Martxoak 9, hausnarketarako eguna

Martxoak 9, hausnarketarako eguna

Martxoak 9, hausnarketarako egunaAtzo mundua erditik zatitu zen, eta unibertsoari oihu egin zion Emakumearen Eguna zela. Munduko biztanle ugarik oroitu zuten berdintasuna, eta beste askok emakumeak zoriondu zituzten, ospakizun egun bat bailitzan (egun hau ospatzea gustatuko balitzaigu bezala). Lore sorta ugari saldu ziren lore-dendetan, bonboiak supermerkatuetan, eta irribarre behartuak kale-ertzetan. Sare sozialak berdintasunaren ikurrez bete ziren, aldarrikapen garrasiz, eskaerez…

Ni ere zoriondu ninduten; baita Facebookek ere, jende askoz gain. Alde batetik gustatzen zitzaidan, urtean behin bada ere, jendea zurekin oroitu delako. Baina bestetik, penatu egiten ninduen, izan ere, geroz eta konbentzituago nago egun hau ospatzeaz amaitzen dugunean, orduan soilik, lortuko dugula berdintasuna. Edo agian alderantziz, berdintasuna lortzen dugun egunean utziko diogula martxoaren zortzia ospatzeari.

Agian heltzen ari naizelako, edo agian geroz eta kontzienteago naizelako emakume izate hutsagatik pairatzen dugunaz. Agian geroz eta emakumeago sentitzen naizelako, edo mutilek dituzten abantailak ikusten ditudalako. Arrazoi guzti horiengatik eta gehiagorengatik, ez dut martxoaren zortzia borroka egun bat bilakatzerik nahi, borroka egunak, urteko egun guztiak baitira. Urtean behin solidaritzea ondo dago urte osoa letra matxistak dituzten abestiak entzuten igarotzen dituzten pertsonentzat. Niretzat, ordea, eta zorionez, beste pertsona askorentzat, urteko 365 egunak dira borroka-egunak.

Urteko egun guztietan eskatu behar da berdintasuna; astelehenetik igandera borrokatu behar dugu gure eskubideengatik; esna zein ametsetan, berdintasuna dugu helburu. Bai, feminista naiz, baina ez urtean behin postureoa egiteko feminista bihurtzen den horietakoa. Nik berdintasunean sinesten dut, emakume eta gizonezkoen berdintasuna behar bat delako, eskubide bat. Nik, izan ere, emakume jaio nintzelako ez dut zertan gutxiago sentitu; jendeak ez du ni zapaltzeko eskubiderik.

Emakume jaio arren, ez dut etxera gauez itzultzeko beldurra pasa beharrik (giltzak etxera iritsi baino orduerdi lehenago eskuetan ditudalarik). Ez dut festara irteten naizen bakoitzean komentario matxistarik entzun beharrik (mozkortzeko beldurra dudalarik, inork zerbait egiteko aprobetxatuko duelakoan). Ez dut bakarrik bidaiatzen dudanean izututa bizi beharrik (edonora joan, eta inoiz itzuli gabe geratuko ote naizen beldurrez). Emakumea naiz, emakume askea, eta nire gorputza nire territorioa da; inork ere ukitu ezin duena nire baimenik gabe.

Martxoak 9, hausnarketarako eguna

berdintasuna, Emakumeen Eguna, hausnarketa, Martxoak 9
Maddi Etxeberria

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!

Zer duzu buruan “Martxoak 9, hausnarketarako eguna”-ri buruz

  • “Ni ere zoriondu ninduten; baita Facebookek ere, jende askoz gain. Alde batetik gustatzen zitzaidan, urtean behin bada ere, jendea zurekin oroitu delako”

    Nor da”zu” esaldi honetan? Emakumeak orokorrean? berdintasun eza pairatzen duten emakumeak, munduan zehar? ala zu zeu, pertsonalki?
    Seguraski bigarren taldean barne ikusten duzu zeure burua, urtean zehar baztertuta eta zanpatuta dirauten emakumeen artean. Horregatik duzu atsegin, egun batez bada ere, jendea zurekin oroitzea.
    Lotsagarria iruditzen zait euskal herriko feministen etsairik gabeko gerra negartia munduan zehar baztertuta dauden emakumeen aldarrikapenekin parekatzea. Eskubide guztiak dauzkazue, aukera guztiak zabalik. Ez dago zuen aurkako sare patriarkal maltzurrik, ezta emakumeei eraso egiten dietenentzat inpunitaterik. Tratu txarrak, erailketak eta bortxaketak delituak dira, eta amorru biziz erantzuten du gizarteak gertatzen direnean.

    “Agian heltzen ari naizelako, edo agian geroz eta kontzienteago naizelako emakume izate hutsagatik pairatzen dugunaz”

    Kontaiguzu, ba, zer pairatzen duzuen emakumeek euskal herrian emakume izanagatik.
    “Emakume jaio arren, ez dut etxera gauez itzultzeko beldurra pasa beharrik (giltzak etxera iritsi baino orduerdi lehenago eskuetan ditudalarik). Ez dut festara irteten naizen bakoitzean komentario matxistarik entzun beharrik (mozkortzeko beldurra dudalarik, inork zerbait egiteko aprobetxatuko duelakoan). Ez dut bakarrik bidaiatzen dudanean izututa bizi beharrik (edonora joan, eta inoiz itzuli gabe geratuko ote naizen beldurrez). Emakumea naiz, emakume askea, eta nire gorputza nire territorioa da; inork ere ukitu ezin duena nire baimenik gabe.”

    Ene bada! nondik ateratzen duzu etxetik irteteko kemena?
    Esajeratuta badago ere, diozuna zuzena da. Egia da emakumeek arrisku handiagoa dutela festa inguruan, eta lagunik gabe bidaiatzean. Amorratzekoa da, dudarik gabe. Zergatia aurkitu nahian sartzen duzu hanka, ordea.
    Gizonak andreak baino indartsuagoak dira. Baita erasokorragoak ere, eta gehiago arriskatzeko joera dute.Hiru faktore horiek batuta, zentzuzkoa da emakumeei adi egotea aholkatzea. Ez erasotzaileak babesten ditugulako, ezta biktimak errudun bihurtu nahi ditugulako ere. Gizonezkoek ez dugu inon ikasten emakumeak menpeko direla, edo haien bizitza etxea garbitzen eta umeak zaintzen eman behar dutela. Emakumeak aske zarete, gizonak eta umeak aske diren bezala. Askatasunak ez du zerikusirik bortxatzaile, hiltzaile eta pederasten ekintzekin.

    Berdintasun osoaren aldeko mezuak etengabe jaso genituenok osatzen omen dugu patriarkatua. Txikitatik, andereñoak parekotasuna sustatzen (edo imposatzen) zuen klasean. Neskatoei edozertarako gai zirela esan zieten, behin eta berriz. Ezaugarri maskulinoak gutxietsi zituzten.Gizonen indarra, erasokortasuna eta lehiakortasuna oker edo garrantzi gabekoak zirela ulertu genuen.
    Ondorioa? Neska gutxik aukeratu zuten ingeniaritza bat ikastea, askok biologia edo medikuntza. Mutilek, orokorrean, gehiago arriskatu zuten, lanari lehentasuna heman zioten. Orokorrean, neskek segurtasunari eta familiari garrantzi handiagoa eman zioten. Feministek hau ikusi eta azkar identifikatzen duzue arazoa. Berdintasun eza: beraz, patriarkatua!. Q.E.D.

    Berdintasuna ezinezkoa da, axioma faltsuan oinarritzen baita. Sexuaren arabera erabaki desberdinak hartzeko joera dugu. Aukeratzeko askatasuna bermatu beharra dago, eta hori da feminismoaren lana. Beraz, ekintzaile feministek lan handia duzue munduan zehar hainbat herrialdetan, baina ez Euskal Herrian. Zoazte, mesedez, behar zaituzten nonbaitera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude