Erantzunkide: Kontziliazio erantzunkidearen aldeko Gipuzkoako enpresen sarea

Erantzunkide: Kontziliazio erantzunkidearen aldeko Gipuzkoako enpresen sarea –

Datuek argi erakusten dute kontziliazioaren eta berdintasunaren alorrean asko dagoela egiteko. Are gehiago, gizonek gobernatutako enpresen munduan etorkizun parekide bat lortu nahi baldin bada. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikerketen arabera, lurralde historikoko enpresen %68an, zuzendaritzetan ala erantzukizuneko karguetan dauden emakumeak %40 dira. Hori gutxi balitz, soilik enpresen %14,5ak du berdintasun planen bat. Amatasun eta aitatasun baimenak orokortu egin diren arren (enpresen ia erdiak eman ditu), legeak ezarritakotik harago gutxiengo txiki batek soilik ematen ditu baimen luzeagoak. Kontsultatutako enpresen %23an emakumeren batek hartu du mota honetako baimenen bat, eta soilik %9,7an gizonezkoaren batek. Hori aldatzeko sortu da Aldundiak bultzatu duen Erantzunkide enpresen sarea.

Erantzunkide: Kontziliazio erantzunkidearen aldeko Gipuzkoako enpresen sarea
Erantzunkide #EtorkizunaEraikiz-en baitan sortutako ekimenak enpresetako kontziliazioaren eta parekidetasunaren aldeko pausu bat izan nahi du. Markel Olano Ahaldun Nagusiaren arabera antzerako ekimenek “frogatu dute soldaten arrakala murrizteko gai direla edo, zuzendaritza postuetan emakumezkoen presentzia handitu dutela” eta abangoardia izateko sortu da enpresen sarea. Abiatze etapa honetan Erantzunkide sarea enpresa hauek osatzen dute: Alcad, Alcorta Forging Group, Ampo, Angulas Aguinaga, Arazi, Askora, BPG Coordinadores de Seguridad, BPXport, Club Deportivo Bera Bera, Construcciones Moyua, Federación Mercantil de Gipuzkoa, Diputación Foral de Gipuzkoa, Donostia Kultura, Ikerlan, Ikor, Ikusi (Grupo Velatia), Kirolbet, La Guipuzcoana, Mara mara, Matia Fundazioa, Matz Erreka, Transportes Pesa eta Uliazpi. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan kontziliazio erantzunkiderako esperientziak martxan jarrita dituzten ala ari diren enpresa eta erakundeak dira. Urte honetan zehar 10 gehiago batzea espero da.

Desberdintasun iraunkorra gainditzeko

Ahaldun Nagusiak sarea osatzen duten enpresek egindako lehen agerraldian nabarmendu zuenez alor ekonomikoko desberdintasuna “gure lurraldeak duen gainditu gabeko ikasgaia da oraindik”. Gogora ekarri zuenez, emakumeen bataz besteko soldata gizonezkoena baino %25 txikiagoa da eta enpresen zuzendaritzetan emakumeen presentzia neurtzen duen indizea 34 puntukoa da – 0tik 100erako eskalan –, 95ekoa delarik unibertsitate ikasketak egin dituzten emakumeen indizea. Datuei begira “oraindik egiteko asko” dagoela esan du diputatu nagusiak, nahiz eta EAEko Genero Berdintasunaren indizea 69,3 puntukoa izan. Puntuazio honek EAE, Europar Batasuneko lehen 10 herrialdeen artean kokatzen du.

Emakumeen batez besteko soldata
%25 txikiagoa da eta empresen zuzendaritzetan
emakumee presentzia 34 puntukoa -0tik 100erako indizean-

“Amatasun eta aitatasun baimenetan eta jaiotze tasa handitzeko neurrietan hobekuntzak datoz eta honek bizitza familiarrarekin eta sozialarekin bateratzeko neurrien eskari handiagoa ekarriko duela aurreikusten da”, Olanok azaldu duenez. “Gipuzkoan eraldaketa honek eredu propio baten lanean harrapatu gaitu” esan du diputatu nagusiak. Honela, 2018 urtean jada 30 izango dira, 2.500 langilerengan eraginez, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan kontziliazio erantzunkidea lantzen duten programa pilotuetan parte hartzen duten enpresen kopurua. Honi sortu berria den Erantzunkide Sarea gehitu dio Olanok, hau da, ezagutzak eta esperientziak enpresen artean partekatzeko Gipuzkoako lehen sarea, jadanik lanean dabilena. “Enpresek eta hauek osatzen dituzuen pertsonak berdintasunaren eta kontziliazio erantzunkidearen aldeko erronkara batzeko deia egiten dizuet”, dagoeneko badelako “sare bat, lanerako metodologia bat” eta erronka horretan bidelagun izango dutela Aldundia, adierazi zuen Olanok.

Kontziliazioa, malgutasuna eta produktibitatea

Legealdi hasieratik, kontziliazioaren esparruan lurraldeko enpresekin mantendu den lankidetza estua balioan jarri du Miren Elgarrestak, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak. Hala, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren aterkipean hainbat esperientzia abiarazi dituzten hogei bat enpresei eskerrak eman dizkie foru zuzendariak izan duten “anbizioarengatik”, euren enpresetan berdintasunaren eta kontziliazioaren alde eginiko apustuarengatik. Aspirazio hau gainera, aretoan bildutako enpresetako ordezkariek ere partekatzen dutela nabarmendu nahi izan du Elgarrestak, eta esan du, hain zuzen, gaurko topaketak erakusten duela “gure lurraldeko enpresek berdintasuna ongizaterako eta berrikuntzarako faktore gisa” ikusten dutela.

Markel Olano: “Erantzunkide sarea etorkizunerako
eraldaketa mugimenduaren abangoardia da”

Aldian behin, Aldunditik neurrien ezarpenaren jarraipena egingo da, ekimenak sendotu eta behar den kasuetan hobekuntzak planteatu eta konponbideak eskaintzeko. Honekin batera, hala aurrez aurre nola on-line baliabideekin, metodologiak, babes-lanabesak, beste enpresen ezagutzak eta informazio buletinak partekatzeko espazio komun bat eratuko da.

Erantzunkide: Kontziliazio erantzunkidearen aldeko Gipuzkoako enpresen sarea

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Erantzunkide: Kontziliazio erantzunkidearen aldeko Gipuzkoako enpresen sarea”-ri buruz

  • “karguetan dauden emakumeak %40 dira”? Zer esan nahi dute horrekin? %50,00an egon behar duela guztia? Zenbat pertsona daude direktibo bezala? Honek zertan eragiten digu pertsona arruntoi? Zergatik ez plan bat hiritar orok etxebizitza eta lanbidea izan dezan? En fin… zertarako jarraitu, PNVk progrekeriak babesten dituenean badakigu nora daraman moda honek: zulora.

  • Feminismoa erabiltzen ari dira herritar xumeen aldeko politikak esanahiz hustu eta denak berdin jarrai dezan. Amarru handia hau agerikoegia da iada denek irensteko, baina inork ez du ahotsa altxatu nahi seinalatua ez izateko. Ale, denak globalismoaren agenda politikoa jarraituz txintxo-txintxo (etxekalte, jakina)