Artelanekiko interpretazio anitzak

Artelanekiko interpretazio anitzak

Zalantza existentzial latzak izaten ditut artelan hutsalaz eta artelan kultuaz hausnarrean hasten naizenero. Artelan errazaren eta artelan sakonaren arteko talkaz, alegia. Artelan erraza hutsala da, soila, edukirik ez duena, mezurik gabea; gizartean masa deritzonak kontsumitu ohi duena. Sakona, aldiz, kultua da, beti du mezu indartsuren bat, apurtzailea da eta edukiz jantzia dago. Hatzamarrez hautatutako batzuk baino ez dira iristen kultuzko obra ulertzera. Bidenabar, ez da horren masiboki kontsumitzen.

Artelanekiko interpretazio anitzakEzbai itogarriak izaten ditut, beraz, gai honen inguruan gogoetari ekiten diodan bakoitzean. Gainera, jarrera neurotikoz kutsaturik egon ohi dira ondoezok. Woody Allenek izango lituzkeen atake neurotikoen parekoak kasik. Zinemagile Estatu Batuarraren tankeran pasilloetan aurrera eta atzera ibiliz, urduri zeharo, zera galdetuz; zeri deritzogu kultua? Eta, zeri hutsala?

Horrez gain, eta aurreiritziek oztopatutako burutazioetan katramilatu aitzin, buruari hazkaka hasteko gogoa ere pizten zait artelan kultua gehiegi goresten ote dugun susmoaren pean. Bai, izkina batean pausatu eta itaunketarik zorrotzenak nola, kultua den oro goratzeko zio behinenak zeintzuk diren galdetzen diot nere buruari ernegatu samarrik. Zerk bultzatua ote da jokabide hori! Beti iristen naiz helmuga berera: Postureoa! Postureoak jokabide askoren klabeak ematen dizkigu.

Egiazki, maizegi nahasten da kultuzkoa definitzen dugun artelana ulertzeko ezinezkoa den zerbaitekin. Hots, artelan bat zenbat eta ulertzeko gaitzagoa orduan eta kultuagoa izan ohi da. Eskua okotzaren menpe jarri eta buruarekin baiezkoa eginez, hau oso ona da esanda ezin izaten diogu jakitun plantak egiteari eutsi. Ekidin ezin dugun jokamoldea da, bai, hala da! Denok egin dugu noizbait imintzio bertsua besteen aurrean ezjakin moduan ez geratzeko.

Halaber, erremedio eskasa da buruari larregi eragitearena! Mikel Elorzak lehengoan Berrian zioen gisan bizitza sakonegi hartzeak ultzerak eta antsietateak ernetzen ditu. Kultuak eta edukiz josita dauden obra guztiak kontsumitzeko ahalegina egitea alferrikako lanak hartzea litzateke. Izan ere, beharrezkoa zaigu zenbaitetan artelan hutsalei men egitea. Oreka bilatze aldera, behintzat; ez dagoelako artelan kulturik sorkuntza hutsalik gabe, eta alderantziz.

Anartean, denborak esango digu zein obra izan zaigun hutsala eta zein edukiz josia, Berri Txarrak-ek dioen bezala denbora delako poligrafo bakarra. Oroimenean gordetako emozioek bereiztuko digute zein artelan diren sakonak eta zein hutsalak. Zein artelanek utzi diguten arrastoa eta zeinek ez.

Artelanekiko interpretazio anitzak