Alostorreko Usoa, Santxa Otxoa eta eresietako beste emakumeak
Alostorreko Usoa, Santxa Otxoa eta eresietako beste emakumeak –
Gure historiaren zurrunbiloetatik barna gizon izen anitz iritsi bazaizkigu ere, tarteka hainbat emakumeren izenak agertu izan zaizkigu. Horietako batzuk dira XV. eta XVI. mendeetan, norbait hiltzen zelarik, emazteak, alabak, ahizpak edo beste emakumezko batek egiten eta gorpuaren aitzinean kantatzen zituen eresiak edo bertsoak. Gerra garaiak ziren, oinaztarren eta ganboarren arteko liskar garaiak, eta askotan hildakoak horietako kalapitetan hil egin zituzten. Hainbat adituren ustez, emakume eresi kantari horiek gaurko bertsolarien aitzinekoak izan zitezkeen. Gure gaurko egunetaraino lauzpabost dira iritsi zaizkigunak, eta denak nobleziarekin loturikoak.
Eresi horiek hildakoaren oroimenez egindako bertsoak ziren eta hildakoaren bizitza kontatzeko egiten bazituzten ere, tarteka elizari edota botere publikoei kritikak egiteko baliatzen zituzten. Horregatik, leku askotan debekatu egin zituzten. Adibidez, 1452an, Bizkaiko Foru Zaharrean, emakumeei hildakoen gaubeiletan horrelakoak abestea galarazi zitzaizkien. Dena den, eresi egile eta kantari horietako batzuen izenak ezagutzen ditugu: Butroeko Gomez Gonzalezen alaba, Ozaetako Santxa, Lasturko Miliaren ahizpa, Peru Gartziaren arreba eta Alostorreko Usoa. Emakume hauek guztiak familia aberatsetakoak ziren.
2005ean, Jakin aldizkariaren 148. zenbakian, Amalia Alvarez Uriak biziki artikulu interesgarria idatzi zuen euskal literaturan agertu izan zaizkigun emakumeei buruz, -“Euskal emakume idazleak literaturaren historian”- eta hortxe errebindikatzen ditu eresi egile eta kantari izan ziren emakume haien izenak, gure ahozko literaturan aitzindariak baitira. Ikus ditzagun horietako batzuk:
1.- Lasturko Miliaren ahizpa eta Peru Gartziaren arreba
Oroko Peru Gartzia Lasturko Milia emaztearekin Arrasaten bizi ziren. Peru Gartzia hiltzen delarik, hilbeilan, haren arrebak eta Milia emazte zenduaren ahizpak, zenbait bertso kantatu zizkioten elkarri. Iduriz, azken horrek Miliaren gorpua Lasturrera eraman nahi zuen. XV. mendekoak dira. Lehen bi kobletan honela diote: 1.- Zer ete da andra erdiaen zauria?/ Sagar errea, eta ardao gorria./ Alabaia, kontrario da Milia:/ Azpian lur hotza gainean harria.// 2.- Lasturrera behar dozu, Milia./ Aita jaunak eresten dau elia,/ Ama andreak apainketan hobia./ Hara behar dozu, Milia.
2.- Butroeko Gomez Gonzalezen alaba
Familia oinaztar bateko alaba zen eta Gatikako dorretxe batean bizi zen bere familiarekin. Aitak Olaso dorreko ganboarren semearekin ezkondu nahi zuen. Ganboarren eta oinaztarren ezinikusien ondorioz, ganboarrek Butroeko Jauna hil zuten, hala eta guztiz ere, haren alaba eta Olasoko gaztea ezkondu ziren. Aitaren hilbeilan alabak honela kantatu zuen:Dardoak egin arren / bere aldia Olaso izango da / neure alkia.
3.- Santxa Otxoa Ozaetakoa
Santxa Barrundiako Maturana herrikoa zen, Mendixurreko gazteluko alaba eta Martin Bañez Artazubiagakoarekin ezkondua zegoen. Senar-emazteak Arrasaten bizi ziren eta ganboarrak ziren. 1464. urtean, Martin Bañez Arrasatetik Garagartzara zihoala, Ibarretako burdinolaren parean, Butroe familiako oinaztar batzuek hil zuten. Gorpua Arrasatera eraman zuten eta hilbeilan Santxa Otxoak honela kantatu zuen: Oñetako lur au jabilt ikara/ lau aragiok berean bezala;/ Marti Bañez Ibarretan il dala./ Artuko dot esku batez gezia,/ bestean suziri irazekia: erreko dot Aramaio guztia.
4.- Alostorreko Usoa
Usoa Deban dagoen Alostorreko alaba zen eta Beltran aitaren hilbeilan honela kantatu zuen: Aita jauna neria / Gaztelan zanian / Ixil askorik jaio zan / Alostorrian semia. / Eta ala ere ixilagorik / dago bakian azitzen / Zarautz aldian / gure jatorriaren loitukerian. / Ai, au mindura beltza / ai, nere lotsa; / Alabak negarra eta / aitak lur hotza!
Hauek dira, beraz, Euskal literaturan azaltzen zaizkigun lehen emakumeak, baina ez bakarrak. Dena den, XVI. mendera arte itxoin beharko dugu, ordukoak baitira Debako Estibalitz Sasiolakoak idatzitako olerkiak. Olerki hauek Joan Perez Lazarragaren esku-izkribuaren barruan azaldu ziren. Hiru olerki dira eta horietako batean honela dio: Mendi altuan erurra daidi / aran baxuan eguzki / mendiaran guztiak baino / ene koitaok nagusi / ikaz lazten ninduan dontzella batek / aurten nai ez ekusi / laster kanbiatu ninduan / deseo ebenagaiti.
Zoritxarrez, ez dugu euskal emakumeek idatzitako testu gehiagorik aurkitu eta beste emakume idazle bat topatzeko, XVI. mendetik XIX. mendera arte itxoin beharko dugu, hain zuzen, Bizenta Mogel azkoitiarrak Ipui onak izeneko liburua plazaratu zuen arte.
Ohartxo bat. Dioanean: “Oñetako lur au jabilt ikara/ lau aragiok berean BEZALA”, jatorrizkoa BERALA dek (=HALABER > BER + HALA > BERALA), azkenean BEZALAren zentzu berekoa…
Mila esker hire zehaztasunagatik Bittor. Pasa igande on.