Astigarragan Muttuai

Astigarragan Muttuai –

Astigarragako merkatari eta tabernariek bultzatuta jaio da Muttuai jaialdia, Udalaren eta herriko musika eskolaren laguntzarekin; lau egunez herrian zehar musika zabalduko duen ekimena.

Sagardotegiengatik Euskal Herri mailako sona duen Astigarraga, zazpi mila biztanletik gorako herria da egun, oraindik gelditu ez den hazkuntza bizkorra bizi baitu. Donostiatik hamar minututara eta saltoki erraldoiez inguratuta egonik, ezin esan bertako merkatariek aurrera egiten erraz dutenik, baina saiatzen dira, alafede. Datorren ekainaren 13tik 16ra, lau eguneko jaialdia aurkeztu berri dute, doanekoa, hiru kokagune eta hogei ekitaldiz osatua.

Astigarragan Muttuai“Prototipotzat” jo du jaialdia Astiko merkatari elkartearen izenean berau aurkeztu digun Alfredo Pastainek, alboan ekimenaren jagole nagusietako batzuk dituela. Batetik, Zorione Etxezarraga, kargua uztear den alkatea, eta Intermezzo zein Petritegiko kide bana, babesle pribatuen ordezkari legez. Bestetik, Maite Aramburu, Norberto Almandoz Musika Eskolaren izenean. Etxezarragak, merkatarienganako udalak duen “konpromisoa” azpimarratu du, eta Aramburuk, bere aldetik, musika eskolak “herriarekiko” duena.

Pastain pozik agertu da, “proposamena egin eta denek begi onez hartu dutelako”, oztopo bakar bat ere jarri gabe. Bere esanetan, egitasmoa “lagunen arteko elkarrizketatik sortua da; tartean musika zale ugari zirela, herrian ekitaldi kulturalen beharraz mintzatzen hasi eta… hazten joan da-eta”.

Muttuai -mugitu hadi- “herriari bizitza emateko” asmoz sortu da, Astigarragako kultur eskaintzari proposamen berritzaile bat gehitu eta kaleko  giroa suspertzeko helburuarekin. Gainera, aurtengoa froga duten arren, balorapenak onak izanez gero antolatzaileek “urtero” egitea dute asmoa. Jaialdia kalean izango da, doan, eta gehienbat egun argiz. Antolakuntzak agertu duenez, aurtengo egitarauan musika nagusi den arren, jaialdiak arte eszenikoei egin nahiko lioke tokia orokorrean, eta hortaz,  aurrerantzean “bestelako kultur ekintzak antolatzea ere aurreikusten da (antzerkia…)”.

.

Musika eskolakoak, “jotzeko gogotsu”

Astigarragan MuttuaiEuskal Herrian gero eta gehiago dira udako musika jaialdiak antolatzen dituzten udalerriak, eta Muttuai hauetako bat gehiago baino ez litzateke izango, herriko musikariak oholtza gainera igotzeko ahalegin berezia egin izan ez balu. Izan ere, herriko musika eskolak, NAMEk, partaidetza nabarmena izango du festibalean, ikaslez, ikasle ohiz eta irakaslez osatutako zazpi talderekin: Gabiltzanian, Tolare, Ttakun, Eira, Deblauki, CDMontre eta Kazkabarra (argazkian).

Gainontzeko taldeek lortua dute sona edo jada egina dute aintzakotzat hartzeko moduko ibilbidea, eta kurioski, gehienak ez dira Astigarragatik oso apartekoak.

Muttuairen lehen jarduna ekainaren 13an izango da, ostegunez. Kazkabarra eta Gabiltzanian taldeekin batera, Estitxu Pinatxok eta Mikel Santxezek `Dama beltzak´ ikuskizuna taularatuko dute; “musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten bost emakume beltzi merezitako errekonozimendu xumea: Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin”. Agin Laburu eta Aitor Mendiluze bertsolariek, Borja Fernandez eta Aitor Manterolak lagunduta, bertso saio musikatuan parte hartuko dute, eta bukatzeko, Latitud 43 taldeak “Relatividad” lana aurkeztuko du.

Ostiralean, ekainak 14, NAMEko bost taldek joko du: Tolare, Eira, Ttakun, Deblauki eta CDMontrek. Tartean, baita astigartarra den Apalatxek ere, Maider Zabalegi oiartzuarrarekin (Alaitz Telletxea gabe, `Zuei´ du bakarkako lehen lana) eta Buffalo zarauztar hirukotearekin batera (Ederra anaien post rock taldea).

Ekainaren 15ean, larunbatez, DJ Aleman disko jartzailearekin batera Black Gamba eta Suakai izango dira jotzen. Lehena Karlos Nguema dantzari ezaguna partaide duen talde donostiarra da, dantza erritmoetara emana (funk, reggae, soul), eta bigarrena, berriz, jaialdi osoan musika klasikotik gertuen dagoen taldea, tresnei dagokionean (arrabitak, txeloak…) -ikus azpiko bideoa-.

Jaialdia igandean bukatuko da, ekainaren 16an. Eguerdian Mac Jeara´s Band ibiliko da swinga hedatuz kalejiran, New Orleans moldera. Eta arrastian, Petti blues gitarra jole beratarrak bakarka joko du, La Jodedera euskal-kubatarrek herriko Ariztondo abesbatzarekin batera, Kubako erritmoetan, Muttuai itxi baino lehen.

Muttuaik hiru gune izango ditu, hirurak ere bata-bestearengandik oso gertu daudenak, hirurak herrigunean: Apezegi plaza (ahateena edo txistulariarena), Kultur etxe osteko lorategia eta Murgia jauregia.

EGITARAU OSOA

__________

.APALATXE

.

PETTI

.

LA JODEDERA

.

BLACK GAMBA

.

MC JEARA´S BAND

.

ESTITXU PINATXO-MIKEL SANTXEZ (Dama Beltzak)

.

SUAKAI

.

MAIDER ZABALEGI

.

LATITUD 43

.

BUFFALO

Astigarragan Muttuai Astigarragan Muttuai

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude