Ez da politika, plastikoa da

Ez da politika, plastikoa da –

Danel Agirrek Gipuzkoako Hitzan.

.

Ez da politika, plastikoa daPremier League-ko terminologia garaikidean, plastic club deitzen zaie xeke baten patrikari tiraka eliteko estatusa erosten duten taldeei. Plastic fan, berriz, lehiaketa horren ospe soziala dela eta estadioetara arrimatzen hasi eta sarreren garestitzea eragin duten turista, start-up sortzaile eta gisakoei. Polimeroekin zerikusia duten irainok dira mingarrienak Ingalaterrako futbolean: egiazkotasun eta printzipiorik eza adierazten dute guztiek, oportunismoaz gain.

Badut ia ni bezain esnoba den lagun min bat Otxandion, Everton zale sutsua —txikitatik, argi gera dadila—. Atariko paragrafoko materiala erabiliz, edukiontzi horira botatzeko moduko esamoldeak asmatu zale da. Hauteskunde kanpainaren ganora eskasarekin aztoratuta, hauxe idatzi zidan lehengoan: “Zein unetan bilakatu zen Bildu plastikozko alderdi bat?”.

Instagram zabaldu eta ezker abertzalearen spamaz leporaino topatzearekin ni ere apur bat gogaitzen ari nintzela erantzun nion. Baina azalkeriaren zabalkundeak benetan kezkatzen bazuen, hori bai, onena leihora ez irtetea zuela abisatzea otu zitzaidan. Nire kalkuluen arabera, Durangaldetik ikusteko modukoa behar zuen ordurako Borja Senper ezerezari Donostian eraikitzen hasitako monumentuak. Kolosala izan da. Taxuzko eduki oro desagerrarazi, eta plastikozko politikaren destilazio perfektua lortu du asteotan Senperrek. Alkimiaren mirari honekin, aro berri bat iragarri digu.

Aurki, Behobia ordu eta erdian korritu izana eta surfeko oholean tente jartzeko gaitasuna egiaztatu beharko dira Gipuzkoan kargu publiko batera aurkeztu ahal izateko. Ostiral gauero, kuadrillari soziedadean prestatutako jakien irudiak sare sozialetara igotzea egokituko zaie hautagaiei (etxeko komunak garbitzen dituztenaren frogarik ez da eskatuko, gizonezkoen %50en kuota errespetatzearren). Hautetsontzien prozedura txit anakronikoa alboratu, eta Teledonostik eta Erlok bat eginda emitituko duten gala distiratsu batean aukeratu ahal izango ditugu ordezkariak, etxetik. Proba aproposekin, oinarri moralen arrastoak dituzten hautagai gogaikarriak baztertzen joango gara. Azkeneko erronka, Truebako katakonba izenekoa, Woody Allenen filmografia osoa errezitatzea izango da (Realaren Gijongo hamaikakoarena errazegia litzateke). Ordena kronologikoan, errege godoen zerrenda bezala.

Berunezko politikatik plastikozkora pasatzera goaz, tarteko geltokirik gabe. Eta nik, behintzat, ez dut asaldatzeko inongo asmorik. Datorrena merke samarra da, baina orain artekoa gobernantzaren diamantezko aroa izan denik ere ez nuke esango. Txarrenean, lehiakide xelebre mordoxka agertuko da, eta emaitzak aurreikustea zailduko zaigu. Ze, ez gaitezen engainatu. Egun, lehortutako kaktus bat proposa lezake EAJk alkate kargurako makina bat herritan, eta gehiengo osoa lortuko luke. Ezker abertzaleak beste hainbat plazatan disekatutako saguzar bat aurkeztu, eta antzeko.

Plastikozko politikarekiko nire erreparo faltarena berekoikeria ere bada, aitor dezadan. Nire beste adiskide min bat youtuber mediatiko, lasterketari supersoniko eta oro har tipo zinez karismatikoa da. Zarauzko udaletxean edo Gipuzkoa Plazan bukatzen badu, prentsa arduradun edo zerbaiten teknikari entxufatuko nau akaso. Berak uste du ez lukeela sekula halako trakeskeriarik egingo. Izan ere, oraingoz, printzipioak ditu. Baina pasatuko zaio.

Ez da politika, plastikoa da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.