Ametsetik amesgaiztora

tindaya.jpg

Adin batera iritsitakoan, ezagutzen ditudan artista plastiko gehienak —eskultoreak bereziki—, “obra publikoaz” hasten dira berbetan. Esan nahi baita, kalean edo espazio irekietan euren lanak jartzeko gogoa sartzen zaiela. Izango da, seguru asko, heriotzaren hurbiltzeak, denok bezainbeste kakalarritzen dituela artistak ere, eta arrastoa utzi nahi izaten dutela nonbait, hilezkortasun antzeko bat lortzeko edo.
Kontua da, Chillidak jo zuela gailurra asuntu honetan ere. Behin berarekin hizketan, amets moduko bat ukan zuela aitortu zidan eta mendi bat hustutzea otu zitzaiola, Sakona airea da Jorge Guillén omentzeko egindako eskulturaren bidetik. Esan zidan hara eta hona ibili ostean, Holandan eta abarretan, azkenean Miguel Ángel F. Ordoñez bere lagunak aipatu ziola Fuerteventurako Tindaya mendia, eta huraxe zela egokiena nahi zuena egin ahal izateko.
Gerokoa ezaguna da: mendi barnean piramide huts moduko bat nahi zuen, harria hustuz egina, eta bi argibide zituena gorantz, bat eguzkira eta ilargira bestea. Egia esan behar bada, niri bikaina iruditu zitzaidan egitasmoa: mendiko harria atera behar bazen, zergatik ez atera forma zehatz bat lortzeko helburuarekin? Bi txori tiro bakarrean.
Ekologistek eta ondarea gordetzearen aldekoek —bai baitaude bertan oin formako pintura rupestreak—, aurre egin behar izan diote ekimen turistiko eta ekonomikorako  Tindayakoa “de interés general” izendatu zutenei, 1995 an. Handik hona, Chillida hil arren, eutsi egin diote egitasmoari Cabildokoek eta Chillida familiakoek. Baina elur bola handitzen doa: harri bat bera mugitu gabe ere, 41,5 milioi euro gastatuak ditu Kanarietako “Jaurlaritzak” eta, seguruenera, 92,2 milioi ordaindu beharko zaizkio Tindayan harrobia egiteko baimena eman zitzaion industrial bati. Batzuek diote, egitekotan, 300 milioi euro balioko duela mendia hustutzeak.
Chillida oso haserre jarri zen jendea egitasmoaren kontra hasi zenean, jakinekoa da hori, eta hartzen zuen apur bat beti gertatzen den fenomeno baten antzera, arkitekto ausart batek etxetzar berezi bat proposatutakoan pizten den oposizioaren alturan. Esaten zuen Tindayako hegazti eta pinturen kontua ez zela hainbesterakoa ere, aitzakiak baino ez zirela kontu horiek. Baina niretzako nago, ikusitakoak ikusita eta bizi balitz, berak ere etsiko zuela, honez gero. Artearen izenean ere, ezin baita zernahi eta edonola.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)