Bideokopla lehiaketa AEKren eta Bertsozale Elkartearen eskutik

kopla-lehiaketa-postala3_Página_1


Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak
eta AEKren Praktikatu egitasmoak elkarlanean, Bideokopla Lehiaketa jarri dugu martxan. Txapelketa honek helburu bikoitza du. Alde batetik, euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea eta, bestetik, bertsolaritzak euskara praktikatzeko eskaintzen dituzten aukerak erakustea. 

Ekimen honen sorrera 17. Korrikaren baitan antolatutako Euskalakari Koplari txapelketaren arrakastarekin lotuta dago. Duela urtebeteko hura Bertsozale Elkartearen eta Korrikaren arteko lankidetzari esker burutu bazen, oraingo honetan Praktikatu AEK-k hartu dio lekukoa Korrikari. Gainera, aurrera begira elkarlanean jarraitzeko asmoa dugu; ondorioz, ekimen hau abiapuntua besterik ez da izango.

Lehiaketa, izenak berak dioen legez, bideo bat sortzean datza, koplak oinarri gisa hartuta. Bi lagunetik gorako taldeetan bilduta sei koplatik hamabira bitarteko sorta bat osatu beharko duzue, eta bideo bat grabatu, gai hau ardatz: Euskaraz bizi nahi dut, dugu, duzu, zaitut… Kopla horien bidez, euskaraz bizitzeko nahia adierazi beharko da nahi den eran. Doinua, libre.

Lehiaketa helduen euskalduntzeko zein mintzapraktika egitasmoetako edozein erakundetan dabiltzan taldeei zuzenduta dago, baina talde bakoitzak bertsolari baten laguntza eduki dezake, hala eskatuz gero. Izan ere, lehiaketan parte hartu nahi duten taldeei beren inguruko bertso-eskolak lagundu nahi badie kopla sorta osatzen, elkarlan hori balioetsi egingo da lehiaketan.

 

Bideoan grabatutako kopla sortak praktikatuaek@gmail.com helbidera igorri beharko dira martxoaren 25a baino lehen. Saria talde irabazlearentzako bertso-bazkari edo afari bat izango da, bi bertsolariren laguntzaz, taldeak eta antolakuntzak adostutako jatetxe batean. Epaimahaia Bertsozale Elkartea izango da, baina edonork edukiko du bere gustuko bideoa bozkatzeko aukera Praktikatu AEK facebookeko orrialdean.

Oinarriak PDF formatuan hemendik eskuratu ahal dituzu. 

 

AEK, BERTSOZALE, euskaltegia, euskara, mintzapraktika, praktikatu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude