Facebook arraioa!

200px-facebooksvg.png

Aurreko sarreran, ordenadorea ezin pizturik dabiltzanak baino galduago nabil neu. Lagun batek ia beharturik, Errege egunetik daukat Facebook madarikatua. Egia esan, ez dakit zer arraioatarako behar duen hori ni bezalako batek, ez baitiot inolako erabilgarritasunik aurkitzen, baina tira eta tira, hortxe daukat neuk ere.

Gogorrena lagun berriak egitearen kontu hori da: zure halako lagunaren lagunen lagun izan zaitezke, bidali zeure lagun izateko gonbita edo antzeko zerbait esaten du sistemak. Eta bai, askotan, niretzako modukoak iruditzen zaizkit nire lagunen lagunak, baina, ezagutzen ez ditudanez, egundoko lotsa ematen dit haien atean kax-kax hasteak. Gainera, erantzuten ez badidate, ez nautela gogoko hasiko naiz pentsatzen. Kalabazak beti direla gogorrak, alegia.

Eta okerragoa, neuri ere etorri zaizkit halako eskaerak dozenatik gora, neure lagunen lagunak omen direnek bidalita, ezagutzen ez ditudanak, eta neure kontutxoak eurek ere jakin nahi dituztela eskatuz. Hortxe dauzkat zain zerrenda batean, ezin baitut erabakirik hartu inola: nola hartuko ditut laguntzat ezagutzen ez baditut, aurkeztuak izan ez bazaizkit? Baina, jakina, ez badiet nire facebookean sartzen uzten, pentsa dezakete gaizki hezitutako grosero handi bat naizela, lotsagabe harroputz arraio zital bat. Erabaki bat hartu dut, beraz: mezu bat igorriko diet, barkatzeko, baina ez dudala eurak ezagutzeko atsegina oraino eta akaso elkar ezagututakoan… Baina sistemak dio, hori egiten badut, mezu bat bidaltzen badiet, alegia, hilabetez egon daitezkeela nire facebookera konektaturik eta, klaro, hilabeteren ondoren nola arraio ausartu inori ezetz esatera? Hau eromena.

Eta, gainera, zertarako da hau dena? Eztakitnor eztakitnoren lagun egin dela  jakiteko? (Beraz, ezagutzen ez dituzun lagunen zirkulua etengabe handitzearen aukera erogarria areagotzeko). Txorakeria baita jakitea eztakitnoren laguna den eztakitnor —orain nire laguna ere ba omen dena—, patata tortila bat egiten ari dela jakitea, edo ez dakit zein musikaren zale bihurtu dela ezagutzea. Hau da marka hau!

Korapilo honetan sartu nauen lagunari galdetuko diot, ea benetan ote den nire lagun ni halako korapiloetan sartzen ibiltzeko.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Facebook arraioa!”-ri buruz

  • Aupa:

    Gutako askori gertatzen ari zaigu azaldu duzuna. Mundu fisikoak ezaugarri batzuk ditu eta mundu birtualak beste batzuk. Teknologia berrietan murgildu aurretik, nik ere lagun hitza zuk bezala ulertzen nuen. Baina denborarekin, fisikoki inoiz ikusi ez duzun jendearen laguna izan zaitezkeela ulertzen duzu. Laguna bai, baina beste era batetako laguna.

    Lagun era berri hori, mundu fisikoko lagun era bezala, zuk definitu behar duzu. Ez dakit lagungarria izango zaizun, baina nik Facebook-en lagun birtualtzat hartzen ditudanak, mundu fisikoko lagun eta ezagunak hartzen ditudanak dira. Noizbehinka, mundu birtualean lagun egin dudanen bat edo beste gehitzen dut Facebook-en: bere bloga aspalditik irakurtzen dudalako eta batzutan iruzkinak egin eta erantzuten nauelako, nire blogean iruzkinak egiten dituelako eta gogoko pertsona iruditzen zaidalako, IRC txatean elkarrekin asko hitz egin eta bion bizitzak eta izaera ondo ezagutzen dugulako, posta elektronikoko posta zerrendetan elkarrekin askotan hitz egin dugulako, etab.

    Inoiz entzun ez dudan batek Facebook-en lagun izateko eskatzen banau, nik, “ezikusiarena egiten” dut. Mundu fisikoan hori egitea nahiko gogorra izan daiteke, baina mundu fisikoan ez da bat ere bortitza. Lagun bezala gehitu nahi zaituenak agian ez du gogoratzen “lagun bezala gehitu” aukeratu zuenik ere. Azken finean, gutako asko dabil lagun hitzaren zentzu berri hori zehaztu nahian.

    Beste desberdintasun bat, lagun izateko biok ados egon behar zaretela da. Mundu fisikoan ez dago horren erregistrorik eta horregatik askotan ez gara konturatzen guk ezagun bezala hartzen dugunak gu lagun bezala hartzen gaituela. Edo alderantziz 😀

  • Horrexegatik beragatik ezabatu dut neure facebook atari birtuala, Hasier. Aitortuko dizut, lasaiago bizi naiz ordutik.

  • Nik, unfaceebookek bezala, nere perfila ezabatu nuen. Eta lasaiago ez, mila bider lasaiago bizi naiz une hartatik. 15 bat email gutxiago jasotzen ditut egunero, eta nerekin hitzegin nahi duenak, hor dauka nire emaila edo telefono zenbakia.

    Gainera, facebooken sartzen duzun guztia facebooki “oparitzen” diozu. Zure datu guztiak berarentzako… eta auskalo nori salduko dizkion…