Anselmo Guinea, etxeko margolari bat

Bisitan joaten nintzaion bakoitzean kontatzen zidan zer edo zer amamak bere aitonaz, Anselmo Guineaz. Eta noski bere aitaz, Antonio Gezalaz. Amama Juliaren etxea museo bat bezalakoa izan da beti eta ondare horren balioaz koxkortu ahala jabetu naiz. Orain Bilboko Arte Ederren museoan da ikusgai Guinearen obra maiatza bitartean.

Artea ogibide zuen nire herenaitita Anselmo Guineak. Asko bidaiatu zuen teknika askotan jardunaz eta handik eta hemendik ikasiaz. Italian eta Frantzian zehar ibili zen. Ez zen geldirik egotekoa. Hain zuzen, profesionala zelako, oso koadro gutxi geratu zaizkigu familian. Bereak dira Bizkaiko Foru Aldundiko eraikuntzako freskoak besteak beste.

Bere alaba Eloisa Guinearekin ezkondu zen nire birraitita Antonio Gezala. Hau ere margolaria. 1911. urtean Euskal Artisten Elkartearen sortzailea izan zen, hamaika kartel, exlibris eta koadroren egilea, gerora Eresoinkan oso aktibo ibili zena Parisen erbesteratutako Eusko Jaurlaritzarekin. Frankismoak seme-alaba guztiak (dezente ziren) munduan zehar barreiatuta utzi zizkion. Amama Valen ahizpa bikiarekin Paueko barnetegi batean egon zen denbora luzez, gero Genevara (Suitza) alde egin eta azkenik Bilbora itzultzeko. Bera izan zen itzuli zen bakarra. Gezalaren lanak ere Arte Ederren museoan ikusgai dira, Carlton Hoteleko Ate birakaria esaterako.

Hamaika dira nire amamak kontatu zizkidan istorioak bien inguruan, batez ere, aitaren inguruan. Batzuk ikaragarriak. Baina memoria txarra dut, doi doi datozkit burura, ahulegi taxuzko ezer idazteko. Sekulako amorrua ematen dit garai hartan kazetari sena piztu gabe izateak. Kontatutakoak grabatu banitu sekulako erreportajea idatziko nizueke, sarrera zimel honen ordez.

Aukerarik izanez gero begiratu bat ematera joatea gomendatzen dizuet, ez zarete damutuko.

Erakusketaren ├▒abardurak hemen.

 

anselmo, anselmo guinea, antonio, arte ederren museoa, Bilbo, de guezala, gezala, Guinea
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude