Abian da 46. Euskal Zine Bilera

Abian da 46 Euskal Zine Bilera! –

Lekeitioko zine jaialdiak bere ondarea jarriko du balioan, jaialdiaren sortzaileak zirenei keinu bat eginez.

46. edizioa urriaren 19tik 22ra ospatuko da, “Jarraitu zinearen lorratza” lemapean.

Lau eguneko luzera izango duen jaialdiak euskal zinemagintzaren alor desberdinak landuko ditu proiekzio, solasaldi eta tailerren bidez.

46. edizioa izango da aurtengoa

Pausoz pauso bidea egin du Euskal Zine Bilerak, hasierako nortasuna galdu gabe. Zinearen lorratzak ekarri gaitu honaino eta eskerrak eman behar dizkiegu norabidea bideratu eta ibilbidea erraztu duten guztiei.

Euskal – Zine – Bilera

Jaialdiaren izena hiru hitzek konposatzen dute. Lehenengoak gure kultura eta hizkuntzari egiten dio erreferentzia, euskarari eta euskal kulturari hain zuzen. Euskaraz sustatu eta indartzea bilatzen duen jaialdia da gurea, euskarazko zine jaialdi zaharrena alegia. Bigarren hitzak zinea aipatzen du, zinemaren zaletasuna piztu eta gure ama hizkuntzarekin bat egitea. Azkenik, “bilera” hitza aipatzen da, eta hori da hain zuzen, Lekeitioko ekimen honen oinarria, euskarazko zinema zaleak eta sektoreak bat egiten duten gune bat proposatzea. Hiru hitzek ondo baino hobeto deskribatzen dute gure Lekeitioko jaialdia, euskarazko zinemagintzaren erakusleihoa bilakatuz.

.

Urriaren 19tik 22ra

Aurten ere Ikusgarri zine aretoak bere ateak irekiko dizkio Lekeitioko Euskal Zine Bilerari, zehazki urriaren 19tik 22ra bitartean. Jaialdiak 4 eguneko iraupena izango du, eta egun horietan zehar euskal ikus-entzunezkoen proiekzioak, aktore eta zuzendariekin solasaldiak, tailerrak eta sorpresaren bat ere izango dugu. Ezin dugu ahaztu gurea euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena dela. Orain dela 46 urte, Lekeitioko lagun talde batek zinema jaialdi amateur hura martxan jarri zuenetik, lau hamarkadatik gora daramatza euskarazko ikus entzunezkoentzako topaleku izaten.

Sail Ofizialeko Lehiaketa
Proiekzioak: Urriak 19 (19:00), urriak 20 (19:00) eta urriak 21 (12:00)
Sari banaketa: Urriak 21, 19:30etik aurrera, Ikusgarri zine aretoan.
Ana Goitia eta Jon Garatek aurkeztuta.

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen Sail Ofizialeko Lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Guztira 19 film izan dira lehiaketarako aukeratuak izan direnak.

Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Azkenik, 2001. urtetik aurrera jaiotako zinegile onenari ere saria emango zaio.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:
·         Film onenaren saria – 3.000 €
·         Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
·         Gidoi onenaren saria – 1.600 €
·         Ikusleen saria – 750 €
·         Gazte 22 saria (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 750€

Irabazleak aukeratzearen arduradunak Alaitz Arenzana (Zinegoak festibaleko zuzendari artistikoa), Ramon Agirre (Ibilbide luzeko euskal aktorea) eta Nerea Alberdi (Konpositorea, orkestratzailea eta moldatzailea) izango dira, zalantzarik gabe, esperientzia handiko epaimahai anitza izango dugu. Sari banaketako sarrerak dohainik izango dira eta eskuragarri egongo dira urriaren 21ean, 18:30etik aurrera. 

>KLIXKA Esperimentazio Espazioa
Urriak 21, 12:00 – 14:00 eta 17:00 – 19:00, kultur etxeko Eskolape aretoan.

Euskal Zine Bilerako ZOOM atalaren barnean eta Lekeitioko biztanleei zuzendutako programa pedagogiko bat sortzeko asmoz, Arropaineko Arraguaren Klixka programa abian jarri da aurten. Klixka, ikus-entzunezko artxibo baten produkzioaren esparrutik bideratzen da, sorkuntza garaikideko praktiketatik, analogikotik digitalera mugituz, eta alderantziz, ikus-entzunezko praktika eta esperientzia zabaldu eta elikatzeko helburuarekin. Aurten, Azkue Ikastolako DBH3ko ikasleek eta Iturriotz Institutuko Batxiler 2ko ikasleek parte-hartu dute eta artista gonbidatuak Zaloa Ipina, Inaki Rifaterra eta Jorge Moneo izan dira. Programa pedagogikoan garatu diren ikus-entzunezko artxiboak erabiliz Klixka esperimentazio gunea diseinatu dugu, tailerretan garatutako esperientziak biltzen dituen ekimena, non tailerretako parte-hartzaileek zein herritar guztiek esperimentatu eta jolastu ahal izango duten

>Zinegilea Ezagutu: Esti Urresola
Urriak 22, 18:30, Ikusgarri zine aretoan

Euskal Zine Bilerak Estibaliz Urresola Solaguren zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlearekin solasaldia izango dugu “Zinegilea ezagutu” atalean. Hainbat lan egin ditu zinemaren eta telebistaren alorrean, eta urte honetan bertan “20.000 especies de abejas” filma zuzendu du. Filmaren arrakastaren parte izan da Sofia Otero haurrak, 9 urterekin, aktorerik onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu izana Berlinale jaialdian. Horretaz gain, Oscar sarietan lehiatzeko aurreaukeratua izan da pelikula. Zinegile moduan lan egiteko duen moduaz, filmeez, eta esku artean dituen proiektuez hitz egiteko tartea izango da. Solasaldia gidatzen arituko dira Gentzane Agirre kameralaria eta Raul Barreras, “20.000 especies de abejas” filmearen muntatzailea.

>19. Kameratoia
Sari banaketa urriak 22, 16:30, Ikusgarri zine aretoan.
Egindako lanen emaitzak proiektatuko dira, Ugaitz Alegriak gidatutako ekitaldian.

Euskarazko ikus entzunezkoen rally-a Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den ekimena da. 18 eta 26 urte bitarteko zinegile gazteek 36 ordu besterik ez dituzte izango film bat sortu eta aurkezteko. Edizio honetan, arrakasta handia lortzen ari den Estibaliz Urresola zuzendaria (20.000 especies de abejas) eta iazko Euskal Zine Bilerako zuzendari onenaren saria irabazi zuen Aitzol Saratxaga zuzendaria (Lanbroa) izango dira epaileak. Honetaz gain, partaideek soinu masterclass-a izango dute Asier Renteria soinu ekoizlearen eskutik. Izen-ematea urriaren 18ra arte egongo da zabalik.

.

Informazio gehiago www.zinebilera.eus orrialdean. 

Abian da 46 Euskal Zine Bilera

Euskal Zine Bilera euskara hutsez egiten den ikus entzunezko jaialdi zaharrena da Euskal Herrian. Euskarazko zinema SORTUz, Euskararen zinema PARTEKATUz, Euskal Zinemagintza SARETUz...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude