ezer ez duzu txarrikan;
mundu guztia miratuta ere
zu bezelako damikan,
agian izan liteke baina
ez dut sinisten denikan.Nere betiko pentsamendua
nere kontsolagarria,
zu gabetanik ezin bizi naiz,
esaten dizut egia;
zu bazinake arbola eta
ni baldin banintz txoria,
nik zu zinakeen arbola hartantxe
egingo nuke kabia.

Amodiokan nere bihotza
zureganuntza darama,
herri guztian zeren daukazun
neskatx bikainaren fama;
beste fortunik mundu honetan
ez dut desiatzen, dama:
haur batek berak izan gaitzala
ni aita eta zu ama.

Falta duenak logratutzeko
hitz egitea txit on du,
eta nik ere saiatu bihaut
ote gitezken konpondu;
gaur nagon bezain atrebitua
sekulan ez naiz egondu,
hargatik golpez galdetzen dizut
nerekin nahizun ezkondu.

Ezkondutzeak izan behar du
preziso gauza txarren bat!
Hala esaten ari zait beti
nere kontsejatzaile bat;
halaxen ere haren esanak
oso utzirik alde bat,
ongi pozikan hartuko nuke
zu bezelako andre bat.Zerorrek ere ongi dakizu
aspaldi hontan nagola
zuregatikan penak sufritzen,
baina ordea hau nola!
Halaxen ere nigana ezin
bigundu zaitut inola,
ni zuretzako argizaia naiz,
zu neretzako marmola.

Nere bihotza urtzen dihoa
es da ez da misterio:
penaren kargak estutu eta
zumua kendutzen dio;
begiak dauzkat gau eta egun
eginikan bi errio,
beti negarra dariotela
zu zerala medio.

Zu zeralako medio baldin
joaten banaiz lur azpira,
gero damua eta malkuak
alferrik izango dira;
behin joanez gero hoien birtutez
berriz ez niteke jira,
hori gertatu baino lehenago
zazu nitaz kupida.

Airetik bizi naiz. Ia.

14 pentsamendu “Baietz zeu Bilintx baino hobea izan bertsotan”-ri buruz

  • Xabier Euzkitze 2011-05-29 01:20

    Lagunok; ene aburuz erratu egin zarete horri potto deitzean. “Bat” monosilaboaren aurretik datozen hitzek errimatzen dute, bikain gainera: gazte, beste, aste, triste. Beraz, berritasun edo bitxikeriatzat har genezake, nahi baduzue, baina nik inola ere ez nuke esango Bilintxek potto egin zuenik. izan ongi!

  • Loriak udan ihintza bezela
    maite det dama gazte bat,
    Haren igurtzitxo baten truke
    Emango nuke begi bat
    Ni zer naiz harentzako ordea?
    Babarrun ale triste bat
    Zergaitik ez dit eman jainkoak
    George Clooneyren antz pittin bat

  • Iñakito Garay 2011-05-29 12:05

    Adarrik ez jo, Patxitrapero: bat, bat, bat, bat. Horrek ez du balio. Hemen behar da bart, bat, zart, apart… Eta neurriarekin, zer egin duzu?

  • MarialuisoGolerdi 2011-05-29 12:06

    Loriak udan ihintza bezela
    maite det dama gazte bat,
    kristalezko hamaika jantzikin
    ikusia sarri dakat,
    lepo fin luze ta gerri zabal
    eskuartian oin dazkat,
    hamaika muxu eman ondoren
    “KAMARERO, hator honat!”

  • Nere bizitzako bertsorik onena bota, ta hau ordain zitala 😉 Tira ba, egin beharko da bigarren ahalegin bat.

  • Loriak udan ihintza bezela
    Maite det dama gazte bat
    Hainbeste ordu hari begira
    Ultzera bat atera zat
    Neuronak ere gaxuak dabiltz
    Danak beren baitatik at
    Begirik bildu gabeko gauak
    Neronek baneki zenbat

  • Milikito Apal 2011-05-29 17:13

    Euzkitzek egia galanta eta ebidentea esan duela azpimarratzearekin bat, esan nahi nuke bitxia iruditzen zaidala Iñakitok esandako gauza bat, esaten baitu Bilintx maite duela igual ez delako bertsozale sutsu bat, jakinik bertsozale orok maite behar duela Bilintx bezalako bertso-olerkari bikain bat.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-05-29 22:06

    Loriak udan ihintza bezela
    matteittut dama gazte BI
    hairi hainbeste nahi diedanik
    ez da munduan besterik;
    inoiz edo behin pasatzen badet
    ikusi gabe asterik,
    bihotz guztia bihurtutzen zait
    bizitzeko tristeegi.

  • Iñakito Garay 2011-05-29 23:33

    Furunda, tranpati!

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-05-30 08:19

    Jajaja, bale, baleee, orain tranparik gabe (baina txisterik gabe, hau pena):

    Loriak udan ihintza bezela
    maite det dama gazte bat,
    haren atzetik ibiltzen naiz ni
    herri batetik besterat;
    inoiz aste bat pasatzen badet
    nik berarengandik apart,
    gauza triste bat banatutzen zait
    bihotz guztira, erabat.

    puf, esan bezala, kalitaterik ez, eta txisterik ere ez…zakurraren putza.

  • loriak udan ihintza bezela
    maite dut dama gazte bat
    metaforetan badago baina
    bi ilegalitate bat
    loriak ihintza, erlek loria,
    a(ha)ztuz transibitate bat
    nik euli batek aina maite dut,
    bihotzeko kakati bat

  • Amonamantangorri 2011-06-04 00:55

    Loriak udan ihintza bezela
    maite dut dama gazte bat
    Nola usakume txit eritua
    nabil errari harat-hunat
    Ze egun ote da? Bihar ala atzo?
    Herenegun, gaur ala bart?
    Egun guztia Ken7 entzuten
    gauez Versuit Bergarabat.

    Badakit Bilintxen maitasun “poemak” arruntean errrrrrromannntikoak direla, ta hori guzia. Hurrengo baterako, “Soldadu sartzearena”. Bereziki harritu eta poztu ninduen bertso sorta horrek. Bilintxekin, eta bertsolaritzarekin orohar, paketu egiten naiz horrelakoak aurkitzean: http://www.josebatapia.com/?d=RP&k=08&h=eu

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-06-04 22:21

    Amona, metrika hori…

  • Amonamantangorri 2011-06-05 00:06

    Zer da metrikarekin? Nere bertsoaren metrika erabat perfektua da, lotsagabea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude