Aurpegia, arimaren ispilu

Aurpegia, arimaren ispilu –

Hala dio errefrau batek, eta beste erranairu batek berresten duenez, «esaera zaharretan, gezur gutxi». Arimaren ispilu ez ezik, bisaia emozioen isla ere bada. Izan ere, aurpegian oinarrizko emozioak islatzen ditugu denok.

Aurpegia, arimaren ispilu
Arg: Agustin Fernandez Gabard

Paul Ekman psikologo amerikarrak sei emozio nagusi bereizi zituen: nazka, beldurra, poza, sorpresa, haserrea eta azken kategoria, tristura edo tristezia.

Kontua da kategoria horiek pertsona edo pertsonaia jakin baten aurpegian jakin behar dugula antzematen eta irakurtzen, benetan zer gordetzen, zer ezkutatzen duen asmatuko badugu.

Politikarien kasuan, telebistan mintzatzen direlarik, berbaldi bat dugu, idatzizko testu bat ahoz komunikatzen zaiguna, guztiz neurtua eta ez hitz bat falta ez hitz bat sobera duena, baina ez da politikariek beraiek prestatua, ez da euren barne muinetik sortua izan, beren aholkulariek eta alderdiak prestatua baizik, kasu gehien-gehienetan.

Horregatik, komenigarria da zer esaten duen baino nola esaten duen ikustea, hitzen eta lerroen artean ezkutatzen dena ikertzeaz landa; ariketa onuragarria izaten da telebistan agertzen delarik bolumena jaistea eta soilik erreparatzea gorputz adierazpenari, aurpegian irakurtzeari.

Azaroaren 2an ehun urte bete berri dituen Ida Vitale poeta uruguaitarrak aspaldi gaztigatu zigun “Aholkua” izeneko poeman: «Irakurtzea eta berrirakurtzea/ hitz bat/ esaldi bat/ aurpegi  bat/ batez ere aurpegiak/ eta errepasatzea/ ongi neurtzea/ isilik gordetzen dutena/ isilpean ezkutatzen duten hori». Nik beti egin egiten dut, besteak beste, «Euskal Tedespistan» anitzetan agertzen den CAV edo Comunidad Autónoma Vecina delakoan lehendakari dabilen jaun seriosarekin.

Aurpegia, arimaren ispilu

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude