Nafarroako Herri Kirol Federazioak 20 urteko bidea bildu du

txingak2011n 20 urte bete zituen Nafarroako Herri Kirol Federazioak. 2003tik honat hainbat monografiko argitaratu ditu modalitate desberdinen gainean: harri jasotzea, aizkora, trontza, iparraldeko jokuak (6 modalitate), sokatira, sega eta herri kirolaren jatorria eta ezaugarriei buruz. Bi bideo ere egin ditu harrijasotzea eta sokatirari lotuta. Orain, 20 urteko ibilbiea biltzen duen alea argitaratu du.

Herri kirolak zabaltzeko eta bulkatzeko asmoarekin sortutako federazioak, material didaktikoa landu du urteotan. Datu teknikoak bildu, eta gaiaren inguruan dagoen bibliografia eskasa elikatzeko xedez argitaratu izan dituzte 7 monografiko. Zortzigarrenak (eta oraingoz azkena izanen dena), Federazioaren beraren egitura eta funtzionamendua agertzen ditu, bere egitekoak zein diren, egindako lanaren memoria, eta 20 urteotan egindako ibilbidea eta lortutako emaitzak.

Leku berezia egin diete lortu diren marka eta errekorrei. Nafarroako herri kirola erreferentea da, eta datu bilketak hori erakusten du.

Oinarrizko mailan eta gazteen artean herri kirola sustatzea dute lehentasunen artean, eta horretarako herrietan eta ikastetxeetan hainbat egitasmo martxan dituzte

Materiala eskuratu nahi duenak Nafarroako Herri Kirol Federaziora jo dezake. Ikastetxe eta liburutegietara doan banatzen dute materiala.

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.