Batzuk bazterrean eta pilatuta, besteak erdian eta lasai

Batzuk bazterrean eta pilatuta, besteak erdian eta lasai
Batzuk bazterrean eta pilatuta, besteak erdian eta lasai

Durangoko Azokak nik baino dezentez urte gehiago bete ditu aurten. Mende erdi du jada euskal kulturaren, gutxienez, erakusleiho deitu diezaiokegun horrek. Ileak zuritzen hasiko zitzaizkion honezkero eta hurbilerako betaurrekoak paparretik zintzilik izango ditu.

Urteroko errutinari jarraiki, gerturatu naiz aurten ere, urte guztian erosi ditudan liburu kopuruaren bikoitza erosteko asmoz. Hura izaten baita literatura eta musika militanteki diruz ordaintzeko prest egoten naizen une eta leku bakarrenetakoa.

Gomendagarria izaten da erosketara zoazenean bezala, lista eginda eramatea: honako liburua, halako CDa, beste honen saiakera, hango beste horren harpidetza. Baina alferrik, stand artean galduta beti geratzen zara bakarren bat topatzeke; eta bitartean, aurrez planifikatu gabeko beste zenbait gauzek estropezu egin eta zu ohartu orduko erosketarako karrotxoan azaltzen zaizkizu. Ez da agian txarrena, Eroskiko koloreztatutako apalategietan barrena bezala galtzea liburu, CD, DVD, egutegi, jostailu, argazki eta beste zenbait konturen artean. Dena den, zentro komertzialen gisara hemen ere, zailagoa izaten da gauza batzuk topatzen beste batzuk baino. Banindoan pausu irmoz azokan barrena lagunaren ondoan, eta bat-batean hala bota zidan Musika Zuzeneaneko stand-ari begira: “Hemen talde pilo baten CDak aurki daitezke metro gutxitan, eta gero, begira harantzago, beste talde batzuek izugarrizko espazioa okupatzen dute”. Gakoa espazioan omen. Eroskin kadukatutako Jogurtak aurrealdean jartzen dituzten legez posizionamenduak badu garrantzirik azokan bertan ere.

Kuriositatearen harrak hartuta hurbildu nintzen, eta egia zen lagunak kontatutakoa. 10 eurotik beherako prezioetan salgai zeuden nik apenas ezagutzen ez nituen talde horien CDak euren karatula ezin dotoreagoekin, nork erosiko zain. Jakina da denok ez dugula espazio bera okupatzen; kulturan ere kapitalak kontrolatzen du metro karratua. Elkarren gainean metatutako CD andanari bizkarra eman eta ingurura begira aise ikus zitekeen espazioaren banaketa ezin bereizleagoa zela.

Azokan aurrera egin ahala konturatu nintzen musika talde prekarioak ez direla Euskal Herrian espazioa konpartitu behar duten bakarrak. Han topatu bainituen hainbat eragile elkarrekin metro karratu gutxi batzuk konpartitzen euren liburu, kamiseta, CD, DVD, merchandising eta bestelakoak saltzeko.

Baina noski, buztanari hozka ari den animalia legez gabiltza geu ere; ez baita harritzekoa pilatutako musikari gazteen CD horiek gutxiago saltzea, alboan talde bakar baten stand monopolizatua dagoenean. Ziurki egongo da harremanik azokan salduena izan den kultur edukiaren eta haren kalitatearen artean. Baina uka ezina da hark okupatutako espazioak ere ikaragarrizko garrantzia izango duela; eta beraz, kapitalik gabeko baina kalitate oneko kultur sorkuntza horiek, Eroskiko iraungitako jogurtak baino dezentez denbora gehiago beharko dutela kartoizko kaxetatik irteten. Ezin errezagoa baita azokan kultur sorkuntza bakoitzak edukitako lekuaren eta honek handik kanpo duenaren arteko paralelismo bat egitea: batzuk bazterrean eta pilatuta, besteak erdian eta lasai.

Zer duzu buruan “Batzuk bazterrean eta pilatuta, besteak erdian eta lasai”-ri buruz

  • Guztiz ados, egoera kaotikoa da eta jendarteak jasotzen musika komunikazioa unatua eta guztiz instrumentalizatua dago, ez oso fidatzeko eragin eta interesen eskutik. Musikherriak egin zuen irakurketa guztiz balekoa da oraindik ere gurean.