Arte[faktua] 26: Ekaitz Goienetxea ‘Zaldi mamarroa’, Irula, Reyes Ilintxeta

Arte[faktua] 26: Ekaitz Goienetxea ‘Zaldi mamarroa’, Irula, Reyes Ilintxeta –

Drogak galdutako belaunaldi baten kronika idatzi du Ekaiz Goienetxeak Zaldi Mamarroa eleberrian. 80ko hamarkadaren hasieran Euskal Herriko herri baten heroinaren mendera eroritako gazteen ibilerak kontatu ditu idazle bermeotarrak. Bera umea zen orduan, baina garaia eta giroa gertutik ezagutu zituztenen testigantzetan oinarrituta eraiki du kontakizuna Goienetxeak. Istorio gordinak agertzen dira Zaldi Mamarroan, baina idazleak berak esana da benetan gertatutakoa bezain gordina ez dela narrazioa.

Ekaitz Goienetxea (Biarritz, 1982) kazetaria da ikasketaz eta lanbidez tabernaria, Bermeoko Talako kantinan. Hantxe hitz egin du Arte[faktua]rekin eta bere gonbidatu Irularekin. Joxe Mari Aspiunza mundakarrak Irula musika taldea sortu zuen 80ko hamarkadan. Bere abestietako bat, Las Bragas, behin eta berriz agertzen da Zaldi Mamarroa eleberrian. Irularen gaztetako ibilerak lotura estua du Goienetxeak bere liburuan kontatzen duenarekin.

Irakurlearen Txokoa sailean, Bermeoko Arantxa Goienetxea liburusaltzaileak, Axel Luzarragaren Bioklik eleberria gomendatuko digu. Xabier Amurizak, Arantxa Iturbek eta Juan Kruz Igerabidek Galdetegia tartean, euren gustuko liburu batzuk aipatuko dizkigute.

Iruñeko Euskal Herria Irratiko kazetari, Reyes Ilintxetak, azalduko digu zein liburu ari den irakurtzen, bere liburu kuttuna zein den, eta saiatu arren zein liburu klasiko ez duen amaitzerik izan. “Nola heldu naiz ni honaino” liburuaz egin digu booktubea Naroa Aztiriak. Nobedadeek, liburu-denden gomendioek, pitxiek eta epilogoak osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en

Arte[faktua] 26: Ekaitz Goienetxea 'Zaldi mamarroa', Irula, Reyes Ilintxeta

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Arte[faktua] literatur saioa ETBn